Gerra Ukrainan

Finlandiako Parlamentuak ere NATOn sartzeko eskaera berretsi du

Diputatuen ia %95ek aliantza militarrera atxikitzearen alde bozkatu dute. Erdoganek ohartarazi du Ankarak betoa jarriko diela Suedia eta Finlandia erakundean sartzeko eskaerei, baldin eta bi herrialdeek politikari erbesteratuak hartzeko asmoari eusten badiote.

Finlandiako presidente Sauli Niinisto eta Sanna Marin lehen ministroa, Helsinkin egindako agerraldi bateratuan. KIMMO BRANDT / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 17a
16:10
Entzun

Finlandiako Parlamentuak gehiengo zabal batekin berretsi du herrialdeko presidente Sauli Niinistok eta gobernuak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko egindako proposamena, bi eguneko eztabaida gogorraren ondoren. 188 diputatuk alde bozkatu dute; zortzik, kontra; eta lau abstenitu egin dira.

Ezkerrak eta Alderdi Berdeak erakundean sartzearen aurkako jarrerari eutsi diote azkenera arte, azken asteotan alderdi guztiek NATOn sartzearen aldeko bozka emango zutela iragarri badute ere. Hala ere, hainbat alderditako diputatu batzuk erakundeko kide izatearen aurka azaldu dira, «modu pertsonalean».

Finlandiako presidenteak eta bost alderdik osatutako koalizio gobernuak aliantza militarrarekin bat egiteko asmoa agertu zuten igandean. Legebiltzarrak gobernuaren proposamenari oniritzia eman ostean, Sanna Marin lehen ministroak erakundean sartzeko eskaera formala idatziko du datozen orduetan, eta Niinistori bidaliko dio, hark sina dezan.

Suediako Parlamentuak atzo berretsi zuen NATOra batzeko erabakia, gehiengo zabal batez, eta, orain, Eskandinaviako bi herrialdeen asmoa izango da bi eskaerak aldi berean aurkeztea, gaur bertan edo bihar, aliantzak Bruselan duen egoitzan.

Behin urrats hori eginda, NATOk, Helsinkik eta Stockholmek atxikipenaren baldintzak negoziatu beharko dituzte. Elkarrizketa horiek «laburrak eta azkarrak» izango direla esana du erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek: «Bi herrialdeek ezarritako irizpideak betetzen baitituzte».

Finlandiako presidentea Suedian izan da gaur goizean Magdalena Andersson lehen ministroarekin batzartzeko. Niinistok nabarmendu duenez, Suedia eta Finlandian NATOn sartzeak bi herrialdeen eta erakunde osoaren segurtasuna «indartuko» du: «Mehatxua ez da inorentzat izango». Bestalde, ez da kezkatuta azaldu Turkiaren balizko betoarengatik. Esan du Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek «bat-batean» zorroztu dituela bere adierazpenak.

Hain zuzen ere, Erdoganek atzo ohartarazi zuenez, Ankarak betoa jarriko die Helsinki eta Stockholm aliantzan sartzeko eskaerei, baldin eta herrialde horiek politikari erbesteratuak hartzeko asmoari eusten badiote; besteak beste, Turkiak jazartzen dien PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak dira. Hala eta guztiz ere, Niinisto ziur dago arazoa elkarrizketaren bidez konponduko dutela.

Bestalde, Finlandiako presidentea eta Suediako lehen ministroa Joe Biden AEBko presidentearekin bilduko dira ostegunean, Etxe Zurian, NATOrako hautagaitzak aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.