AEBetako Defentsa Departamentuaren ehunka dokumentu klasifikatu filtratu izanaren ustezko erantzulea atxilotu du FBI Ikerketa Bulego Federalak, erakundeak berak jakinarazi duenez. AEBetako fiskal nagusi Merrick Garlandek azaldu duenez, Jack Teixeira izeneko gazte bat da atzeman dutena, Massachusettseko Aireko Guardia Nazionaleko kidea. 21 urte dauzka.
The Washington Post egunkariaren arabera, Teixeirak AEBetako base militar batean lan egiten du, eta armazalea da. Egunkariaren esanetan, Discord sare sozialeko talde bateko kideak «txunditzea» zen haren asmoa. Ustezko filtratzailearen lagun bat da AEBetako egunkariak erabili duen iturria. Washingtonek ikerketa bat abiatu du zer gertatu den argitzeko.
Filtratutako dokumentu sekretuek agerian uzten dute Ukraina prestatzen ari den kontraerasorako prestakuntza, eta, besteak beste, Kiev armatzeko orduan Washingtonen eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeen artean dauden tentsioak ere bai. AEBek Ukraina, Hego Korea eta Israel espiatzen dituztela ere erakusten dute.
Ikusi gehiago: Filtrazioak alboratu eta arma gehiago bidaltzeko eskatu die Kievek aliatuei
Pentagonoaren dokumentuak ustez filtratu dituen gazteak Discord sare sozialeko talde batean jarritako bideo bat ikusi du The Washington Post-ek. Egunkariak argitaratu duenez, horretan ikus daiteke «irain arrazistak eta antisemitak» oihukatzen dituela kamerari begiratzen dion bitartean, eta, geroxeago, helburu bati tiro egiten diola. Ustezko filtratzaileak Interneteko talde horretako beste kideei esana zien base militar batean lan egiten zuela, dokumentu klasifikatuak gainbegiratzen.
Horiek horrela, gero eta argiago dago filtrazioa ez dela AEBei kalte egiteko inteligentzia operazio bat izan, baizik eta Pentagonoaren jokatzeko moduaren ondorio bat. Izan ere, izan militarrak edo izan zibilak, AEBetako Defentsa Departamentuak jende askori ematen dio dokumentu klasifikatuetarako sarbidea; gutxi gorabehera, 1,25 milioi pertsonari.
Horren guztiaren harira, Kremlinek ez du adierazpenik egin. Dena den, Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak atzo iradoki zuen balitekeela AEBen «desinformazio» estrategia baten ondorio izatea gertatutakoa. «Izan ere, AEBak gatazkaren parte direnez eta gure aurka gerra hibrido bat aurrera eramaten ari denez, baliteke kontrarioa, hau da, Errusiako Federazioa engainatzeko erabiltzea gisa horretako teknikak», adierazi zien Errusiako berri agentziei.
Ukraina, berriz, aztertzen ari da argitaratutakoak eraginik izango ote duen kontraerasoaren prestakuntzan. «Noski, jendea ez dago pozik», laburbildu zuen gobernuko funtzionario batek atzo.