Ostiraleko hauteskundeak irabazi eta berehala, bi negoziaziori heldu die Fine Gael (FG) alderdiko buru Enda Kennyk. Batetik, Dublingo gobernurako koalizio gobernua osatzeko elkarrizketak hasi zituen atzo Alderdi Laboristarekin. Bestetik, Kennyk Europako Batasuneko erakundeekin tratuak hasi nahi ditu, Irlandak bere erreskate planaren truke ordaintzen ari den %5,8ko interes tasa jaitsi nahi duelako.
Dublinen baino lan zailagoa izango du Kennyk Bruselan. Agian lortuko du interes tasa hamarren bat edo beste jaistea, baina ezer esanguratsuagorik ez.Are zailagoa izango zaio bere bigarren helburua, hots, Irlandak bere bankuen zorra bere gain hartu ondoren, galeraren zati bat banku horietan inbertitu zutenen lepo uztea. Europako Banku Zentralak ez du halakorik nahi, finantza merkatuek astindu handiak eman dituztelako halako proposamen bat egin den aldiro.
Kennyk ez du kargua hartu arte itxarongo Europan negoziatzen hasteko. Ostiralean, zentro-eskuineko buruzagiek Helsinkin egingo duten bileran aurrez aurre izango ditu Angela Merkel, François Fillon, Jose Manuel Durao Barroso eta Herman Van Rompuy. Horien sostengurako eskatu diezaioketen prezioa —Irlandaren %12,5eko sozietate zerga igotzea— ordainezina dela esan du Kennyk.
Gobernua, egun gutxi barru
Europako Batasunak martxo honetan zorraren gainean hainbat erabaki hartzekoa denez, Kennyk egun gutxi batzuk baizik ez ditu Irlandan gobernua osatzeko. Espero dutenez, Dail Eireann edo parlamentua martxoaren 9an osatuko da, eta 11n euroguneko agintarien bilera dago.
Fine Gaelek, gehiengo osoa lortu ez duenez —dozena bat aulki banatzeko falta direnean, 166 diputatutik 70 ditu—, bi aukera ditu: independente batzuren sostengua lortzea, edo Laboristekin (36 gutxienez) koalizioa osatzea. Azken aukera hori hobetsi du, oraingoz, Kennyk, eta atzo arratsaldean lehen bilera izan zuen Eamon Gilmore laboristen liderrarekin. Negoziazioak arrakasta izanez gero, oso sostengu zabala izango luke gobernu berriak, bien artean 110 diputatu inguru izango dituztelako.
Laboristak zalantzaz beterik ekingo diote negoziazioari, une txarra baita gobernura iristeko. Irlandaren defizit handia txikitzea —BPGaren %32 iaz, bankuen nazionalizazioaren erruz— da lehentasuna, eta horrek murrizketa politikekin jarraitzera behartuko du gobernua. Gobernuko bazkide txikia izateak negoziatzeko tartea gutxitzen die, eta ezkerreko hautesleak asebetetzeko aukera gutxi izango ditu. Gainera, traizioa egotziko dioten diputatuak ez zaizkio faltako, Dailen inoiz baino parlamentari ezkertiar gehiago daudelako. Batetik, Sinn Feinek 14 diputatu lortu ditu neurri murriztaileen aurkako kanpainarekin. Horietako batek, Mary Lou MacDonaldek, ohar argia egin zien atzo laboristei: «Gure hautesleek agindua eman digute hondamendi ekonomikoaren zama herritar pobreenen bizkar jarri nahi duen gobernuaren aurka egiteko, horretan edonor egonda ere». Baina SFz gain, beste dozena bat diputatu ezkertiar izango dira Dailen. Horien artean daude ULA Ezkerreko Batasunak lortutako bostak.
Unite sindikatuak FGrekin koalizioa ez osatzeko eskatu dio Gilmore laboristari, eta ezkerreko taldeekin oposizio indartsua sortzeko aholkatu dio, hurrengo legegintzaldian boterea lortzeko.
Oposizioan aldi luze baterako geratuko da Fianna Fail kontserbadorea ere. Hauteskunde guztietan alderdi nagusia izandakoa hirugarren geratu da, eta 20 diputatu eskas izango ditu.
FGk eta laboristek Irlandako gobernua osatzeko negoziazioak hasi dituzte
Datorren asterako osatu nahi dute, berehala salbamendu planaren interes tasen aldaketaz EBrekin hitz egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu