Kargua hartzea erraztu diezaiola eskatu dio Alberto Nuñez Feijook Pedro Sanchezi. PPko eta PSOEko presidentegaiak ia ordubetez bildu dira gaur Espainiako Kongresuan, eta proposamen berria eraman du Feijook hara: «Gobernagarritasunaren aldeko akordio bat eskaini diot; bestela, Espainia independentisten esku geratuko da».
«Puntu komunak» izenburupean Sanchezi eman dion zazpi orriko txostenak 11 neurri jasotzen ditu, eta 1977ko Moncloako Itunen argazki bat du azalean. Hau da proposamena: PSOEk PPren inbestidura erraztea, bi urteko agintaldi batean sei estatu akordio garatu ahal izateko. Ondoren, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deituko litzateke berriz.
La portada del pacto que Feijóo ha entregado a Sánchez, con una foto de los Pactos de La Moncloa de 1977. pic.twitter.com/mqMsDTx2uh
— Elsa García de Blas (@ElsaGarciad) August 30, 2023
Feijooren arabera, horrela bermatuta egongo litzateke boto gehien jaso dituen zerrendak gobernatzea, «zentralitatearen mesedetan, eta azken 45 urteetan ohitura izan den moduan». «Modu horretan, alderdi independentistek izan dezaketen eragina indargabetuko dugu, eta bermatuko dugu espainiar guztiek tratu parekidea jasotzea», adierazi du PPko idazkari nagusiak. «Espainiaren gobernagarritasuna ezin da nazionalisten etengabeko xantaiaren menpe egon».
Zehazki, Feijook «Espainiak zintzilik dituen erreformei» aurre egin nahi die 24 hilabeteko agintaldi horretan. «Inork nahi ez duen» blokeo politiko bat ere eragotzi nahi du.
Sei akordio
PPk proposatu duen gobernuak 15 ministerio izango lituzke —PSOEko ministrorik ez luke izango—, «nazio espainiarraren lurraldetasuna defendatzeko konpromisoa» hartuko luke, eta alderdi independentisten erreferendum eta amnistia eskariak ukatuko lituzke. Eskainitako sei estatu akordioak, berriz, hauek dira: «Eraberritze demokratikoarena, ongizate estatuarena, saneamendu ekonomikoarena, familiena, urarena eta lurraldetasunarena».
Sanchezek, berriz, Feijoori eskatu dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia abenduaren 31 baino lehen eraberritzeko konpromisoa hartzeko, «presidentea edozein dela ere». PPk ia bost urte daramatza CGPJren berritzea blokeatzen.
Gaur egindako proposamenari dagokionez, berehalakoa izan da Sanchezen erantzuna. PSOEko iturriek ateralditzat jo dute proposamena. «Feijook uste du 5.000 biztanleko herri bat kudeatzen ari dela», adierazi dute.
Urkullurekin solasean
Sanchezekin ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere hitz egin du Feijook, telefonoz. Jaurlaritzaren arabera, ordu erdi pasatxoko hizketaldi «zintzoa eta probetxuzkoa» eduki dute. Alabaina, eskatu dio EAJrekin hitz egiteko inbestidurari buruz.