Espainia

Feijook PPko presidente izateko hautagaitza aurkeztuko du

Galiziako presidentearen esanetan, «presaz, baina ondo hausnartutako» erabakia izan da, eta nabarmendu du «guztiz bateragarria» dela Xuntako eta alderdiko presidente izatea.

Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidentea, gaur goizean Coruñan egindako agerraldian. CALABAR / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 2a
18:29
Entzun

Azken asteetako zurrumurrua baieztatu da. Galiziako Xuntako buru Alberto Nuñez Feijook Alderdi Popularreko presidente izateko hautagaitza aurkeztuko du. Azaldu duenez, PPko presidentegai izateko erabakia «presaz, baina ondo hausnartuta» hartu du. «Umiltasunez eta konbentzimenduz, nire herrialdearen zerbitzura jartzeko betebeharra dut, Espainiak gobernu serio bat edukitzeko». Hori bai, ziurtatu du ez dela «Galiziatik gutxienez hilabete batean joango». Ondo bidean, Feijook ordezkatuko du Pablo Casado, oraindik PPko presidente dena, datorren apirilaren 1ean eta 2an alderdiak Sevillan (Espainia) egitekoa duen ezohiko kongresuan.

Feijook adierazpen horiek egin ditu gaur Galiziako PPko zuzendaritzarekin bildu eta osteko agerraldian, Santiagon. Hasieran, uzkur agertu da haren alderdiaren gaurkotasunari buruz hitz egiteko, baina aitortu du «azken asteetako gertaerek erabaki bat hartzera behartu» dutela. Hau ere erantsi du: «Inoiz ez nuen pentsatuko horrelako erabaki bat hartu beharko nukeenik». Alderdiko kideei eskaera argia egin die: «Alderdi Popularreko presidentetzarako hautagaitza aurkezteko baimena eskatzen dizuet».

Goizean, hedabideek galdetu diotenean bateragarriak ote diren Galiziako presidente kargua eta PPko balizko zuzendaritza, Feijook esan du «guztiz bateragarria» dela «Xuntako eta alderdi bateko buru izatea», eta gaineratu du «jakitun» dela Galiziarekin duen erantzukizunaz. «Galizia ez dut hilabete barru utziko». Hain zuzen, iragarri du martxoan eta apirilean gobernu plangintzarekin jarraitzeko «asmoa» duela.

Casado ordezkatzeko hautagaiek martxoaren 9ko 20:00ak baino lehenago izena eman beharko dute, eta, oraingoz, Feijooz gain ez dago beste presidentegairik.

Bitartean, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak «eskertu» egin dio Feijoori egindako urratsa. «Bide bakarra dago Sanchezen gobernua aldatzeko: aurrera begiratu eta geure onena ematea», idatzi du bere Twitter kontuan. Diaz Ayusok Feijoori babesa adierazi dion heinean, ordea, PPren zuzendaritza nazionalari kritika gogorrak egin dizkio, alderdiaren barruan haren aurka hasitako «kanpainagatik», eta afera horretan inplikatutako guztiak kanporatzea exijitu zuen.

Bestalde, gaur goizean Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazi duenez, alderdiko «gehiengo handi» batek Feijoo babesten du. «Erreferente bat da gure alderdian», esan du Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.