Finantza eta diru kontuak. Horiek izango dira astelehenean Bakun hasiko den COP29 goi bileraren gakoak. 2010eko konferentzian ezarri ziren gaur egungo klima finantzaketaren oinarriak, Cancunen (Mexiko) egindako konferentzian, 2020rako urtean 100.000 milioi dolar biltzea adostu baitzuten herrialdeek. 2023an iritsi ziren kantitate horretara, eta, konpromiso horiek hartu eta hamabost urtera, helburu handiagoak ezartzeko asmoa dute Bakun.
Garatzeko bidean diren Hegoalde Globaleko herrialde asko funts gehiago eskatzen ari zaizkie herrialderik industrializatuenei. Indiako Ingurumen ministro Bhupender Yadavek bere egin du nahi hori konferentziaren aurretik: «100.000 milioi dolar oso diru gutxi da garatzen ari diren herrialdeek beren klima helburuak lortzeko. Kalkulatzen da 5 bilioi dolar inguru beharko direla».
Dirua biltzeko «helburu kolektibo berria» hitzartu behar dute Bakun, aurrekotik hamabost urte igaro baitira jada, eta zahar geratu da. Dudak daude, baina, zenbaterainoko igoera adostuko duten, klima aldaketa gehien pairatzen duten eta baliabide gutxiago dituzten herrialdeak aldarrikatzen ari baitira bilioi bat dolar baino gehiago behar direla: gaur egun halako hamar. Afrikako talde negoziatzaileak, adibidez, proposatu du progresiboki 2030ean urtean 1,3 bilioi dolarrera iristea, 2025-2030 tartean guztira 6,5 bilioi dolar biltzeko; herrialde arabiarren taldeak, berriz, 2025-2029 tartean urtero 1,1 bilioi dolarreko ekarpena eskatu du.
«100.000 milioi dolar oso diru gutxi da garatzen ari diren herrialdeek beren klima helburuak lortzeko. Kalkulatzen da 5 bilioi dolar inguru beharko direla»
BHUPENDER YADAVEIndiako Ingurumen ministroa
Klima finantzaketaren etorkizunerako konferentzia garrantzitsua izango da COP29, eta batzuk «finantzen goi bilera» deitu diote jada, baina herrialde garrantzitsuetako buru batzuk ez dira bertaratuko. Oraindik AEBetako presidente dena, Joe Biden, ez da bertan izango, ezta Brasilgo presidente Lula da Silva ere, buruan kolpe bat hartu baitu. Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa ez dira joango. Ez da espero Xi Jinping Txinako presidentea bertaratzea, ezta Charles III.a Erresuma Batuko erregea ere.
Finantza helburu berriak
Iraungitzen ari da duela urte batzuk jarritako urteroko 100.000 milioi dolarreko funts bilketaren helburua; 2015eko Parisko Akordioetan adostu zuten herrialde garatuek garabidean direnei funtsak ordaindu behar dizkietela, klima aldaketara moldatzeko eta horri aurre egiteko, eta 2025erako asmoak berritzea ere hitzartu zuten. Motz geratu dira, baina, funts horiek, kalkulatzen baita gastuak askoz handiagoak direla. Nazio Batuen Erakundeak txosten batean azaldu du 500.000 milioi euro behar direla urtean, eta Munduko Bankuak, berriz, mila milioietatik bilioietara pasatzeko beharra plazaratu du.
Herrialde garatuek ezarri zuten urteko 100.000 euroko xede hori, Erresuma Batuak —Gordon Brown laboristak— eta AEBek —Hillary Clinton Estatu idazkari demokratak— bereziki. Garabideko herrialdeen taldeak beren eskariak egiten ari dira, baina, oro har, denek urteko bilioi bat dolarretik gorako helburua jarri nahi dute. Pakistanek eskatu du gehien, bi bilioi dolar urtean; izan ere, Pakistan da munduan uholde eta lehorte gehien izaten duten herrialdeetako bat. Finantzaketa publikoaren eta pribatuaren arteko oreka ere moldatuko dute, orain arte erakunde publikoek finantzatu baitute gehienbat.
Hala, goi bilera honen gakoa izango da herrialde garatuenek zenbateraino utziko duten igotzen jomuga hori, are gehiago jakinda azken urteetan funts gehien ematen zuten herrialde asko ekarpenak murrizten ari direla. Egoera geopolitiko eta ekonomikoak, gainera, eragin handia izango du, herrialdeak asko ari baitira handitzen defentsa aurrekontuak, eta gero eta gehiago baitira nazioarteko instituzioei mesfidantza dieten gobernuak; nabarmentzekoa da, adibidez, Donald Trump urtarrilean Etxe Zurira itzuliko dela.
100.000
ZENBAT MILIOI DOLAR Herrialderik aurreratuenek urtero 100.000 milioi dolar emateko konpromisoa hartu zuten, garabidean diren herrialdeei klima aldaketari aurre egiten laguntzeko, baita horretara moldatzeko ere. Diru bilketa horretara 2020an iristea kalkulatu zuten, baina 2023an iritsi ziren azkenean. Klima aldaketa gehien pairatzen duten herrialdeak funts gehiago eskatzen ari dira.
Konpromisoak, bete gabe
2009an, herrialdeek klima finantzaketaren bideari ekin ziotenean, 2020rako urtean 100.000 milioi euro biltzea jarri zuten jomuga, baina 2023ra arte ez da bete. Ekonomikoki indar handiena duten herrialdeek kritikak jaso dituzte horregatik, batez ere garatzeko bidean diren herrialdeen eta elkarte ekologisten aldetik. Izan ere, herrialderik garatuenek ematen dituzte funts gehienak, gehien kutsatzen dutenak baitira, eta klima aldaketaren eraginak beste batzuek sufritzen baitituzte gehien.
Hala azaldu du Zambiako Ingurumen ministroak, Collins Nzovuk: «Afrikaren CO2 isuriak hutsalak dira: ez du ia eraginik izan klima aldaketan. Baina Afrika pairatzen ari den ondorioak oso larriak dira». Horregatik ari dira bai Afrikako eta bai munduko beste txoko batzuetako garabideko herrialdeak funts gehiago eskatzen.
Txina, hurrengo emaile?
Klima finantzaketarako funts gehien jartzen duten herrialdeak garatuenak dira, baliabide gehiago dituztelako horretarako, eta haiek isuri dutelako berotegi gas gehien, klima aldaketa eragiten ari diren gasak. Bada, emaile horien zerrendara Txina gehitzea nahi dute potentzia nagusiek, AEBek eta Europako Batasunak bereziki. Wopke Hoekstra Europako Batzordeko Ingurumen komisarioa negoziazioetan izango da, eta aurrez eskatu du, Bruselak egiten duen bezala, indar ekonomikoa dutenek «beren erantzukizunak» hartzeko. Txinari buruz ari da Hoekstra, AEBen ostean munduko potentzia ekonomikorik handienaren lekura igo baita denbora gutxian, eta, horregatik, duda dago garabideko herrialde bat den edo jada herrialde garatu bat.
Ukaezina da ekonomikoki indar handia duela Txinak, baina oraindik egiturazko arazo batzuk ditu guztiz konpondu ez direnak; esaterako, milioika biztanle ditu alfabetatu gabe, eta hirietako eta landako biztanleen artean arrakala handia dago.
Txina diru emaile bihurtu behar dela eskatzen dutenek, era berean, arrazoitzen dute asko handitu direla herrialdearen gas isuriak, eta hori da, hein batean, funts horien muinetako bat ere, gehien kutsatzen duten herrialdeek klima aldaketaren kalteak ordaintzea. Txina da balore absolututan atmosferara CO2 gehien isurtzen duen herrialdea, baina 1.400 milioi biztanle baino gehiago ditu. Biztanleko, herrialde aurreratu askok baino gutxiago isurtzen du Txinak —11 tona CO2 biztanleko, eta AEBek, berriz, 18—, nahiz eta hori handitzen ari den urtez urte: %5,8ko hazkundea 2022tik 2023ra, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Horrez gain, kontuan hartu behar da Mendebaldeko enpresa handi gero eta gehiagok Txinan dutela ekoizpena; horregatik handitu da horrenbeste Txinak atmosferara isurtzen duen gas kantitatea.
Piter Pauw Eindhovengo Unibertsitateko doktoreak, funts emaile izateko erabiltzen diren irizpideak kontuan hartuta, ekarpenak egiteko aukera gehien duten herrialdeen zerrenda egin du. Txinak hamahiru irizpideetatik sei betetzen ditu, erdiak baino gutxiago; Txekiak, Errusiak eta Poloniak bederatzi betetzen dituzte; Hego Koreak, zortzi, eta Turkiak, zazpi. Txinarekin berdinduta daude Mexiko, Estonia, Eslovenia eta Saudi Arabia.
