Fillon eta Juppe, beste behin ere

Hondoratzen ari da Frantziako eskuinaren presidentegaiaren kanpaina. Bordeleko alkatea da haren ordezko izateko faboritoa

François Fillon, ezkerrean, eta Alain Juppe, eskuinean, alderdiaren primarioetako azken eztabaidan. ERIC FEFERBERG / EFE.
ander perez zala
2017ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Bata bestearen atzetik, LR Errepublikanoak alderdiko goi kargudunak pixkanaka ari dira beren presidentegai François Fillonen kanpaina uzten. Pisuzkoak diren eta pisuzkoak ez diren alderdikideen babesak gutxiagotzen ari zaizkion heinean, Alain Juppe Bordeleko alkatearen aldeko ahotsak areagotzen ari dira. Fillon Frantziako presidente izateko faborito nagusia zen duela hilabete; orain, egunak pasatu ahala, geroz eta urrutiago du helmuga hori.

Dagoeneko alderdiko 60 bat goi kargudunek utzi dute eskuinaren presidentegaiaren kanpaina; azkenak Patrick Stefaninik, kanpaina zuzendariak, eta Thierry Solerek, bozeramaileak.

Fillonek gaur aurkeztuko du bere programa, eta bihar, berriz, elkarretaratze bat egitekoa da Trocaderon —Parisen—, bere aldekoekin batera; indar erakustaldi horren arrakastaren arabera erabakiko du hautagaitzarekin jarraitu ala ez, Político-ren arabera. Aukera hori baliatu nahi dute Jupperen aldekoek, haren hautagaitza bultzatzeko, nahiz eta jendaurrean ukatu egin duen Fillonen ordezko izan nahi duela: «Fillonen nahiaren aurka ez dut ezer egingo».

Dena den, Fillonen aurkako presioa inoiz baino handiagoa da. Kanpaina utzi dutenen gehienak Jupperen sektorekoak dira, tartean alderdiaren diruzain Gilles Boyer, eta David Teille Bordeleko alkatearen kabineteburu izandakoa. Gazteak Fillonekin elkarteak ere hautagaitza uzteko eskatu dio, haien ustetan ez duelako «sinesgarritasunik». Jupperen ingurukoek diote bi baldintza dituela LR-ren hautagai izateko: batetik, Fillonek berak hala eskatzea, eta, bestetik, alderdiaren babes «osoa» izatea. Baldintza horiek beteta, Juppe «prest» egongo litzateke. Nicolas Sarkozyren sektorekoek ez dute oraindik iritzi publikorik eman, baina, Frantziako hedabideen arabera, Jupperen aldekoekin negoziazioetan daude, akordio bat lortu eta hautagaitzari indarra emateko. Alderdiko zenbati diputatuk Filloni, Jupperi eta Sarkozyri eskatu diete bilera bat egin dezatela. Azken hori Senatuko presidente Gerard Larcherrekin eta Bernard Accoyer alderdiko idazkari nagusiarekin elkartu zen atzo, «alderdiaren batasuna» helburu. UDI alderdi zentristak, berriz, Fillon babesteari utzi dio, eta hautagaia aldatzeko eskatu dio LR-ri.

Emaitza hobeak Jupperekin

49 egun geratzen dira presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulirako —apirilaren 23rako—. Inkesten arabera, Fillon ez litzateke bigarren itzulirako sailkatuko —maiatzaren 7rako—; hala, lehen aldia liteke eskuina ez dela lehen bi bozkatuen artean izaten. Juppe, ordea, arazorik gabe igaroko litzateke bigarren itzulira, Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko presidentegai edo En Marche! mugimenduko Emmanuel Macronekin batera. Bordeleko alkatea LR-ren presidentegai izanez gero, Macron izango litzateke kaltetu nagusia. Fillonen primarioetako garaipenaz geroztik, boto-emaile askok Macronengana jo zuten, Fillonen programa kontserbadoreegia delakoan; Juppek, kontran, zentrorago bideratuak dauden neurriak ditu.

Ikusteko dago zer egingo duen MoDem alderdiko presidente François Bayrouk: LR-ren primarioetan Jupperen alde egin zuen, baina, Fillonek irabazi ostean, Macronekin egin du aliantza. Juppek, gainontzeko hautagaiek bezala, gutxienez 500 babes beharko lituzke ofizialki hautagai izateko. Dagoeneko jaso du lehen babesa —Montceau-les-Mineseko alkate Marie-Claude Jarrotena—, atzo Batzorde Konstituzionalak jakinarazi zuenez. 500era iritsita ere, babes horiek ez dute ezertarako balioko, Juppek ez badu hautagai izateko nahia berresten.

Oraingoz, Fillon da gutxiengo zifrara iritsi den bakarra—1.155ren babesa du—. Gainontzeko hautagai nagusiak bidean daude oraindik, eta hilaren 17ra arteko epea dute 500 babes lortzeko: Macronek 464 ditu, PS Alderdi Sozialistaren presidentegai Benoit Hamonek 334, La France Insoumise-ko Jean Luc Melenchonek 136 eta Le Penek 84.

Eraso «politikoak» epaileei

Eskuineko eta eskuin muturreko presidentegaien aurkako ikerketak abian daude egun, eta bai Fillonek baita Le Penek ere justiziaren aurka egin dute behin eta berriz —berriz deitu dute deklaratzera, baina ez da joango—. Hori ikusirik, USM Magistratuen Batasun Sindikalak salatu ditu epaileen aurka bi hautagaiek egindako eraso «politikoak»; gogorarazi du epaileek ikerketekin jarraitzea «ohikoa eta osasuntsua dela demokrazia batean».

Martxoaren 15ean inputatuko dute ofizialki Fillon, orduan joango baita epaitegira deklaratzera lanpostu faltsuen ikerketaren harira. Bere emaztea kontratatu zuen diputatuaren laguntzaile posturako, baina, ustez, ez zuen lanik egin, diru publikoa jasotzen zuen bitartean. Emazteari ere delitu berak leporatuko dizkiote. Fillon presidentegaiak uste du bere aurkako «hilketa politikoa» dela epaileen erabakia .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.