Finlandiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira igaro dira Alexander Stubb kontserbadorea eta Pekka Haavisto Berdeen alderdiko kidea —dena dela, independente gisa aurkeztu da—. Bihar dira emaitza ofizialak jakinaraztekoak, baina, botoen %70 kontatuta, aurrenekoak %27 bildu zituen atzo, eta bigarrenak, %26. Botoetan, hirugarren hautagaia Finlandiarrak indarreko Jussi Halla-aho izan zen (%19), eta horrek esan nahi du eskuin muturra presidentetzarako lehiatik kanpo geratu dela. Bigarren itzulia egin beharrik ez izateko, hautagai batek botoen %50 eskuratu behar ditu. Halakorik gertatu ez denez, finlandiarrak berriro bozkatzera deituta daude, otsailaren 11rako. Parte hartzea handia izan da lehen itzulian, %75ekoa.
Joan den apirilean Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtu zenetik han egin dituzten aurreneko hauteskundeak izan dira, eta inkesta gehienek adierazitakoa bete da aurreneko itzulian. Aurkeztu diren bederatzi hautagaien artean, Stubbek eta Haavistok dute eskarmenturik handiena arlo instituzionalean.
Sauli Niinisto 2012tik presidente denaren alderdi KK Koalizio Nazionalekoa da Stubb —hango legeak ez ditu ahalbidetzen bi agintaldi baino gehiago—, eta 2008tik 2015era hainbat ardura postu eduki zituen Finlandiako Gobernuan. Besteak beste, Atzerri ministro izan zen 2008tik 2011ra, eta lehen ministro 2014tik 2015era. Politikako lehen lerroa utzi zuen duela zortzi urte, eta ez zuen itzultzeko asmorik, baina, aurreko ostiralean The Guardian egunkarian adierazi zionez, iritzia aldatu zuen duela bi urteko otsailean, Errusiak Ukrainan egindako inbasiorengatik. Europazalea da.
Finlandiak jarrera neutrala eduki du Bigarren Mundu Gerra amaitu zenez geroztik, baina, Stubben beraren esanetan, «segurtasuna» eta atzerri politika «auzi existentzial» bihurtu dira herrialdearentzat. Horiek horrela, Errusiarekin duen lurreko muga, 1.300 kilometro ingurukoa, itxita dago.
Hain zuzen, Haavisto izan zen Atzerri ministroa 2019tik iazko ekainera arte. Esperientzia handiko politikaria da —2012ko eta 2018ko presidentetzarako bozetan ere hautagai izan zen—, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko diplomazialaria ere izan da. Aintzat hartu behar da Berdeak ez daudela iazko ekainean osatu zuten koalizio gobernuan: KK Koalizio Nazionala, Finlandiarrak, RKP Finlandiako Alderdi Popular Suediarra eta SK Kristau Demokratak.
Nolanahi ere den, presidentea da estatuburua eta armadaren buruzagia, baita atzerri politikaren erantzulea ere, eta Finlandia ordezkatzen du NATOren eta nazioarteko beste erakundeen bileretan. Ikusteko dago presidentegaiek zeri helduko dioten datozen bi asteetan, bozkatzaileak erakartzeko. Zenbait hedabidek adituen hitzak jasoz kaleratu dutenez, beste sektore aurrerazaleen botoak ere erakarri nahian aurkeztu da independente gisa.