Fernandez Diaz: «Ni izan naiz legez kanpoko eraso baten biktima»

Espainiako jarduneko Barne ministroaren dimisioa eskatu dute alderdiek, Kataluniako alderdi independentistak nahasteko konspirazioa agerian uzten duten grabazioengatik

Jorge Fernandez Diaz jarduneko Barne ministroa, atzo, azalpenak ematen. QUIQUE GARCIA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako hauteskundeetako kanpainaren azken txanpa gori-gorian jarri du Jorge Fernandez Diaz jarduneko Barne ministroak sortu duen eskandaluak; bonba informatibo bilakatu dira grabazioak PPren kontra: konspirazioan nola ari den erakusten dute entzuketek, Kataluniako politikariak ataka zailean jartzeko edozer eta nolanahi aurkitu behar dela esaten. Ez dago alderdirik haren dimisioa eskatu ez duenik,ezta Mariano Rajoy jarduneko presidenteari erantzukizunak eskatu ez dizkionik ere. Soka luzea ekarri du Fernandez Diazen ekintzak.

ERCren eta CDCren kontrako trama fabrikatzen saiatu zen Espainiako jarduneko Barne ministroa, ministro gisa eskura zeuzkan tresna guztiak erabilita. Grabazio horien arabera, Generalitateak Ferrovial taldeko CESPAri emandako adjudikazioetan datu nahasgarriren bat aurkitu nahi zuen, eta hori baliatu. CESPAn, Oriol Junqueras ERCko buruaren anaia Rogerrek egiten du lan. «Ezin dugu ahaztu Junquerasen anaiaz hitz egiten ari garela», dio Fernandez Diazek elkarrizketan.

2014koak dira grabazioak, azaroaren 9ko erreferendum subiranista egin aurreko asteetakoak. Bi bilera egin zituen Daniel de Alfonso Lasorekin, Kataluniako Iruzurraren Kontrako Bulegoko presidentearekin, eta, haietan, behin eta berriz bide hori aztertzeko eskatu zion. Froga erabilgarriak nahi zituen, ez soilik prozesu subiranista desprestigiatzeko, baita prebarikazioa leporatzeko ere.

Herenegun argitaratu zituen grabazioak Público egunkari digitalak, eta kanpaina hankaz gora jarri duten ondorioak izaten ari da: Kataluniako Legebiltzarrean PPk ez beste guztiek erabaki batzuetan bat egiteraino, denak bat PPren kontra. Ikerketa batzorde bat osatuko dute gertatutakoa aztertzeko, eta Fernandez Diazen beraren agerraldia eskatu dute, besteak beste. Denek eskatu dute jarduneko Barne ministroaren dimisioa, baita Rajoyri erantzukizunak ere hori gerta dadin ezer egiten ez badu.

Rajoyk eta Fernandez Diazek Espainiako Kongresuan azalpenak eman ditzatela eskatu dute ERCk eta CDCk, «ministerioak egiten duen erabilera politikoaren inguruan kontrako joera politikoak defendatzen dituzten liderren eta haien senideen kontra». Barne ministroa zergatik ez duten berehala kargutik kendu ere galdetu dute idatzian, eta taldeek jakin nahi dute, era berean, Rajoyk kasua ezagutzen ote zuen.

Alderdientzako aukera paregabea bilakatu da aldaketaren aldeko botoa eskatzeko, eta PPren dinamika okerrak zigortzeko eskatu diete herritarrei, eta esan Fernandez Diazek dimisioa ematen ez badu herritarrek kendu behar dutela igandean. Fernandez Diaz PPren diputatugaia ere bada, nondik eta Bartzelonatik.

Alderdiek azkenaldian izandako eskandalurik handiena deritzotena, ordea, «lankidetza leial eta instituzionalean» jarri du Fernandez Diazek. Bilera egon zela aitortu badu ere, esaldiak testuingurutik kanpo ateratakoak direla salatu du, eta «legez kanpoko eraso baten biktima» bera izan dela nabarmendu. Helburu politikoa du, haren ustez, hauteskundeen atarian 2014ko elkarrizketak ateratzeak.

«Presidenteak badaki»

«Gobernuko presidenteak badaki». Hori esaten entzuten zaio Fernandez Diazi grabazioan. Daniel de Alfonsok ere berretsi du Rajoy jakinaren gainean zegoela, baina Rajoyk ez daki ezer: alderdiaren barruko eskandaluren bat ateratzen den guztietan esaten duen gauza bera berretsi du: herenegun izan zuen elkarrizketon berri, eta, gainera, ez zekien De Alfonso nor zen ere, ezta iruzurraren kontrako bulegorik bazenik ere. Arazoak ez dauden lekuan sortzea leporatu die alderdiei, eta «babes osoa» erakutsi dio Barne ministroari, PPren kontrako konspirazioaren teoria indartuz.

Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak, PPk ez beste alderdi guztiek eskatuta, prozesua hasi du De Alfonso kargutik kentzeko, Generalitatearen menpeko kargua baita. Carme Forcadell legebiltzarreko presidenteak azaldu du oso denbora gutxian emango diotela irtenbidea auziari. Lehen urratsa gaur egingo dute, iruzurraren bulegoak erabakiko du kargugabetzeko prozesuak jarraitu behar duen. De Alfonsok eskubidea izango du batzordean bere bertsioa emateko, Forcadellen arabera, eta halaxe egingo du. Urrats guztiak espero bezala egiten badira, datorren asteazkenean bozkatuko dute legebiltzarreko osoko bilkuran. Neurri horiez gain, aztertzeko utzi dituzte salaketa penal bat jarriko duten De Alfonsoren kontra. Ez dute ezer baztertu.

Legebiltzarrak abiatu duen prozesua salatu du De Alfonsok, haren ustez, legezko kausa bat behar baita, eta nabarmendu du berak inoiz ez duela bere funtzioetan huts egin.

Grabazioen egiletza De Alfonsorena dela esaterik badagoela argitaratu dute Público-n, haren sakelakotik, hainbat adituk egindako ikerketan oinarrituz, baina, De Alfonsok esan duenez, haren telefonotik egin badira, norbaitek bideratuta izan da, «erabaki suizida» bailitzateke hori egitea, bere etorkizuna auzitan jartzen duelako. De Alfonsok teoria bat du: Barne Ministerioko norbait izan da, haren sakelekoa aktibatuta, edo mikrofono bat jarri dutela bilera gelan. Fernandez Diazek Polizia Judizialari eskatu dio ikerketa abia dezala, elkarrizketaren grabatzailea nor den jakiteko, eta baita nork zabaldu dituen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.