Alberto Nuñez Feijoo lehenengoz lehiatu da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta gazi-gozoa izan du estreinako aldia. PP Alderdi Popularra berriz ere izan da babesik handiena bildu duen indarra, baina ez du lortu ez bakarrik gobernatzeko behar adina ordezkaritzarik —136 izango ditu—, ezta, printzipioz, balizko aliatuekin batera gehiengo osora iristeko nahikoa aulkirik ere. Edonola ere, Feijook uste du Espainiako Gobernuko presidente izan behar duela, PPk bildu duelako boto gehien eta ordezkaritzarik handiena Diputatuen Kongresuan, alderdiko iturriek Espainiako hedabideei atzo adierazi zietenez. Eta jarraitzaileen aurrean, Feijook esan zuen «elkarrizketak abiatuko» dituela «gobernatzen saiatzeko».
Emaitzei erreparatuz gero, PPk nabarmen egin du gora ordezkaritzan. Aurreko bi bozetan, 2019an egindakoetan, Pablo Casado buruzagi zuela inoizko babesik txikiena bildu zuen Diputatuen Kongresuan —66 aulki urte hartako apirilean, eta 88 azaroan—, eta, beraz, ordezkaritza horiek nabarmen hobetu ditu Feijook; gainera, 2016an lorturiko 137 eserlekuak eta 2015eko 123 diputatuak gainditu ditu —Mariano Rajoy zen liderra—. Hau da, 2011tik honako eserleku gehien lortu zuen atzo PPk —186 aulki izan ziren urte hartan, Rajoyrekin ere bai—.
Horregatik, Feijook uste du hark duela zilegitasuna Espainian gobernatzeko, eta PSOEri Diputatuen Kongresuko inbestidura saioan abstenitzeko eskatuko dio, alderdiko iturriek Espainiako hedabideei atzo azaldurikoaren arabera.
Lehen emaitzak jakitean, hedabideen aurrean agerraldia egin zuena Cuca Gamarra izan zen, PPko idazkari nagusia, eta esan zuen «gau elektoral handia» izango zutela kontserbadoreek, gerora baieztatu zen modura. Hori bai, ez zion erreferentziarik egin Voxeko eskuin muturrari, horren babesa behar baitute inbestidura saioan, eta, harago joanda, gobernabidea bermatzeko.
Aliantzen ikuspuntutik, PPren gorakadak eragin du eskuineko blokea ere hazi egin dela eserleku kopuruan. Kontserbadoreen eta Voxen batura 140 diputatukoa izan zen joan den legealdian, eta orain 169koa izango da. Aldiz, emaitza horiek agerian utzi dute, kontrara, eten egin dela Voxek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan zuen goranzko joera. 2019ko apirileko bozetan 24 aulki bildu zituen, azarokoetan 52 eta aurten 33ra jaitsi da.
Abascal, triste
Santiago Abascal eskuin muturrekoaren buruak Feijoo zoriondu zuen atzo bozetako emaitzengatik, baina, aldi berean, triste agertu zen, PSOEk izan zuen emaitzarengatik.
«Aipatu nahi dut espainiar askorentzat albiste txar bat dena: Pedro Sanchezek, hauteskundeak galdu baditu ere, inbestidura bat blokea dezake. Eta, okerrago, komunismoari, independentismo kolpistari eta terrorismoari esker inbestitua izan daiteke».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak Espainian
Feijook esan du «elkarrizketak hasiko» dituela gobernatzen saiatzeko
Eskuindarren buruak PSOEren abstentzioa eskatuko du Kongresuko inbestidura saiorako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu