mikel p ansa

Feijoo, epaileak eta hedabideak

2024ko abuztuaren 12a
16:40
Entzun

Alberto Nuñez Feijook, azalpen gutxi gehiago behar bazituen, oso modu esplizitu eta argian esplikatu du Espainiako Gobernua hankaz gora jartzeko estrategia. Cope irrati katean elkarrizketatu dute gaur, eta esan du, hitzez hitz: «Espainiari gelditzen zaizkio: oposizioa, epaileak eta hedabideak. Bakoitza gure betebeharra betetzera deituak gaude».

Estatu kolpearen adiera klasikoan armadak egon izan dira inplikatuta, baina beharbada iritsi da estatu kolpe kontzeptua eguneratzeko garaia. Munduan han-hemen, hauteskundeen ondorioz aukeratutako gobernu batzuk agintetik kentzeko erabili diren formula berrietan armadarik ez, eta hedabideak eta epaileak batuta aritu dira. Orain oso modan dagoen lawfare termino hori ez da, kasualitateaz, orain jarri modan.

Eta Feijook oso argi adierazi du botere judizialak botere legegilearen aurka egin behar lukeela. Eta laugarren boterea esan izan zaion hori gehitu du ekuazioan, hedabideak. Denak bat eginda, botere exekutiboaren kontra. Beste herrialde batzuetan, botere legegilearen kontra ere erabili da entente hori.

Demokrazia liberalen eskema klasikoa haizea hartzera bidaltzen ari dira eskuinak —moderatu, klasiko zein muturreko, berdintsu dio koloreak— herrialde askotan, hauteskundeen emaitzen arabera zilegiak diren gobernuak agintetik kentzeko.

Eremu arriskutsu eta labainkorrean ari dira sartzen munduko eskuin asko, eta ongizate estatuaren oinarri izan diren estatu egiturak eta botere banaketa uzkailtzeko beldurrik ez dute. Feijook, gaur, batere lotsarik gabe deitu ditu epaileak altxamendu judizial batera. Esango du ezetz beharbada, berak ez duela halakorik adierazi, baina Copen egin duen deiak ez du zalantza askorik uzten. Jokoaren arauak erabat iraultzen ari dira. Eta harrigarriena: lotsarik ere ez dute ezkutatzen ahalegintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.