Isuriak murrizteko neurriak
Munduko tenperaturaren igoera balaztatzeko, karbono isuriak murriztea beharrezkoa da; 2015eko Parisko Akordioan munduaren berotzea 2ºC-tik behera mantentzeko ados jarri ziren herrialdeak —onenean, 1,5ºC-tik behera—, eta horretarako, besteak beste, herrialde bakoitzak planak egin behar izan ditu jaitsiera global horri ekarpen propioak egiteko —nationally determined contributions ingelesez, NDC—. Ekarpen horiek, baina, ez dira lotesleak, ez daude nazioarteko zuzenbideari lotuta, eta herrialde bakoitzaren konpromisoak eta baliabideek baldintzatzen dituzte.
«Afrikaren CO2 isuriak hutsalak dira: ez du ia eraginik izan klima aldaketan. Baina Afrika pairatzen ari den ondorioak oso larriak dira»
COLLINS NZOBUZambiako Ingurumen ministroa
NBEren txostenaren arabera, karbono isuriak asko murriztu beharko dira munduaren berotzea adostutako maila horietan mantendu nahi bada. 2023an 57.100 milioi tona CO2 isuri ziren atmosferara; gehienez bi graduko berotzera iritsi nahi bada, NBEren kalkuluen arabera etengabe murriztu beharko dira isuriak, 2030ean 41.000 milioi tona CO2ra iritsiz.
Herrialde batzuek beren ekarpen nazional zehatz berrituak aurkeztuko dituzte Bakun, Brasilek, Erresuma Batuak eta Arabiar Emirerri Batuek, adibidez. Horrez gain, isuriak murrizten jarraitzeko asmoz, karbono merkatuan aurrerapenak eman nahi dituzte COP29 goi bileran, eta Parisko Akordioko seigarren artikulua onartu nahi dute horretarako. Hala ere, merkatu horien eragina zalantzan dago oraindik, zeren elkarte ekologista batzuek, Ekologistak Martxan-ek esaterako, uste baitute enpresa handiei egiten diela mesede, eta zuriketa berdetzat jotzen dute batzuek. Hala ere, Afrikako talde negoziatzaileak seigarren artikulu hori onartzeko eskatuko du.
Azerbaijan, erregaien paradisu
COP29 Bakuk antolatzea, iazko goi bilera Arabiar Emirerri Batuek hartzeak bezala, kritikak eta haserrea sortu ditu, Kaukasoko herrialde haren ekonomia erregai erreserben esplotazioan eta salmentan oinarritzen baita. 2022an, Azerbaijanen, esportazioen %92 baino gehiago erregaiak eta haien eratorriak izan ziren. Climate Action Tracker webguneak, herrialdeek klima larrialdiari aurre egiteko hartzen dituzten neurriak aztertzen dituenak, irailean adierazi zuen Azerbaijanen klima ekintza «kritikoki eskasa» dela. Gainera, 2033rako gas ekoizpena ia %33 handitzeko plana du Bakuk, eta 2026rako Europako Batasunera bidaltzen duen gasa %17 handitzea adostu du.
Giza eskubideen aferan ere kritikak izan dira. Armeniak Bakuren hautagaitza babesteko, preso trukaketa bat egin zuten: 32 preso armeniar itzuli zituen Bakuk, eta bi azerbaijandar Erevanek. Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal ohi nagusiak, baina, adierazi du 2023ko erasoaldiko 23 gerra preso daudela oraindik Azerbaijanen. Horrez gain, Morenok gogorarazi du Bakuk 2023ko irailean Karabakh Garaian egindako erasoaldia «genozidioa» izan zela, eta Azerbaijan diktadura bat dela. Eskualde hartako biztanle gehienek Armeniara egin behar izan zuten ihes, eta kontrola bereganatu zuen Bakuk.
Horrez gain, goi bilera antolatzen ari den batzordean emakumeak baztertzea ere leporatu diote Bakuri, antolaketaz arduratzen ari diren 28 pertsonak gizonezkoak baitira. Iaz, adibidez, %68 emakumeak ziren.