MADRIL. Espainiako Diputatuen Kongresuan irailaren 26 eta 27 bitarte egingo duten inbestidura saioari begira, PPko buruzagi eta hautagai Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezekin elkartu zen atzo, eta zera eskatu zion: inbestidura erraztu, eta bi urtez gobernatzen uzteko, «sei estatu akordio» betetze aldera. Horren ondoren, bozetara deituko luke.
Feijooren arabera, proposamen sorta horren bitartez bermatuko litzateke boto gehien jaso duen alderdiak gobernatzea, «zentralitatearen mesedetan, eta azkeneko 45 urteetan ohitura izan den gisara». «Modu horretan, alderdi independentistek izan dezaketen eragina indargabetuko dugu, eta bermatuko dugu espainiar guztiek tratu parekidea jasotzea».
Bilkuraren ondoren, Sanchez bere alderdiko buruzagitzarekin bildu zen, eta alderdiko iturriek jakinarazi zuten PSOEko buruzagiak ezezkoa eman ziola Feijoori. Horren ordez, bi agintarien arteko bileran, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia abenduaren 31 baino lehen eraberritzeko konpromisoa eskatu zion Sanchezek PPko buruzagiari.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hitz egin zuen Feijoorekin, atzo, telefonoz. Lehendakaritzako iturriek Efe berri agentziari esandakoaren arabera, elkarrizketa «onuragarria eta irekia» izan zen, baina Urkulluk esan zion EAJren arduradunekin hitz egin beharko duela inbestiduraz.
Feijook bi urtez gobernatzen uzteko eskatu dio Sanchezi
PSOEkoak uko egin dio eskariari, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia aurten berritzea proposatu dio PPkoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu