Ekuador

Fernando Villavicencio Ekuadorko presidentetzarako hautagaia hil dute, tiroz

Sikario talde batek egin du tiroketa, eta bederatzi lagun zauritu ditu; ustezko hiltzailea hil egin dute. Hiru dolu egun ezarri dituzte, eta salbuespen egoera 60 egunerako.

Fernando Villavicencio hautagaia Quitoko atzoko mitinean. STR / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 10a
07:56
Entzun

Fernando Villavicencio Ekuadorko presidentetzarako hautagaia tiroz hil zuten atzo arratsaldean —18:20an Ekuadorren, Euskal Herrian 01:20 zirenean—. Mitina eman zuen Quito hiriburuan, eta hura amaitu ostean hil zuen sikario talde batek. Bertatik atera eta auto batean sartu zenean jazo zen ezbeharra; gutxienez 40 tiro egin zizkioten sikarioek. Hiruk jo zuten Villavicencio buruan. Klinikara eraman zuten, eta hila zela baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Hiru eguneko dolua ezarri du Guillermo Lasso jarduneko presidenteak.

Fiskaltzak jakinarazi duenez, tiroketan bederatzi lagun zauritu ziren gutxienez; tartean, Asanblea Nazionalerako hautagai bat. Ustezko hiltzailea ere zendu zen sikarioen eta segurtasun langileen arteko liskarrean. Sei lagun atxilotu dituzte.

60 eguneko salbuespen egoera ere ezarri dute. Indar armatuak mobilizatu dituzte herrialde osoan, eta segurtasuna indartuko dute hauteskundeekin loturiko ekitaldietan. Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeak laster egitekoak dira: heldu den abuztuaren 20an. Jada baieztatu dute bere horretan eutsiko dietela hauteskundeei. Lasso: «Ez dira bertan behera geratuko. Egin egin behar dira; demokrazia sendotu egin behar da».

Eraiki Mugimendua alderdiko hautagaia zen Villavicencio. Sinaloako kartelarekin lotura duen Los Choneros taldeak mehatxupean zuen, eta Poliziak babestuta zebilen ordutik. «Txikitu egingo nindutela esan zuten, baina ez diet beldurrik», esan zuen duela aste batzuk. Sindikalista ohia eta ikerketa kazetaria zen Villavicencio, gaizkile eta sikarioen inguruan ikertzen aritutakoa. Los Choneros taldeari egin izan dio erreferentzia hautagaiak hauteskunde kanpainan, eta, mehatxuak jasotzean, honako hau adierazi zuen: «Horrek berresten du, hain zuzen ere, gure kanpaina proposamenak larriki eragiten diela egitura kriminal horiei».

Rafael Correa presidente ohiarekin oso kritikoa zen Villavicencio, eta, hain zuzen ere, gobernuburu ohiaren aldekoak garaile irten ez zitezen aurkeztua zen hauteskundeetara. Izan ere, presidentegaiak Correa egiten zuen «herrialdeak dituen arazo ororen erantzule». Kazetari lanetan ibili zenean, harreman estua izan zuen AEBetako enbaxadorearekin ere, eta hari esker lortu zituen gero Correaren aurkako epaiketan baliatu zituzten hainbat dokumentu. Correak garai batean bere aurkako «jazarpen politikoa» bultzatzea egotzi zion kazetariari, baina gaur gogor gaitzetsi du hilketa, eta esan du «huts egindako estatu» bilakatu dela Ekuador.

«Mina» adierazi du Eraiki Mugimendua alderdiak; «borrokalari nekaezina» zen. Lasso «haserre eta atsekabetuta» agertu da hilketagatik: «Nire elkartasuna eta doluminak emazteari eta alabei. Zure memoriagatik eta zuen borrokagatik, ziurtatzen dizuet krimen hau ez dela zigorrik gabe geratuko». Segurtasun Kabinetea biltzera deitu zuen Lassok handik gutxira. «Krimen antolatua oso urrun iritsi da, baina legearen pisu guztia eroriko zaie», gaineratu zuen jarduneko presidenteak.

Duela egun batzuk, uztailaren 24an, Eraiki Mugimendua kanpaina bertan behera uztekotan egon zen, bezperan Manta hiriko alkate Agustin Intriago hil baitzen, hainbat aldiz tiro egin ziotela eta. Villavicenciok, baina, kanpainarekin jarraitzearen alde egin zuen: «Kriminalek herritarrak eta agintariak hiltzen dituztenean isilik egotea eta ezkutatzea koldarkeria eta konplizitate ekintza bat da. Mafiak garaitu arte eguneroko borrokan jarraitzeko erabakia berresten dut».

Hauteskundeak espero baino lehenago egitekoak dira herrialdean. Joan den maiatzean, Ekuadorko Asanbleak Lasso presidentea kargugabetzeko epaiketa egitea erabaki zuen —funts publikoak bidegabe erabiltzea egozten zioten, estatu enpresa baten kontratu irregularrak ez eragozteagatik—. Epaiketa hilaren 16an hasi zen, eta biharamunean desegin zuen Lassok Asanblea. Diktadura (1976-1979) amaitu zenetik lehen aldia zen presidente batek hori egitea erabaki zuela. Lassok argudiatu zuen herrialdea «krisi politiko larri batean» zela. Aurretik ere mehatxu egin zuen asanblea desegitearekin, eta epaiketa hasi berri eman zuen pausoa. «Berehala» egin nahi zituen hauteskundeak.

Ganbera deseginda, Ekuadorko Hauteskunde Batzorde Nazionalak abuztuaren 20an ezarri zituen Asanblea berria eta presidentea hautatzeko bozak. Lassoren erabakitik 95 egunera egingo dituzte bozak; hamar egun baino ez dira geratzen.

Segurtasun krisia

Segurtasunik ezak okerrera egin du azken urteetan Ekuadorren, batez ere droga trafikoarekin lotuta, eta egoerak okerrera egin zuen pandemia garaian. Mexikoko kartelen arteko liskarrek eragiten dute segurtasunik eza. Izan ere, droga mugitzeko pasabide garrantzitsua da herrialdea, eta bide nagusiak kontrolatu nahi dituzte kartelek. Azken asteetan lehergailuak ere zartarazi dituzte hainbat gunetan eta hildako ugari eragin dituzte. Liskar handienak kostaldean eta Guayaquil inguruan izan dira, baina Quitoraino heldu da indarkeria oldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.