Finlandian eskuinak gobernatuko du, eskuin muturrarekin koalizioan

Kontserbadoreen buruzagi Petteri Orpo izango da lehen ministroa, lau alderdiko aliantza bat eratu ostean. Agintaria argi mintzatu da erreformak egiteko beharraz: «Oso egoera zailean gaude»

Koalizio Nazionala alderdiaren buru eta Finlandiako hurrengo lehen ministro Petteri Orpo, apirilaren 2an, bozetako emaitzen berri izan ostean. MIKKO STIG / EFE.
ander perez zala
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Zerbait aldatzen ari da Europa iparraldeko herrialdeetan. 2021eko udazkenean, hango bost estatuetako agintariak sozialdemokratak ziren, baina, iaztik, bestelako paisaia politiko bat irudikatzen ari da eskualde horretan: Suedian eskuinak gobernatzen du, eskuin muturraren kanpo babesarekin, eta, orain, Finlandian jarri dira ados kontserbadoreak eta ultraeskuindarrak. KK Koalizio Nazionala alderdiaren buruzagi eta hurrengo lehen ministro Petteri Orpok herenegun gauean eman zuen akordioaren berri, eta azaldu zuen, auzo herrialdean ez bezala, eskuin muturreko indar politiko bat izango dela haren koalizio gobernuan: Finlandiarrak, RKP Finlandiako Alderdi Popular Suediarra eta SK Kristau Demokratekin batera.

Finlandiako hedabideen arabera, Orpok osatu duen gobernua herrialdeak ia 80 urtean izan duen «eskuindarrena» izango da ekonomiaren ikuspuntutik; eta, oro har, aldaketa nabarmena izango da iragan legealdiarekin konparatuz gero, Antti Rinn (2019an) eta Sanna Marin (2019tik) sozialdemokratak buru zituen bost alderdiko koalizio bat izan baitzen agintean —jardunean ari da orain—.

Hain justu, KKren buruak bazuen aukera SDP Sozial Demokratak Alderdiarekin elkartu, eta zentro-ezkerreko edo zentro-eskuineko beste indar txiki batzuekin ados jartzeko, baina, azkenean, eskuineko aliantza bat eratzearen alde egin du.

«Gai batzuen inguruan desadostasunak izan ditugu, baina batzen gaituena da gauzak konpondu nahi ditugula Finlandian», azaldu zuen herenegun kontserbadoreen buruzagiak. Adierazpen horrekin, Orpok agerian utzi zuen bi hilabete eta erdi inguru iraun duten negoziazioak ez direla erabat errazak izan; batez ere, Finlandiarrak alderdiak eta RKPk eztabaida handiak izan dituztelako hainbat aferaren inguruan. Asteotan aitortu dutenez, migrazioaz, ingurumenaz eta gutxiengoen hizkuntza eta kultur eskubideez aritzean izan dituzte desadostasunik handienak.

Edonola ere, badirudi hori konponduta dagoela, eta koalizio gobernu eskuindarrak bermatuta edukiko duela gehiengo osoa parlamentuan —108 eserleku izango ditu, berrehundik—. Eta, beraz, printzipioz 2027ra arte iraun beharko lukeen legealdiak berekin ekarriko du eskuin muturra Finlandiako Gobernura itzultzea.

Azken aldia 2015 eta 2017 bitartean izan zen, eta gutxi iraun zuen, beste bi koaliziokideek—Zentroko Alderdiak eta kontserbadoreek— gobernutik kanporatu zituztelako.

Neurrietako batzuk

Aurtengo kanpainan azaldu zuenez, Orpok helburutzat edukiko du «presio fiskala arintzea» eta gastu publikoa txikitzea, besteak beste. Herenegun ez zuen koalizio gobernuaren programaren berri eman; edonola ere, Finlandiako hedabideek aurreratu zuten murrizketak egingo dituztela zerbitzu sozialetan eta langabezia sarietan, eta sendagaien, kulturaren eta kirol ekitaldien gaineko zergak igoko dituztela, kasurako. Langabezia txikitzea ere badute xede.

Finlandiako lehen ministro izango denarentzat, «arazoak handiak dira» herrialdean, eta horiek «elkarrekin konpontzeko» asmoa dutela esan zuen herenegun: «Oso egoera zailean gaude. Hortaz, aurrezteko neurriak aurkitu behar izan ditugu nonahi».

Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, Finlandiak aldatu egin zuen orain arteko jarrera, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bilakatzea erabaki zuen. Halere, apirilaren 2an egindako hauteskundeen kanpainako gaiak ez ziren horiek izan, egoera ekonomikoa baizik; esaterako, inflazioa eta zorra.

Marinek, oraindik ere lehen ministro gisa diharduen honetan, babes handia jaso du nazioartean, bai Ukrainako gerran jokatutako rolagatik, baita Finlandia NATOn sartzeko egindako ahaleginagatik ere. Etxean, ordea, kritika ugari egin dizkiote, haren agintaldian zor publikoa barne produktu gordinaren %70era heldu delako; besteak beste, pentsioetan eta hezkuntzan egindako inbertsioen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.