Tsunami Demokratikoko dozena bat lagunen aurkako auziko fiskal Miguel Angel Carballok kritikatu egin du instrukzioa egiten ari den Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuaren jarduna, Manuel Garcia Castellonenena. Idazki batean egotzi dio «kontraesanezko erabakiak» hartzea, diligentzia gabezia eta instrukzioko autoetako argumentuek sendotasunik ez izatea, besteak beste. Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren ondorengo protesten harira —2019ko udazkenean— «terrorismoa» leporatuta, auzi horretan ikerketapean daude, gainera, CDR errepublikaren defentsarako batzordeetako beste dozena bat inguru lagun, eta Marta Rovira ERC Esquerra Republicanaren idazkari nagusia eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi (2016-2017) eta JxC Junts Per Catalunyaren liderra, mugimendu horien sustatzaile gisa.
Garcia Castellonek instrukzioa beste sei hilabetez luzatzea erabaki zuen aurreko astelehenean —hurrengo egunean amnistiaren lege proposamenaren aurka bozkatu zuen JxCk, Espainiako Kongresuan— eta fiskalak bi egun geroago bidali zion idazkia. Kataluniako eta Espainiako zenbait hedabidek haren berri izan dute, eta Carballok aurpegiratzen dio epaileari, esaterako, ebazpen batzuetan CDRak eta Tsunami Demokratikoa «nahastu» izana, nahiz eta «entitate guztiz diferenteak» izan.
Ikusi gehiago
Ez da fiskalak epailearen jokabidearen aurka egiten duen lehen aldia. Iazko azaroaren 6an, amnistia legea Espainiako Kongresuan erregistratzear zeudenean, Garcia Castellonek jakinarazi zuen «terrorismoa» egozten ziola Puigdemonti. Horren harira, hain justu, fiskalak nabarmendu du «oso esanguratsua» dela akusazio hori. «[...] Guardia Zibilak ere ez dizkio egozten ikerketa iturri diren gertakariak». Bide batez, berriro plazaratu du auzia Auzitegi Gorenaren esku uztearen kontra dagoela, Garcia Castellon ez bezala, eta nabarmendu «argudio gabezia deigarria» dela ikertuei «kutsu terroristako» ekintzak egozteko orduan.
Hain zuzen, auzi horretako epailearenaren moduko jarrerengatik nahi du JxCk amnistia legea are gehiago blindatzea. Hori argudiatu du testuan zuzenketa gehiago egiteko. Eta asteartean Kongresuan gertatutakoak balio izan du Kataluniako bi indar independentista nagusien, hau da, JxCren eta ERC Esquerra Republicanaren arteko lehia betierekoaren sua are gehiago bizitzeko. Generalitateko Estrategia eta Komunikazio kontseilariorde Sergi Sabriak —ERCkoa da— txarretsi egin du JxCren jarrera. Izan ere, legea ez onartzeko, Puigdemont buru duen alderdiak argudiatu zuen testuak «hutsuneak» dituela eta, hala, «ezerezean» utz dezakeela «Espainiako justizia prebarikatzaileak». Sabriak TVEeko Cafè d'idees saioan esan duenez , «xaloa» da pentsatzea ez dela egongo epailerik legean «zuloak» egiteko gogoz. Gogorarazi du, bide batez, PSOEk Kongresuan erregistratu zuenean JxCk esan zuela legea «perfektua» zela. «Zaila da jarrera aldaketa hau ulertzea», gaineratu du Sabriak.
Tramitazioa eteteko eskaera
PPek Kongresuko presidente Francina Armengoli eskatu dio eten dezala amnistia legearen tramitazioa eta ez dezala berriro justizia batzordera itzularazi, argudiatuta legea gehiengo osoz baztertu zela aurreko asteartean. Hori jakinarazi du PPren behe ganberako bozeramaile Miguel Telladok, Antena3 telebista katean egin dioten elkarrizketa batean.
Baina, Espainiako komunikabide batzuek Kongresuko presidentetzaren inguruko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, PPren eskaerak ez dauka «inongo oinarririk», eta iruditzen zaie araudia era «guztiz harrigarrian» interpretatu dutela.