Fidel Castroren karabanak Che-ren mausoleoan pasatu du gaua

Erredakzioa
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Fidel Castroren errautsak Santiagora daramatzan karabana aurrera doa, gerrillariek 1959. urteko urtarrilean egindako Askatasunaren Karabanaren kontrako norabidean. Orduko hura zortzi egunean egin zuten, uhartearen ekialdetik mendebaldera, eta oraingoa, berriz, lau egunean egingo dute, mendebaldetik ekialdera, larunbatean iritsiko baita segizioa helmugara, Santiagora. Jose Marti heroi nazionala eta iraultzako ikur nagusiak hilobiratuta dauden Santa Ifigenia hilerrian gordeko dituzte betiko buruzagi iraultzailearen errautsak dituen zedrozko kutxa.

Bidean, baina, beste iraultzaile historiko baten mausoleoaren parean hartu du atseden karabanak. Habanatik Santa Clara artekoa izan da aurreneko etapa, eta gaua hiri horretan pasatu dute: Ernesto Guevara Che-ren gorpua dagoen mausoleoan, hain zuzen ere. Gerrillaria Bolivian hil zuten, 1967an, baina, 30 urte geroago, 1997an, Kubara eraman zuten haren gorpua. Santa Claran eraiki zuten haren aldeko mausoleoa.

Santa Clarara iritsi aurretik, baina, sinbolismoz betetako beste hiri batetik pasatu zen karabana; Matanzastik. Habanatik ehun kilometrora dagoen hiri horretan diskurtso historiko bat eman zuen Fidel Castrok 1959ko urtarrilaren 7an, Askatasunaren Karabana hiriburura iritsi bezperan. Fulgencio Batista diktadorea garaitu ostean, herriaren harrera beroa jaso zuen Castrok, eta, orduan bezala orain ere, milaka eta milaka lagun atera dira kalera buruzagia agurtzera, orduko hartan ongi etorria emateko, eta, oraingoan, azken agurra emateko.

«Fidel, Fidel, Fidel»

Segizioak Camagueyn pasatu du bigarren gaua. Bide ertzetan eta herri eta hirietan milaka kubatar egoten dira, buruzagia noiz pasatuko zain. Kubako ereserkia abestuz, ikurra eskuetan, negarrez batzuk, komandantearen izena etengabe entzuten da bidean: «Fidel, Fidel, Fidel». Santiagon ere herri oso bat izango du zain Fidel Castrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.