Joseph Ratzingerrek amore eman du, adinaren ahuldadeak akituta. Azken hilabeteotan «ezintasuna» nabaritu du, galduz joan da Eliza katolikoaren aita santua izateko behar zuen kemena. Horregatik, kuriaren aurrean, latinez idatzitako komunikatuan eman zuen atzo «Elizaren bizitzarentzat erabaki garrantzitsua» izango denaren berri: «Kontzientzia behin eta berriz Jainkoaren aurrean aztertu ondoren, nire adina dela eta, ez dut indarrik San Petriren ministerioa behar bezala bideratzeko». Gaurko mundua aldakorra da, eta fedearen bizitzarentzat garrantzitsuak diren kontuek astinduta dago, Ratzingerren arabera, eta fedeak horri aurre egiteko behar duena ez du une honetan: «Kemena».
Eliza katolikoan zahartzaroaren ondorioz dimisiorik ez da eman orain arte, eta berritasuna «ezustekoa» izan da, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak aitortu duenez. Haren arabera, ez dago gaixo, zahartzaroaren berezkoa den nekea du, besterik ez —86 urte egingo ditu apirilean— , baina inork ez du ahaztu, Lombardik ere ez, duela bi urte dimisioa aukeratzat jo zuela Ratzingerrek, orduan polemika ugariren zurrunbiloan sartuta zegoela. «Dimisioa eman daiteke baretasun une batean, edo gehiago ezin bada».
Benedikto XVI.ak Peter Seewalden Munduaren argia libururako egindako elkarrizketan aurreratu zuen atzo egindako urratsaren aukera, duela bi urte: «Aita santu batek kontzientzia argia duenean fisikoki eta espiritualki ez dela gai agindu dioten eginbeharra aurrera eramateko, orduan eskubidea dauka, eta egoera batzuen aurrean betebeharra ere bai, dimisioa emateko». Lombardik egindako «gogoetan» ondorio honetara heldu da: kardinal askoren aurrean eman du albistea Benedikto XVI.ak, beraz, ongi pentsatu du, hilabeteetan, baina bere ondokoek ez zeukaten horren berri —anaia Georg Ratzingerrek bai. Berak atzo esan zuen medikuek bidaia luzeak ez egiteko aholkatu ziotela—.
Karguari otsailaren 28an egingo dio uko, 20:00etan, eta ondoren martxoaren 31 baino lehen aukeratu beharko lukete aita santua, Lombardiren arabera. Benedikto XVI.ak Vatikanoan bizitzen jarraituko du, eta printzipioz ez du konklabean parte hartuko. Konklabearen ondoren Castel Gandolfo udako egoitzara joango da; handik, berriz, klausurako mojen Vatikanoko komentu batera.
Agintaritza polemikoa
Etsipenaren atzean ia zortzi urteko agintaritza polemikoak uzten duen aztarna dago, pasarte ilun askoren zama, azkena, dokumentu sekretuen filtrazioaren ingurukoa. Aita santuaren dimisioaren zurrumurruak handitu egin ziren Vatileaks deitu zioten eskandaluaren harira.Vatikanoaren botere borrokak agerian utzi zituen dokumentu pribatuak atera zirenean. Horregatik, aita santuaren erabakiak ekarriko dituen konspirazio teoria guztiak aurreikusi ditu Lombardik, eta dagoeneko ukatu du «aitasantutzako zailtasunen ondorio» izan dela.
Iazko urte hasieran hainbat filtrazio egon ziren, eta gero, gehiago, bata bestearen atzetik. Lombardi bozeramaileak aitortu behar izateraino Eliza Vaticanleaks partikularra jasaten ari zela. Italiako hedabideek hainbat dokumentu argitaratu zituzten Vatikanoaren ustelkeria agerian utziz, eta Ratzinger bera hiltzeko konplot bat zegoela ere bai. Dokumentu haiek argi utzi zuten, kuriaren hainbat sektoreen artean Ratzinger ordezkatzeko zegoen borroka sutsua. L'Osservatore Romanok Benedikto XVI.a 85 urteko gizon bakarti eta gaixo gisara deskribatu zuen, «otsoz inguratutako artzain» baten gisa. Bere zerbitzari eta gertukoa zuen Paolo Gabrieleren atxiloketak Eliza igarotzen ari zen une konplexua ekarri zuen argitara.
