Bi urte pasatu zituen, bakar-bakarrik, Eskoziako Highlandseko itsaslabar batean, atera ezinik. Ardia 2021ean ikusi zuen lehen aldiz kayak egiten ari zen emakume batek. Bi urteren buruan itzuli eta bertan zela ikusi zuenean, sare sozialetan azaldu zuen. Itsaslabarretik behera erori zela pentsatu zuten askok, eta Change.org webgunean 55.000 firma bildu ziren ardia erreskatatzearen alde. Erreskate arriskutsua izango zen arren, The Sheep Game baserritar taldeak ekitea erabaki zuen larunbatean.
Misioa «epikoa» izan zela esan zuten, baina baita «konplexua» ere: 92 kilogramoko ardia Balintoreko 180 metroko itsaslabar aldapatsu eta arrokatsu batetik gora altxatu behar izan zuten. Bertatik, baserri batera eraman zuten. Bi urtez bere kabuz bizi behar izan zuen arren, osasunez oso ondo eta lasai zegoela ohartarazi zuten Eskoziako baserritarrek.
Animal Raising animalien eskubideen aldeko aktibistak, baina, ez daude ados animalia erreskatatzeko moduarekin, ez eta animaliaren etorkizuneko etxe berria denarekin ere. Aktibistek hiruzpalau aldiz bisitatu zuten Fiona (Sheepy haientzat), konfiantza har zezan, baina The Sheep Game taldekoak erreskatean aurreratu zitzaizkien. Talde animalistak ardia babesleku batera eraman nahi zuen, beste ardi batzuekin bizi zedin. Manifestazioa ere egin zuten asteburuan bertan, ardia baserrian «espektakulu» bihurtuko zen beldurrez.
Fionak jende askoren babesa eta interesa piztu duen arren, komunikabideetatik at atseden emango diote orain; baina haren bizi istorioak aurrera jarraituko du. Moztu zioten artilea landu egingo dute, eta harekin oroigarriak egingo dituzte. Lortutako dirua ongintzarako erabiliko dute.