Finantzaketa akordioa lortu dute COP29 biltzarrean, Hegoalde Globalaren helburuetatik urrun

Estatu aberatsek 300.000 milioi dolarreko ekarpena egingo dute, eta 1,3 bilioi dolar mobilizatuko dituzte urteko, 2035. urtera arte. Garabidean dauden herrialdeek estatu garatuei egotzi diete muzin egitea klima krisian duten ardurari.

Simon Stiell UNFCCC Klima Aldaketari buruzko NBEren Esparru Konbentzioko idazkari nagusia eta Makhtar Babaiev COP29ko presidentea, gaur goizaldean, Bakun, akordioa ospatzen. EFE
Simon Stiell UNFCCC Klima Aldaketari buruzko NBEren Esparru Konbentzioko idazkari nagusia eta Makhtar Babaiev COP29ko presidentea, gaur goizaldean, Bakun, akordioa ospatzen. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko azaroaren 24a
10:47
Entzun

Negoziazio gordinak izan dira, baina azkenean akordiorik gabe gelditzeko arriskuari izkin egin dio COP29 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bilerak. Testu bat onetsi dute biltzarra hartu duen hirian, Bakun, Azerbaijango hiriburuan, goizaldea zela. Besteak beste, akordioan jaso dute klima finantzaketarako helburu kolektibo berri bat ezartzea. Testuari bide emanagatik, kritika gogorrak egin dizkiote Hegoalde Globaleko estatuek, baita klima ekintzaileek ere. Herrialde aberatsenek traizio egin dietela salatu dute askok, klima krisiari aurre egiteko jarri beharko luketen diru kopurutik oso urrun gelditu direla iritzita.

Parisko Hitzarmenaren estatu sinatzaileek adostu dute 1,3 bilioi dolar mobilizatzea garabidean dauden herrialdeetara urteko, 2035. urtera arte, emisio gutxiko eredu baterako trantsizioa bultzatzeko eta klima aldaketara egokitzeko. Kopuru horretatik, estatu garatuek 300.000 milioi dolar jartzeko konpromisoa hartu dute, zuzeneko diru ekarpenetan edo interes txikiko maileguetan. Gainerakoa inbertsio pribatuetatik eta estatuek bilatuko dituzten bestelako diru iturri berrietatik hartu beharko da.

Simon Stiell UNFCCC Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioko idazkari nagusiaren ustez, finantzaketarako akordioa «gizateriarentzako aseguru poliza bat da, herrialde guztietan klimaren ondorioak okertzen ari direnean». Dena den, ohartarazi duenez, «edozein aseguru poliza bezala, eraginkorra izango da soilik baldin eta ordainketak osorik eta garaiz egiten badira».

Askoz ere hitz gogorragoak erabili dituzte garabidean dauden herrialdeetako batzuek, adostutakoaren inguruko atsekabea adierazteko. «Proposatutako helburuak ez du ezer ere konponduko guretzat», salatu du Chandni Raina Indiako Finantza ministroak. «Ilusio optiko bat da». Rainak herrialde garatuei leporatu die klima larrialdiaren gainean duten ardurari muzin egitea, eta haren hitzaldiak txalo zaparrada jaso du COP29 biltzarraren osoko bilkuran.

Klima ekintzaileak COP29aren egoitzan protestan, atzo, herrialde aberatsei anbizio handiagoa eskatzeko. EFE
Klima ekintzaileak COP29 biltzarraren egoitzan protestan, atzo, herrialde aberatsei anbizio handiagoa eskatzeko. EFE

Horrez gain, akordioa onartzeko prozedura salatu du. Azaldu duenez, proposamena onetsi aurretik antolakuntzari jakinarazia zion hitza hartu nahi zuela bilkuran, eta Makhtar Babaiev COP29ko presidenteari aurpegiratu dio eske hori errespetatu gabe testua ontzat jotzea. «Ez dugu onartzen [finantzaketa] helburua aurkeztu den moduan». Rainaren adierazpenek, txaloen babesa jaso arren, ez dute lortu testua atzera botatzea. Babaievek erantzun dio Indiaren kexua saioaren txostenean jasoko duela antolakuntzak, eta aurrera jarraitu du.

India bezala, oso kritiko agertu dira Kubako, Boliviako eta Nigeriako ordezkariak ere. Kubak salatu du finantzaketa akordioak segida emango diola «ingurumen kolonialismoari» eta Hegoalde Globaletik Iparralde Globalerako kapital transferentziari.

Estatu garatuek, berriz, garrantzia aitortu diote akordioari. «Aldi berri bat da klima finantzaketan», esan du EB Europako Batasunaren Klima Ekintzako komisario Wopke Hoekstrak. «Anbiziotsua da, beharrezkoa, errealista eta lorgarria».

Finantzaketaren gaia izan da aurtengo COP biltzarraren eztabaidagai nagusia. Estatuek helburu kolektibo berri bat adostu behar zuten arlo horretan, egungoa ordezkatzeko. Herrialde garatuek konpromisoa hartu zuten 2020. urterako 100.000 milioi dolarreko ekarpena egiteko urteko, baina ez ziren kopuru horretara iritsi 2023. urtera arte.

Diru iturri berriak

Garabidean dauden herrialdeek biltzarraren hasieratik eskatu dute 1,3 bilioi dolarreko finantzaketa ezartzea helburu gisa, eta kopuru horretan zati handi bat hartzea estatu garatuek diru publikotik egindako ekarpenak. Hegoalde Globalak bermatu nahi du diru iturrietara jotzeko aukera izango duela klima politikak bultzatzeko, eta jasoko dituen baliabideek ez dutela are gehiago bultzatuko zorraren gurpil zorora, dagoeneko zama larria zaion horretara.

Estatu aberatsenek uko egin diote 300.000 milioi dolar baino gehiagoko ekarpena egiteari. Ziurtatu dute beren aurrekontuek ez dutela ematen kopuru hori handitzeko aukerarik. Biltzarra Donald Trump AEBetako presidente hautatuaren itzalpean egin da, gainera. Trumpek urtarrilean hartuko du Etxe Zuriko agintea, eta iragarri du Parisko Hitzarmena aterako dituela AEBak, lehen agintaldian egin zuen bezala. AEBak dira klima finantzaketan ekarpen handiena egiten dutenak —baita estatu kutsatzaile handiena ere—, eta haren hutsunea beste batzuek bete beharko dute.

Batzuen eta besteen arteko aldeak handiak izanik, datorren urterako egin daitekeenari begira jarri dira asko. Bestelako finantza iturri batzuk bilatzeko konpromisoa hartu dute estatuek, Hegoalde Globaleko herrialdeen zorpetzea areagotuko ez luketenak. Akordioak jasotzen du helburu horretarako prozesu bat abiatzea, 2025eko COP30era begira —Brasilgo Belem hirian egitekoa da—. Bakutik Belemerako Bide Orria izendatu dute, eta finantza iturri berriak bilatzeko ardura izango du. Orain arte aipatu diren neurri posible batzuen artean daude itsas merkataritzari, hegaldiei, erregai fosilei eta finantza transakzioei tasa bat ezartzea.

Zaurgarrienentzako oinarria

Negoziazioaren azken ordu tirabiratsuetan, elkarrizketak uztea erabaki zuten LDC Gutxien Garatutako Herrialdeen Koalizioak eta AOSIS Uhartedi Estatu Txikien Aliantzak, beren beharrak ez zirelako aintzat hartzen ari, salatu zutenez. Bi talde horiek klima larrialdiari begira zaurgarriak diren estatuak ordezkatzen dituzte, ondorio larrienak pairatzen dituztenak, nahiz eta Lurraren berotzean gutxien eragiten duten. LDCk eta AOSISek negoziazioetan eskatu dute klima finantzaketaren gutxieneko bat beraien herrialdeetara bideratuko dela bermatzeko, ekarpenak gehien behar duten estatuetara iritsiko direla ziurtatzeko. Akordioak ez du halakorik jaso azkenean. Estatuek erabaki dute oinarri bat diseinatu eta ezartzeko aukerak aztertuko dituztela.

Emaileen zerrenda

Era berean, argitzeko zegoen aldaketarik izango ote zen herrialde hornitzaileen zerrendan. Parisko Hitzarmenak zehazten du klima finantzaketarako ekarpenak egitera behartuta daudenak herrialde garatuak direla. Hitzarmenak UNFCCCren 1992ko sailkapena du oinarri, eta herrialde garatuen artean daude, besteak beste, EBko estatu kideak, Erresuma Batua, AEBak, Kanada eta Japonia. Talde horrek presio egin du beste herrialde batzuk ere diru hornitzaileen artera gehitzeko; bereziki, Txina eta Saudi Arabia. Azkenean, baina, onartutako testuak garabidean diren herrialdeak «animatzen» ditu ekarpenak egitera. Betiere borondatezkoak izango lirateke.

Erregai fosilak

Erregai fosilak alboratzeko trantsizio bat abiatzea adostu zuten Parisko Hitzarmeneko kideek iaz COP28 biltzarrean, Dubain. Helburu hori konpromiso zehatzagoetara eramateko erronka izan dute Bakun, baina huts egin dute. Azken testuak ez du trantsizio horren aipamen bat bera ere jaso, akordiorako zirriborroetan aipatu bazen ere. Saudi Arabiaren presioak eragotzi du hori, G20koen aste honetako bilkuran gertatu bezala. Ondorioz, estatuek datorren urteko ekainean helduko diote berriz eztabaidari, Bonneko konferentzian.

Estatuen plangintzak

Iazko COP biltzarrean hartutako konpromisoetatik abiatuta, helburuak betetzeko plangintza gaurkotuak aurkeztu behar dituzte herrialdeek, beranduenez 2025eko otsailean. Bakuko akordioak horien anbizio mailari bultzada emateko balio zezakeen, baina, karbono isuriak murrizteko konpromiso berririk ez denez zehaztu, ez da hala izango azkenean.

Karbono merkatua

Karbono merkatuaren gainean ados jartzea erdietsi dute COPeko aldeek. Parisko Hitzarmenaren 6.2 eta 6.4 artikuluen ezarpenari buruzkoa da. Adostutakoarekin, estatuek zehaztu dute karbono isuriak konpentsatzeko bonuen merkatua zer irizpidek gidatuko duten, zer bonu mota onartuko dituen eta zer prozedurari jarraituko dien. COPeko antolakuntzak prentsa ohar bidez adierazi duenez, akordioak balioko du karbono merkatuaren gardentasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, eta klima larrialdiari begirako baliabide ekonomikoak biltzeko. Aldiz, zenbait elkartek gabeziak nabarmendu dituzte. Esaterako, Carbon Market Watchen esanetan, akordioa ez da eraginkorra izango, besteak beste, ez dielako erantzukizunik eskatuko arauak betetzen ez dituzten herrialdeei.

Azerbaijanen rola

Beste urte batez, zalantzan gelditu da COP bilerak antolatzeko eredua. Aurtengoa Azerbaijanen egin da, bere esportazioen %90 petrolio eta gas industriatik eskuratzen dituen herrialde batean, eta negoziazioei erreparatu dieten hainbat eragilek leporatu diote nahikoa anbizioz ez jokatzea, bai erregai fosilak alboratzeko prozesuan, baita herrialde aberatsak ekarpen handiagoak egitera bultzatzeko orduan ere. Esaterako, askok salatu dute herrialde aberatsek ez zutela finantzaketaren gaineko kopuru zehatzik eman joan den ostiralera arte, hain zuzen negoziazioen azken eguna behar zuen horretara arte.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.