Gerra Ukrainan

Finlandiako presidentea eta lehen ministroa, NATOn sartzearen alde

Niinistok eta Marinek uste dute herrialdearen segurtasuna «indartu» egingo dela. Gobernuak eta parlamentuak babestu behar dute eskaera. Errusiak «mehatxutzat» hartu du Helsinkiren urratsa

Sanna Marin Finlandiako lehen ministroa, ezkerrean, eta Sauli Niinisto presidentea, eskuinean, otsailean egindako agerraldi batean, Helsinkin. KIMMO BRANDT / EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Erabaki historiko bat hartu zuten atzo Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak eta Sanna Marinek lehen ministroak. Zortzi hamarkadaz lerrokatu gabeko herrialdeen multzoan egon ostean, Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen alde agertu dira. «Berandu baino lehen, Finlandiak NATOn sartzeko eskatu behar du», esan zuten biek batera atera zuten oharrean.

Ukrainan otsail amaieran gerra hasi zenetik orain arte, ez dute esan zer jarrera zeukaten gai horren inguruan. Errusiak Ukraina inbaditu izanak kezka eragin du inguruko beste herrialde batzuetan, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen zenbait adierazpenek areagotu egin dute kezka hori. «Errusiaren mehatxua sentitzen dugu, eta ez dut uste mehatxu hori erabat desagertu denik. Finlandiak ez du inoiz egin bere defentsa murrizteko urratsa; segurtasuna oso serio hartu dugu beti. Buru-belarri ari gara geure burua defendatzen. Baina, jakina, gure aliatuekin batera egin nahiko genuke», azaldu zion atzo lehen ministroak BBC hedabideari. Errusiak eta Finlandiak 1.340 kilometroko muga dute.

Finlandian, herrialdearen segurtasuna bi kargudun horien eskumena da, eta, adierazpenean, Niinistok eta Marinek argudiatu zuten segurtasun nazionala «indartu» egingo dela NATOn sartuta, eta, era berean, Finlandia hartan sartzeak «indartu» egingo duela erakunde hori. Horretarako nazioartean eman beharreko pausoak «lehenbailehen» ematea espero dutela ere esan zuten.

Bada, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo aurreratu zuen Finlandiak aliantzara batzeko eskatzen badu prozesua «erraza eta azkarra» izango dela, eta nabarmendu zuen Helsinkik aliantza militarraren «babesa» izango lukeela tarte horretan ere.

Herritarren %76, alde

Finlandiako bi agintariek esan zutenez, orain arte itxaron egin dute euren jarrera zein den jakinarazteko, parlamentuak eta gizarteak iritzia argitzea nahi zutelako. Zehazki, Yle telebista kateak duela hiru egun egindako inkesta baten arabera, herritarren %76 aliantza militarrera batzearen alde azaldu dira; 2017tik, 57 puntu egin du gora jarrera horrek.

Finlandiak aliantzan sartzea galdegiteko, gobernuak eta parlamentuak babestu behar dute eskaera lehenik. Hain justu, legebiltzarrean astelehenean hasiko dira gai horri buruz eztabaidatzen; alderdi gehienek, halaber, jendaurrean iragarri dute aliantza militarrera batzearen alde agertuko direla. Aurretik, ordea, larunbatean, Finlandiako lehen ministroaren SDP Alderdi Sozialdemokratak behin betiko jarrera iragarriko du.

Errusiak, berriz, «mehatxutzat» jo du Finlandiaren erabakia, eta NATOren azpiegitura militarra «bere mugetara» eramatea egotzi zion atzo Kremlineko eledun Dmitri Peskovek Helsinkiri. Alde horretatik, Errusiako Defentsa Ministerioak nabarmendu zuen Moskuk erantzun «tekniko eta militarra» emateko atakan ikusiko duela bere burua; besteak beste, adierazi izan du Kaliningradera arma nuklearrak eramatea izan daitekeela mehatxu horri erantzuteko modu bat. Errusiak Polonia eta Lituania artean duen lurraldea da Kaliningrad.

Finlandiaren gisan, Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak Suediaren asmoak eta jarrerak ere aldatu ditu segurtasunaren alorrean. Agintean dagoen SAP Suediako Alderdi Sozialdemokratak igandean erabakiko du NATOko kide izatearen aldekoa den. Bada, Expressen Suediako egunkariak atzo iragarri zuenez, gobernuak asmoa du aliantzarekin bat egiteko eskaera aurkezteko datorren astean. Parlamentuak datorren astelehenean eztabaidatuko du segurtasun arloan egin behar duen erreforma.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, jada sei milioi errefuxiatuk ihes egin dute Ukrainatik otsail amaieratik,NBEk, gainera, atzo salatu zuen mila zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituztela Kiev probintziako zenbait hiritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.