Larunbatean hil zen Fetthullah Gulen predikatzaile islamista (Pasinier, Turkia, 1941), AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Gulenen gertuko medioek zabaldu zuten berria asteburuan, baina gaur baieztatu du heriotza Turkiak. Imama Pennsylvanian bizi zen (AEB) 1999tik, nahiz eta Turkiak hura estraditatzeko eskaera egin zuen. 2016an, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen aurkako estatu-kolpe saiakera antolatzea egotzi zion Ankarak Guleni.
1970eko hamarkadan hasi zen Gulenen sona handitzen, eta komunitate indartsu bat sortu zuen. Izen ofizialik ez badu ere, Hizmet (zerbitzua) esaten diote imamaren mugimendu horri. Gulen Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren aliatu izan zen zenbait urtez. 2013an, ostera, oposiziora pasatu zen, Erdoganen inguruan zenbait ustelkeria kasu argitara atera zirenean. 2016an, huts egin zuen estatu kolpe bat antolatzea leporatu izan dio Ankarak Guleni, eta haren mugimendua «erakunde terroristatzat» jotzen du. Gulenek ukatu egin zuen estatu kolpe saiakerarekin zerikusirik izatea.
2016tik, Gulenen dozenaka mila jarraitzaile atxilotu ditu Ankarak; baita 150.000 funtzionario baino gehiago kaleratu ere. Gaur, Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak, Gulenen heriotza baieztatu ostean, Gulenen jarraitzaileei «bide okerra» uzteko deia egin die. Anadolu agentziak jaso dituen adierazpenetan, Fidanek ohartarazi du Ankarak «erakunde terrorista guztien aurka» jarraituko duela.