Washi ekaitz tropikalak urpean utzi du Filipinetako Mindanao uharteko iparraldea. Hondamenak Kudeatzeko eta Arriskuak Murrizteko Kontseilu Nazionalak ezagutarazitako azken zenbaketen arabera, 700 lagun baino gehiago hil dira, eta 800 inguru daude desagerturik. Gorpuak pilatzen hasi dira bi hirietako beilategietan, eta langile, mediku eta boluntarioek plastikoz bildu eta arotzek azken unean egindako hilkutxetan gordetzen dituzte, erreserban zeudenak bukatu egin baitira. «Ezinezkoa da hildakoak banan-banan lurperatzea, ikaragarri kostatzen ari baitzaigu nor diren jakitea. Horregatik, gorputegi komun bat eraikitzen ari gara», azaldu du Vicente Emanok, Cagayan de Oro Cityko alkateak. Identifikatu gabeko 200 gorpu inguru hobiratu dituzte bertan. Dena dela, hildakoen kopuruak gora egiten jarraituko duela aditzera eman du Gurutze Gorriak, salbamendu taldeek ibaietan eta itsasoan gorpuak topatzen dituztelako etengabe.
Cagayan de Oro City eta IliganCity hirietan egin ditu ekaitzak okerrik larrienak, eta orotara 400.000 lagun inguru dago laguntza beharrean. Izan ere, hilabete euritsu bakar batean egin ohi duen euri kopuru bera egin du ostiral iluntzetik larunbat goizaldera bitartean.
Hirietako etxe gehienetan ur hornidura falta dute, eta ospitaleetan ere zailtasunak dituzte herritarrak artatzeko, higiene arazoak direla eta. Zauritu gehienek hausturak eta kolpeak dituzte, urak arrastaka eraman dituztenean egindakoak; sendagileak, halaber, datozen asteetan infekzioak azalduko ote diren beldur dira, eta ehunka boluntario herritarrei tetanos txertoa jartzen hasi dira, baita antibiotikoak eta antiseptikoak banatzen ere. Sendagaiak, arropa eta janaria falta dituzte hiri nagusietan egokitutako babes eraikinetan, 167.000 inguru kaltetuetatik 45.000 baino gehiago hara joan baitira laguntza eske.
Txaboletan bizi dira
Denboralearen berri garaiz eman ez izana egotzi diote tokiko hedabideek gobernuari, «herritarrek ez baitute prestatzeko denborarik izan». Gobernuak, ordea, haien errua izan dela adierazi du, ohartarazpenei kasurik egin ez dietelako. Adituen arabera, berriz, biktima kopuru altuaren eragilea beste bat izan da: herritar gehienak txaboletan bizi dira. Azpiegituren egoera kaskarraren eta kontrol gabeko basogabetzearen ondorioz, gainera, errazago sortu dira uholdeak, eta horrek lurjausiak eragin ditu; hainbat herritarazpian harrapatuta daude.
Filipinetan hobi komunetan lurperatu dituzte identifikatu gabekoen gorpuak
Ekaitz tropikalak eragindako uholdeen ondorioz, ez dute edateko urik; medikuak infekzioen beldur dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu