Feijooren ustez, «Sanchezek mugarik gabeko botere sistema bat ezarri nahi du»

Botere Judiziala «berritzeko» ahalegina eskatu dio Sumarreko buru Yolanda Diazek. PSOEren ustez, «demokraziak irabazi du».

PPko buru Alberto Nuñez Feijoo, gaur eguerdiko prentsaurrekoan. J.J. GUILLEN / EFE
PPko buru Alberto Nuñez Feijoo, gaur eguerdiko prentsaurrekoan. J.J. GUILLEN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 29a
14:05
Entzun

Pedro Sanchezek iragarri du ez duela utziko Espainiako Gobernuko presidente kargua. Erabakiak zeresana eman du Espainian; arbuioa, alde batetik, eta babesa, bestetik. Oposizioko alderdi nagusiaren, PPren, buruzagi Alberto Nuñez Feijook Sanchezek mezua helarazi eta ordu gutxira eman du prentsaurrekoa. Bertan, «Sanchezek mugarik gabeko botere sistema bat» ezarri nahi duela esan du. Are gehiago, «zuzenbide estatuan onartu ezin daitekeen jarrera» duela leporatu dio Espainiako presidenteari; izan ere, «epaileek eta hedabideek era independente batean ekitea ez da anomalia bat, normaltasun demokratikoan gertatzen den zerbait baizik». Sanchez «polarizazioaren bila» dagoela gaineratu du.

Feijoo, hala ere, ez da Sanchezen aurka egin duen alderdi popularreko kide bakarra. Madrileko komunitateko presidente Isabel Diaz Ayusok ere gogor egin du Espainiako presidentearen aurka, haren zein haren ingurukoan «inpunitatea» salatuz: «Mugak non dauden gogoratzen dion edozein kontrapisuren aurka egingo du». Are gehiago, Diaz Ayusok «aurkari politikoak instituzioetatik jazartzea» leporatu dio Sanchezi, baita «epaile, hedabide, kazetari eta haien familiak» ere. Diaz Ayusoren bikotekidea ikerketa pean dago ogasun publikoari iruzur egin diola leporatzen baitiote.

Sanchezen alderdiak, PSOEk, babesa erakutsi dio gaur, azken egunetan egin duen gisan. Hori adierazten aurrenetarikoa PSOEren Espainiako Kongresuko eledun Patxi Lopez izan da. X sare sozialean argitaratutako mezu baten bitartez, haren sostengua helarazi dio Espainiako Gobernuko presidente eta alderdiko idazkari nagusiari; bertan, «demokraziak irabazi» duela esan du, eta «Pedrok gezurrak egia ez duela garaitzen ikusarazi» duela azpimarratu du.

Patxi Lopez Pedro Sanchez besarkatzen, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Patxi Lopez Pedro Sanchez besarkatzen, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE

Alderdiko beste hainbat kidek antzeko mezuak helarazi dituzte, betiere «demokraziaren garaipena» aldarrikatuz. Espainiako Kongresuko presidente Francina Armengolek, adibidez, «politika erabilgarria» aldarrikatu du, eta gertaturikoaren inguruan hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak: «Hausnarketa kolektiboak politika duintzen lagundu dezala. Erakundeen onerako, herritarrei baliagarri izateko».

Gobernua osatzen duen koalizioaren bigarren zutoinak ere baikor hartu du presidentearen erabakia. Sumarreko buru eta bigarren presidenteorde Yolanda Diazek prentsaurrekoa eman du Sanchezen erabakiaren ostean eta Botere Judiziala «berritzeko» ahalegina eskatu dio. Izan ere, Diazek bost eguneko etena «puntu eta aparte» bat izatea nahi du luze gabe «erabaki garrantzitsuak» —Bote Judizialaren erreforma, besteak beste— hartzen hasteko: «Justiziaren demokratizazioan jardun behar dugu ahalik eta lasterren».

Kataluniatik ere erantzun dute

PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren Kataluniako Generalitateko presidentegai Salvador Illak, bestalde, Sanchezek kargua utzi ez izana «Kataluniarentzako albisterik onena» dela adierazi du. Espainiako Gobernuko presidenteak «politikaren duintasuna berreskuratzeko erabaki ausarta» hartu duela gaineratu du.

Babesa adierazten duten mezuak ez dira Kataluniatik bidali dituzten bakarrak. PPC Kataluniako Alderdi Popularreko presidentegai Alejandro Fernandezek justiziaren erabakiak ez onartzea leporatu dio Sanchezi, eta bere emaztearen kasuaz gain, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren (2016-2017) kasua ekarri du hizpidera: «Argi geratu da: Sanchezentzat epaileak ez dira Puigdemont kondenatu edo bere emaztea prozesatu dezaketenak; hori berak erabaki dezake soilik».

Kataluniako alderdi subiranistek ere ez dituzte begi onez ikusi Sanchezen ekintzak. ERC Esquerra Republicanak zein JxC Junts per Catalunyak Kataluniako hauteskundeei begira —maiatzaren 12an dira— ekin izana leporatu diote. Are gehiago, Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragonesek iritzi dio Sanchez ez dela «zintzoa» izan, eta hauteskundeei begira «ke laino bat egin nahi izan duela». Haren alderdiak Hauteskunde Batzordean salatu du Espainiako telebista publikoak Sanchezi egingo dion elkarrizketa ere, «asmo elektorala» duelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.