Filtratutako Pentagonoaren dokumentu batzuek erakarri dute nazioartearen arreta azken egunetan. Aurreko astean sare sozialetan hedatu ziren informazio sekretu batzuk, eta atzo, The Washington Post egunkariak argitaratu zituen AEBetako Defentsa Departamentuaren zenbait dokumentu klasifikatu. Horien arabera, Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidenteak agindu zuen, duela aste batzuk, 40.000 suziri fabrikatzeko, horiek gero Errusiara bidaliak izan zitezen. Horiek horrela, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek eskatu zien, atzo, Mendebaldeko aliatuei filtrazioak alboratzeko eta irismen luzeko arma gehiago bidaltzeko.
Gerra hegazkinak ere nahi ditu Kievek, eta Troels Lund Poulsen Danimarkako Defentsa ministroak nabarmendu zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek «uda baino lehen» hartuko dutela erabaki bat gerra abioiak ere emateaz. Mendebaldeko aliantza militarreko bi estatu, Eslovakia eta Polonia, hasi dira jada Ukrainari molde horretako hegazkinak entregatzen.
Eta armekin lotuta, Egiptok adierazi zuen ez dela egia The Washington Post-ek kaleratutakoa. Al Qahera News telebista katean Kairoko iturri ofizial batek esan zuenez, «fribolitate bat» da argitaratutakoa, eta gehitu zuen Egiptok «politika orekatu bat» duela nazioartean, zeinaren «printzipioak» hauek diren: «bakea, egonkortasuna eta garapena». Otsailaren 17ko data du dokumentuak, eta, haren arabera, Al-Sisik eskatu zuen armak ezkutuan ekoizteko, modu horretan «Mendebaldearekin arazorik ez izateko». Informazio horrek jasotzen duenez, Kairori iruditzen zaio hori dela egin dezakeen «gutxienekoa» Errusiari «ordaintzeko» aurrez emandako «laguntza». Ez dute zehazten, ordea, zertaz ari diren.
Errusiako Gobernuak atzo adierazi zuen «gezurra» dela informazio horretan jasotakoa, eta, esan duenez, Etxe Zuria ari da filtrazioaren iturria identifikatzeko ahaleginean. Joan den astean filtratutako dokumentuak Ukrainako gerrarekin zeuden lotuta, eta iradokitzen zuten, gainera, Pentagonoak Hego Korea, eta, besteak beste, Israel espiatu dituela. Washingtonek azpimarratu du azken orduetan bere aliatuekin harremanetan jarri dela haiek lasaitzeko helburuarekin.
Hildako zibilak, 8.500
Iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik aurtengo apirilaren 9ra arte, 8.490 zibil hil dira eta 14.244 zauritu, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo jakinarazi zuenez.
Bestalde, drone bat erori zen herenegun Belgorod (Errusia) hirian, Errusiako Izvestia egunkariak atzo kaleratu zuenez. Ez zuen argitu biktimarik edo kalte materialik eragin ote duen. Ukrainako mugatik 30 bat kilometrora dago Belgorod, eta Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Kremlinek Ukrainari egotzi dio Belgorod, Briansk eta Kursk eskualdeetan erasoak egitea.
Gerra Ukrainan
Filtrazioak alboratu eta arma gehiago bidaltzeko eskatu die Kievek aliatuei
Filtratutako Pentagonoaren dokumentu baten arabera, Al-Sisik agindu zuen, otsailean, 40.000 suziri fabrikatzea, gero Errusiari emateko. Egiptoko iturri ofizialen arabera, informazio hori «gezurra» da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu