Kolonbia. Bake prozesua. Henry Castellanos, 'Romaña'. FARC-EPetako komandantea

«FARCen borroka beti izan da bakearen eta justiziaren aldekoa »

Gerrillako kide historikoak uste osoa dauka estatuak, orain arte ez bezala, prozesu honetan hitza beteko duela: «Bi etsai daudenean, eta batak bestea ezin duenean garaitu, beti bilatu behar da irtenbide politikoa».

BERRIA.
El Diamante (Caqueta, Kolonbia)
2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun
FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren armadako kide historikoa da Henry Castellanos, Romaña edota Edison Romaña ere deitua (Medellin del Ariari, Kolonbia, 1965). Estatu Nagusi Bateratutako kidea da, eta Ekialdeko Blokeko komandantea, 1994tik, Victor Julio Suarez Rojas Mono Jojoy-ren agindupean. 1980ko hamarkadaren amaieran sartu zen gerrillan, eta Pedro Antonio Marin Tirofijo izan zuen irakasle gerrillarien elite talde bat osatzeko. Berari leporatu izan diote 1998an gerrillak Mitu hiria hartu izana edota talde handien bahiketak, 1990eko hamarkadaren amaieran, Bogota eta Villavicencio arteko errepidean. 2012an 38 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Mitu hiria hartzearen arduraduna izateagatik; iaz, berriz, 33 urtekoa, duela hamasei urte Luis Carlos Villegas Defentsa ministroaren alaba bahitzeagatik. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak 2,5 milioi dolar eskaini zituen Castellanos harrapatzeko informazioaren truke. AEBek droga salerosketa leporatu izan diote. Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko negoziazioen azkeneko epean parte hartu du, Habanan, su etenari eta armak entregatzeari buruzko azpibatzordean.

Inoiz pentsatu al zenuen FARCen X. konferentzia Kolonbiako Gobernuaren baimenarekin egingo zenutenik?

FARCen borroka beti izan da bakearen eta justiziaren aldekoa. Orain arte estatuarekin abiatutako prozesu guztiek huts egin dute, ez dutelako hitza bete, engainatu egin gaituzte. Baina orain aukera berriak zabaldu dira eta uste osoa daukagu gobernuak hitza beteko duela eta gizarteak, azkenean, bakea eta justizia sozialaizango dituela.

Noizbait pentsatu al zenuten borroka armatuaren bidez irabaziko zenutela?

Kolonbiako historiako zenbait garaitan, 1990eko hamarkadaren amaieran, esaterako, gerrilla asko hazi zen eta berea izan zen ekimen militarra. Gero aldaketak gertatu ziren. Ez gintuzten harritu, ohituta baikaude egoera berrietara moldatzen. Egia da inoiz ez genuela pentsatu bide armatuaren bidez boterea eskuratuko genuenik.

Gobernuak bere burua behartuta ikusi zuen zuekin negoziatzera ala FARCek egin behar izan zuen atzera?

Horrelako fenomenoak ezin dira hain azkar aztertu. 52 urteko borrokak tragedia ugari eragin ditu:hildakoak, umezurtzak, zaurituak, biktimak, lekualdatuak eta positibo faltsuen ondorioz desagertuak [armadak hildako zibilak, gero gerrillari gisa aurkezteko]. Gerra honi irtenbide logiko bat bilatu behar zitzaion, eta irtenbide hori bakea da. Bi etsaik ezin dutenean batak bestea garaitu, beti bilatu behar da irtenbide politikoa gatazka sozialarentzat eta armatuarentzat. Hala gertatu da munduko herrialde guztietan.

Nola osatuko duzue etorkizuneko alderdi politikoa? Primarioak egingo dituzue ala eutsi egingo diozue egungo hierarkiari?

Hori izan da eztabaidetako bat. Konferentzia ekitaldi demokratikoa da eta horrelako erabakiak eztabaidatu ditugu. Taldeak erabakiko du non lan egin behar dugun: politikan, nekazaritzako eta abeltzaintzako proiektuetan, errepideak egiten... Eremu honetan, Llanos del Yarin, gerrillak egin ditu errepideetako asko. Nekazari iraultzaileak gara, lan egitera ohituak, gizartearen garapenaren alde, pobreenen eta gehien behar dutenen mesedetan. Egokitzen zaiguna egingo dugu.

Gerrillako edozein kidek izango du aukera alderdi politikoko goi karguduna izateko?

Bai, jakina baietz. Konferentzian modua finkatzeko eztabaidan aritu gara. Jada hitzartu dugu gobernuarekin bost senatari eta hiru ordezkari izango ditugula Ordezkarien Ganberan. Erabakitzen baldin bada FARCek beste zuzendaritza bat izan behar dutela, onartu egingo dugu, hemen dena baita demokratikoa.

Zein da zure jarrera gatazkaren biktimekiko?

Uste dut barkamen hitza dilindan dagoela, ez? Horixe da gatazka soziala eta armatua berriro ez errepikatzeko konpromiso onena. Hainbat gertakari izan dira bi aldeetan. Nire 22 senide hil dituzte, esaterako, eta inork ez dit barkamenik eskatu. Gerra ekintza oso mingarriak izan dira 52 urteko gatazkan. Guk aitorpen publikoa egingo dugu, kolektiboa, ez banakakoa. Hala egin genuen Bojayan, hala egingo dugu La Chinitan eta baita diputatuekin ere. Ez dugu ukatzen aurrez aurreko armatua izan denik eta bi aldeetan biktimak eragin dituenik. Orain adiskidetze nazionalaren eta bakearen alde lan egin behar dugu. Bakea, justizia sozialarekin, herriarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.