Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bisitaren bezperan, Kaledonia Berriko koalizio independentista nagusiak, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak, ohartarazpen bat egin du: asteotan uhartedian duten «krisiaren irtenbideak politikoa» izan behar du. Eta horrek esan nahi du, FLNKSren ustetan, Macronek «iragarpen garrantzitsu bat» egin behar duela bere egonaldiak iraun bitartean.
Frantziako estatuburua gaur da Kaledonia Berrira iristekoa, eta espero da egunotan jakinaraztea zer egingo duen, norekin bilduko den eta zenbat iraungo duen bidaiak. Uhartediko koalizio independentista nagusiarentzat, baliteke Macronen bisita «lehen erantzuna» izatea, eta, horregatik, begi onez ikusi du bidaia; hori bai, gaur kaleraturiko komunikatu batean bitartez aditzera eman du ez duela zertan asko espero. Batez ere, ez badute bide bat egiten «[Matignongo eta Noumeako] akordioetako hiru solaskide politikoen [independentisten, loialisten eta Frantziako Estatuaren] arteko elkarrizketa lasaia» berreskuratzeko.
Comunicat de premsa del @FlnksOfficielpic.twitter.com/HUQ7hRCkfr
— Suport Internacional Kanaky (@KanakySuport) May 22, 2024
FLNKSk martxoan egin zuen 42. kongresua, eta horretan adostu zuen zera eskatzea: hautesle errolda handitzeari buruzko lege proiektuaren azterketa gelditzeko, eta «politikoki neutroa den bitartekaritza misio bat» eratzeko. Frantziako Asanbleak eta Senatuak jada eman diote oniritzia testu horri, eta Frantziako Kongresuko bozketa besterik ez da falta onarrarazteko —aldaketa konstituzioaren erreforma bat delako—. Macronek iragarri zuen azken bozketa hori atzeratu egin duela —beranduenez datorren ekain amaieran egin nahi du—, negoziazioei aukera bat emateko; edonola ere, ez du esan bertan behera utzi duenik, ezta testua erretiratuko dutenik ere.
Eta bitartekaritzari dagokionez, Frantziako eta Kaledonia Berriko hedabideetan aipatu dute badela talde hori osatzeko aukerarik, baina, praktikan, Parisek ez du ezer baieztatu ez ezeztatu. Independentistez gain, CE Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistak ere deitu du lantalde hori osatzera; muturrerago dauden indar loialistak, aldiz, hori egitearen kontra agertu dira.
Jarrerak jarrera, uhartediko koalizio independentista nagusiak argudiatu du, oro har, «negoziaturiko akordio politiko global bat» adostea duela helburu, Kaledonia Berriaren deskolonizazio prozesua amaitzeko eta independentzia lortzeko «azken etapa programatzeko». Eta, horretarako, betiere FLNKSren eta hura osatzen duten alderdien ustetan —UC Kaledoniar Batasuna, Palika Kanak Askapenerako Alderdia, UPM Melanesiako Batasun Progresista eta RDO Ozeaniako Batasun Demokratikoa—, Frantziako presidenteak iragarpenak egin behar ditu egunotan, elkarrizketei «beste bultzada bat» emateko.
Ez dute «gehiegikeriarik onartuko»
Kaleko liskarren harira, koalizio independentistak berriz ere lasaitasunerako deia egin die «mobilizatuta daudenei», hori delakoan lehentasuna, eta «kaledoniar orok», besteak beste, «modu askean zirkulatzeko» aukera izan dezan. Hori bai, Frantziako Gobernuak harturiko neurriak ikusita —larrialdi egoera dago indarrean, astelehenera arte—, FLNKSk Parisi esan dio ez dutela «gehiegikeriarik onartuko».
Are, aliantzak Frantziako Gobernua «ohartarazi» du jendarmeak, poliziak eta armadako soldaduak ezin direla aritu «esparru legaletik kanpo», eta, horregatik, ongietorria eman dio Frantziako Senatuak osaturiko lantaldeari, zeinak helburu duen Parisen ekintzen eta erabakien jarraipena egitea, eta horiek kontrolatzea.
Horrekin lotuta, FLNKSk azaldu du «kasu emango» duela «dena indarrean jar dadin argitzeko gazte kanaken [jatorrizko herritarren] hilketen baldintzak zeintzuk izan diren». Hori aurretiko baldintza bat izango da «bake zibila berriz ezartzeko». Egunotan gutxienez sei lagun hil dituzte liskarretan; tartean, zibilak eta segurtasun agenteak.