Arrazakeria AEBetan

Floyd ito zuen poliziaren kontrako karguak larriagotu dituzte

Floyden hilketaren aurkako protesta, atzo, New Yorken. ALBA VIGARAY / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 4a
11:16
Entzun

Belauna bederatzi minutuz lepoan jarrita George Floyd afro-amerikarra hil zuen poliziari bigarren mailako hilketa leporatu dio orain Keith Ellison Minnesotako Fiskal nagusiak. Orain arte, nahi gabeko hilketa baino ez zioten egozten Derek Chauvin agenteari. Kargu berriak 40 urteko kartzelaldia ekar dezake.

Horrez gain, hilketan laguntzea egotzi diete Floyden atxiloketan parte hartu zuten beste hiru poliziei: Tou Thao, J. Alexander Kueng eta Thomas Lane. Horren zigorra hamar urterainokoa izan daiteke.

AEBetan 1992tik izandako arrazakeriaren aurkako protestarik eta istilurik larrienak eragin ditu Floyden hilketak.

Edonola ere, biktimaren familia ez dago pozik karguekin. Floydtarren abokatu Benjamin Crumpek esan duenez, kargu gogorragoak eskatu dituzte. Zehazki, Chauvini lehen graduko hilketa egoztea nahi lukete. Halere, pozik daude hilketan parte hartu zuten polizia guztiak atxilotu dituztelako.

Floydek COVID-19a pasatu zuen

Autopsia egin diote Floydi, eta baieztatu dute atxiloketaren bortizkeriaren ondorioz hil zela. Edonola ere, beste datu interesgarriak jaso dituzte sendagileen txostenean. Apirilaren 3an, COVID-19aren proba egin zioten Floydi, eta positibo eman zuen. Edonola ere, zehaztu dute atxilotu zutenerako gaitza gaindituta zuela, ez zuela sintomarik, eta horrek ez zuela zerikusirik izan haren heriotzan.

Auzi medikuaren txostenean aipatzen dute Floyden gorpuak «indar gogorrak eragindako zauriak» zituela bekokian, aurpegian, ezpainean, sorbaldetan, eskuetan, ukondoetan eta hanketan. Floydek bihotzeko gaitz bat zuela aurkitu dute, eta tumore bat zeukala aldakan. Edonola ere, txostenak argi esaten du gizona «etengabeko presioaren eraginez itota» hil zela. «Lepoa eta bizkarra zapaldu zizkioten, eta horrek eragin zuen odola ez heltzea garunera», esan du sendiaren abokatuak.

Gaur egingo diote hileta Floydi, Minneapolisen, eta datorren asteartean lurperatuko dute, Houstonen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.