Katalunia. Euroaginduak. Jaume Alonso-Cuevillas. Carles Puigdemonten abokatua

«Fiskal berriak aukera bikaina du akusazioak baztertzeko»

Iruditzen zaio Llarenak «kolpe gogor bat ez hartzeko» kendu dituela euroaginduak. Baikor dago, eta uste du erabakiak «asko» aldatzen duela egoera. «Onerako izango da alde guztietatik».

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
«Oso pozik» zegoen atzo Jaume Alonso-Cuevillas (Bartzelona, 1961), Carles Puigdemonten abokatua, Pablo Llarena epaileak hartutako erabakia jakin berritan. «Oso albiste ona» dela deritzo, eta egoera berriak gauza asko alda ditzakeela. Aste honetan gerta zitezkeenak aurreratu zituen igandean telefonoz, eta atzo umore tonu biziagoz amaitu zuen elkarrizketa, esanez bezerorik gabe geratu dela, «opor ederrak» dituela aurretik. Puigdemonten etorkizuna Bruselan ikusten du, Waterloon duen egoitzan, eta, inork zalantzarik badu, abokatuak jakinarazi du ez duela entregatuko diputatu akta.

Zer dela-eta hartu du Llarenak euroagindua kentzeko erabakia, zure ustez?

Kolpe gogor bat ez hartzeko. Dirua bidegabeki erabiltzeagatik euroaginduari eutsiz gero, azkenean Llarenak aurre egin beharko zion Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ukatzeko arriskuari, eta, Eskozian Clara Ponsatiren estradizio eskaera ukatu egingo zutelako zurrumurrua ere hor zegoen. Oso gogorra litzateke Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ez onartzea Puigdemont matxinada delituagatik inputatzea. Alemaniako justiziak agerian utzi du buruzagi independentisten kontrako auziak bermea falta duela.

Orain zer? Zer eragin dauka horrek guztiak epaiketan eta epaile espainiarren eskuetan daudenengan?

Asko aldatu da kontua, eta onerako izango da alde guztietatik. Badirudi uda ezin hobea geratu zaigula. Hasteko, Alemaniako justiziak ez ditu sinistu Llarenaren akusazioak; zilegitasuna galtzeko arriskua dute. Garai delikatuan daude Espainiako auzitegian. Batetik, estatuko fiskal nagusia aldatu egin da gobernua aldatu denean. Orain, fiskal nagusi berriak aukera bikaina du akusazio horiek bazterrean uzteko. Akusazioak bideratu egin beharko lituzke. Espainiako justiziak ezin du berdin jarraitu, eta presoek erabaki hori erabil dezakete askatasuna eskatzeko froga gisa. Pieza asko mugituko dira hurrengo egunetan, eta zenbait gertaera esanguratsu etor daitezke.

Egoera berri honetan, ikusten al duzu aukerarik fiskaltzak iritzia aldatzeko?

Arrazoiak bai, egon daitezkeela iruditzen zait. Alemaniako epaileen ebazpenaren sendotasuna arrazoi handi bat da. Gogora dezagun Alemania zigor zuzenbideari buruzko erreferentzietako bat dela. Eta Schleswig-Holsteingo auzitegiaren epaia erabat sendoa da. Bestalde, zantzu guztiek adierazten dute fiskal nagusi berriak ez diola jarraitzen bere aurrekoaren ildo berari.

Badaude aukerak, beraz...

Bai, bai, badaude.

Beraz, noiz erabaki lezake fiskaltzak jarrera aldatzea eta delituak kentzea?

Instrukzioa bukatua dago, eta orain tarteko fasea dator. Horrek hilabete pare bat iraun dezake. Eta horren ondoren emango diote epea fiskaltzari akusazio idatzia egiteko. Orduan hartu beharko du fiskaltzak jarrera bat.

Nola egotz dakioke buruari diru publikoa gaizki erabiltzea eta haren mendekoei matxinada?

Bai, kontraesana da. Gogora dezagun aurreko estatuko fiskal nagusiak urri bukaeran kereila bat jarri zuela, desobedientziagatik eta dirua bidegabeki erabiltzeagatik, eta deklarazioak egiten ibili zela: «Osoko bilkura horretan independentzia deklaratzen baduzue, urriaren 27rako deitua dagoen horretan, berehala egingo dugu kereila bat matxinadagatik». Horixe gertatu zen, eta horrek esan nahi du urriaren 27 arte ez zela matxinadarik izan garai hartako fiskal nagusiarentzat. Kereila gero jarri zuelako. Horrek esan nahi du matxinada egon delako delituaren ekintza independentzia deklarazioa izan zela, modu baketsu batean egin zena. Espainiako legeen ikuspuntutik, legez kanpokoa izango litzateke, baina ez da, inondik ere, matxinada delitu bat.

Orain, gobernu berriarekin, fiskal nagusi berriak aldrebeskeria hori guztia bukatzeko aukera dauka. Matxinadaren kasuan oso argia da. Diru publikoa bidegabeki erabiltzeari dagokionez, gogoratu behar dugu aurreko Ogasun ministroak eta Rajoy presidente zenak esan zutela ez zela diru publikorik erabili erreferenduma egiteko. Gogora dezagun Espainiako Gobernuak zainduta zeuzkala Generalitateko kontuak erreferenduma baino zenbait hilabete lehenago. Logikoa litzateke orain estatuko fiskal nagusi berriak aginduak ematea kargu guztiak atzera botatzeko. Matxinada eta antzeko delituak erabat erortzea litzateke logikoena. Eta diru publikoaren erabilera okerrak argudio bakarra du: Poliziaren usteak. Ez dute aurkitu erreferendumeko ordainketa bakar bat ere. Adibidez, lokalen alokairua zenbatekoa izango ote litzatekeen kalkulatzen ari dira poliziak, ez dutelako aurkitu fakturarik. Baina lokal horiek publikoak ziren, eta utzi egin zituzten; beraz, hor ez dago diru publikoaren erabilera okerrik.

Alde horretatik, badirudi Llarena epaileak ez duela nahi fiskaltzaren txosten bat...

Esperpentikoa da hori ere. Aurrena, Montorok esan zuen ez zela eurorik gastatu erreferendumean. Orduan, magistratuak ministroari eskatu zion ziurtatzeko ez zela gastatu euro bakar bat ere. Zuzenbide negatiboko proba bat ezinezkoa da... Horri erantzunez, Montoro ministroak errepikatu egin zituen adierazpenak, eta Generalitateko faktura guztiak bidali zizkion, garai hartakoak. Orduan, Llarenak ministerioari eskatu zion txosten bat egiteko faktura horiei buruz, diru publikoaren erabilera bidegaberik egon ote den aztertzeko. Baina hori lantzen ari zirenean —ez dakit filtrazioren bat gertatu zen, edo zer izan zen—, uko egin zion txosten horri, aitzakia gisa jarrita presa zegoela sumarioa ixteko.

Llarenaren aurkako kereilak ere hor daude...

Bai, baina nik ez dut horretan parte hartzen.

Eman dezagun Llarena zigortu egiten dutela Belgikan...

Belgikan berez ez dago kereila bat; auzi eske zibil bat dago. Esaten dute Llarenak gure bezeroen errugabetasun presuntzioa urratu zuela ekitaldi akademiko batean. Eske zibil horren helburua da hori aitortzea, eta euro bateko kalte-ordain sinboliko bat eskatzen dute.

Eta horrek badu eraginik Espainian egiten ari diren prozeduran eta Llarenarengan?

Ez die zuzenean eragiten. Kanpoan gertatzen den ezerk ez du eragiten, berez. Baina Belgikako auzitegiek esango balute gure bezeroen errugabetasun presuntzioa ez dela errespetatu, horrek eragin handia izango luke, ez bakarrik gizartean, baita, adibidez, Estrasburgon helegiteak jartze aldera ere.

Bere sutan erre da Llarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.