Elizaren jerarka garrantzitsuak nahasi dituzte azken hamarkadan izan diren eskandaluek; kardinalak, gotzainak, apaizak, ordena erlijiosoen sortzaileak, eta gertaera horiek jarraitzaile askoren fedea eta praktika zalantzan jarri du. Eliza balioen krisia ere jasaten ari da, sinesmen zaharkituei eusteko joerari helduz, baina Benedikto XVI.ak doktrina atzerakoienari eutsi dio amaiera arte.
Abortua forma guztietan gaitzetsi du, pilula eta gainerako antisorgailuak ere bai. Kargua hartu eta berehala, seminarioetan homosexualak sartzea debekatu zuen, eta azken Gabonetako mezuan predikatu zuen sexu berekoen arteko ezkontzak «familiaren benetako egituraren kontrako erasoak» zirela, «ama, aita eta umeez osatutakoari» egindakoak. Iazko apirilean errieta egin zien Elizaren barruan emakumeak meza emateko eta apaizak ezkontzeko eskubidea aldarrikatu zutenei. Askapenaren teorikoen kontrako jarrera ere bere borroka fronte bat izan da.
Ahots kontserbadorea
Benedikto XVI.a ahots kontserbadore irmoarekin iritsi zen 2005ean Eliza katolikoaren buruzagitzara, baina berak eman nahi zuen mezua aldrebestu egin zitzaion, lehenik berak iraganean sexu erasoak zirela-eta hartu zituen erabakien ondorioz, eta ondoren, umeei eta gazteei apaizek egindako sexu abusuak atera zirenean izan zuen jarreragatik.
Aita santuak Irlandan, AEBetan, Austrian, Belgikan, Herbehereetan, Norvegian eta Alemanian apaizen pederastia kasuak ateratzen hasi zirenean, pentsamendu liberalaren totalitarismoaren jazarpena ikusi zuen, egia moralen kontrako «borroka kulturala». Kasu batek ere nahastu zuen Municheko artzapezpiku zela apaiz pederasta batzuk «babestea» leporatu ziotenean, Fedearen eta Doktrinaren Kongregazioko buru zenean. Aita santuak hainbat gotzain kargutik kendu behar izan zituen kausa horrengatik, Kristoren Legionarioena bezalaxe, jakinarazi zutenean haren sortzaile Marcial Macielek —2008an hil zen— hainbat seminaristari sexu abusuak egin zizkiela, eta hainbat emakumerekin umeak izan zituela.
Ezkutaezina zena agerian geratu zenean heldu behar izan zion gaiari, «berandu, mantsoegi eta atzerapen handiz», kritikoen arabera, Elizaren barruan konpondu beharrekoak zirela esan baitzuen ordura arte. Eskandaluak puri-purian zeudenean, 2010eko apirilean dokumentu bat zabaldu zuen Vatikanoak, argituz, Ratzingerrek 2003an testu bat egin zuela esanez pederastia kasuak epaitegi zibilen esku utzi behar zirela, baina kasurik ez da izan epaitegietan, eta Ratzingerrek berak 1974an egindako testuan esaten zena kontrajartzen zuen. «Kongregazioaren Epaitegi Apostolikoak aztertuko ditu moralaren kontrako delituak, 18 urtetik beherakoekin egindakoak barne». Ratzingerrek testua 1991n aldatu zuen, eta Vatikanoaren esku utzi zuen kasuak argitzeko ardura. Soka luzea duten auziak utzi ditu aita santuak.
Vatikanoa. Benedikto XVI.aren dimisioa
Fedearen kemena galdu du
Benedikto XVI.ak dimisioa eman ondoren, kargua otsailaren 28an utziko du; hilabetera aukeratuko dute aita santu berriaEliza katolikoaren ustelkeria eta pederastia auziei aurre egin behar izan die zortzi urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu