Zerbait aldatzen ari da Europa iparraldeko herrialdeetan. 2021eko udazkenean, hango bost estatuetako agintariak sozialdemokratak ziren, baina iaztik bestelako paisaia politiko bat irudikatzen ari da eskualde horretan: Suedian eskuinak gobernatzen du, eskuin muturraren kanpo babesarekin, eta orain Finlandian jarri dira ados kontserbadoreak eta ultraeskuindarrak. KK Koalizio Nazionala alderdiaren buruzagi eta hurrengo lehen ministro Petteri Orpok atzo gauean eman zuen akordioaren berri, eta azaldu zuen, herrialde bizilagunean ez bezala, haren koalizio gobernuaren parte izango dela Finlandiarrak eskuin muturreko indar politikoa, RKP Finlandiako Alderdi Popular Suediarrarekin eta SK Kristau Demokratekin batera.
Finlandiako hedabideen arabera, Orpok osatu duen gobernua herrialdeak ekonomiaren ikuspuntutik ia 80 urtean izan duen «eskuindarrena» izango da; eta, oro har, aldaketa nabarmena izango da iragan legealdiarekin konparatuz gero, Antti Rinn (2019an) eta Sanna Marin (2019tik) sozialdemokratak buru zituen bost alderdiko koalizio batek gobernatu baitzuen —jardunean ari da orain—. Hain justu, KKren buruak bazuen aukera SDP Sozial Demokratak Alderdiarekin elkartu, eta zentro-ezkerreko edo zentro-eskuineko beste indar txiki batzuekin ados jartzeko, baina azkenean erabat eskuinekoa den aliantza bat eratzearen alde egin du.
«Gai batzuen inguruan desadostasunak izan ditugu, baina batzen gaituena da Finlandian gauzak konpondu nahi ditugula», azaldu zuen atzo kontserbadoreen buruzagiak. Adierazpen horrekin, Orpok agerian utzi zuen bi hilabete eta erdi inguru iraun duten negoziazioak ez direla erabat errazak izan; batez ere, Finlandiarrak alderdiak eta RKPk eztabaida handiak izan dituztelako hainbat aferaren inguruan. Asteotan aitortu dutenez, migrazioaz, ingurumenaz eta gutxiengoen hizkuntza eta kultur eskubideez aritzean izan dituzte talka handienak.
Edonola ere, badirudi hori konponduta dagoela, eta koalizio gobernu eskuindarrak gehiengo osoa izango duela bermatuta parlamentuan (108 aulki 200dik). Eta, beraz, printzipioz 2027ra arte iraun beharko lukeen legealdiak berekin ekarriko du eskuin muturra Finlandiako agintera itzultzea; azken aldia 2015 eta 2017 bitartean izan zen, eta gutxi iraun zuen, koaliziokideek gobernutik bota zituztelako —Zentroko Alderdiak eta kontserbadoreek—.
Aurtengo kanpainan azaldu zuenez, Orpok helburutzat izango du, besteak beste, «presio fiskala arintzeko», eta gastu publikoa txikitzea. Atzo ez zuen koalizio gobernuaren programaren berri eman, eta esan zuen gaur zela horren edukiaz mintzatzekoa; edonola ere, Finlandiako hedabideek aurreratu dute murrizketak egingo dituztela zerbitzu sozialetan eta langabezia sarietan, eta sendagaien, kulturaren eta kirol ekitaldien gaineko zergak igoko dituztela, kasurako. Langabezia txikitzea ere xede dute.
«Arazoak handiak dira»
Finlandiako lehen ministro berria izango denarentzat, «arazoak handiak dira» bere herrialdean, eta horiek «elkarrekin konpontzeko» asmoa dutela esan zuen atzo: «Oso egoera zailean gaude. Hortaz, aurrezteko neurriak aurkitu behar izan ditugu nonahi».
Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, Finlandiak aldaketa bat izan zuen orain arteko jarreran, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bilakatzea erabaki zuen. Halere, joan den apirilaren 2an egindako hauteskundeen kanpainako gaiak ez ziren horiek izan, egoera ekonomikoa baizik; esaterako, inflazioa eta zorra.
Oraindik ere lehen ministro karguan jardunean dagoen Marinek babes handia jaso du nazioartean, bai Ukrainako gerran jokatutako rolagatik, baita Finlandia NATOn sartzeko egindako ahaleginagatik ere. Etxean, ordea, kritika ugari jaso ditu haren agintaldian zor publikoa barne produktu gordinaren %70era heldu delako; besteak beste, pentsioetan eta hezkuntzan egindako inbertsioen ondorioz.