Fillonek hautagaitzari eutsiko dio, justiziak inputatuko duen arren

Penelope Fillon emazteari ere delitu berdinak leporatuko dizkiote. Hautagaiaren kabineteko kide Bruno Le Mairek dimisioa aurkeztu du

François Fillon, atzo Parisen egindako prentsaurrekoan. YOAN VALAT / EFE.
ander perez zala
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
François Fillon Frantziako LR Errepublikanoak alderdiaren presidentegaiak ez du amore ematen. Finantza Fiskaltzak ustezko lanpostu faltsuen kasua hiru instrukzio epaileren esku utzi ostean, Fillonek datorren asteazkenean deklaratu beharko du epaileen aurrean, eta han jakinaraziko diote inputatuko dutela. Hala ere, hautagaitzari eutsiko dio: «Ez naiz erretiratuko. Amaieraraino joango naiz. Ni jarraitzeko eskatzen dizuet».

Eskuinaren presidentegaiak gogor hitz egin du botere judizialaren aurka. Epaileen erabakia bere aurkako «hilketa politikoa» dela uste du: «Errugabetasun presuntzioa erabat desagertu da. Soilik sufragio unibertsalak erabakiko du nor izango den presidente». Le Canard Enchaîné astekariak argitaratutakoaren arabera —hilketa mehatxuak jaso dituela iragarri du—, Penelope Fillon emazteak ez zuen lanik egin diputatuaren laguntzaile postuan zegoenean, baina, hala ere, diru publikoa jaso zuen. Epaileek hura ere deitu dute deklaratzera, baina oraindik ez dute hitzordurik finkatu.

Ondorioak izan ditu presidentegaiaren erabakiak. Batetik, Bruno Le Maire kanpainako kabineteko kideak dimisioa aurkeztu du; nazioarteko gaietarako ordezkaria zen. Bestetik, UDI alderdi zentristak Fillonen kanpainan parte hartzeari utzi dio. Bozetarako hautagaitza aurkezteko, gutxienez 500 kargu publikoren babesak aurkeztu behar dira, eta zifra horretara iristen lehena izan da Fillon, Batzorde Konstituzionalak atzo jakinarazi zuenez. Presidente hautatzen badute, immunitateak babesa bermatuko dio bost urtez —edo hamar urtez—, ikerketak behin-behinean geldituko dituztelako.

Le Penen immunitatea

Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko presidentegaiari eurodiputatu karguari esker duen immunitatea kendu ala ez bozkatuko du Europako Parlamentuak.Nanterreko Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen, «irudi bortitzak» zabaltzeagatik; EIren exekuzioen argazkiak igo zituen Twitterrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.