Kolonbia

FARCen adar disidente batek fronte bat birfundatu du Bogota inguruan

Segunda Marquetalia taldeak 53. frontea eratu du berriz, Kolonbiako hiriburutik 150 kilometrora. ELNri indarrak batzeko eta elkarlanerako deia egin dio.

Ivan Marquez Segunda Marquetalia gerrillako burua, haren taldeko gerrillariz inguratuta, artxiboko irudi batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko apirilaren 21a
12:14
Entzun

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen 53. frontea izandakoa berriz fundatu duela jakinarazi zuen atzo Segunda Marquetalia FARCen adar disidenteetako batek. Ivan Marquezek gidatzen duen gerrillak azaldu duenez, Sumapazen eratu du taldea, Bogota eskualdean, Kolonbiako hiriburutik 150 kilometro ingurura. «Gaur, atzo bezala, borrokara bultzatzen gaitu justizia sozialean, egiazko demokrazian eta subiranotasunean oinarritutako bake bat eraikitzeko sentimendu handi batek», adierazi dute ohar bidez.

Indarrak batzearen aldeko deia ere egin du Segunda Marquetaliak , «herrialde berri bat lortzeko, gizarte ordena berri bat, nazioaren zerbitzura egongo den ekonomia batekin, gizatasun printzipioek gidatuta barne ekoizpena, enplegua eta kalitatezko eta dohako hezkuntza sustatuko dituena». Indar metatze horretarako, zuzeneko aipamena egin dio ELN Nazioa Askatzeko Armadari. «Ahaleginak koordinatzeko» gonbita egin dio.

Taldeak «bakearen gerrilla» izendatu du bere burua, eta ziurtatu du ingurugiroaren, lurraldearen, desjabetuen interesen eta giza eskubideen defentsak gidatuko duela. FARCen 53. frontea 120 kide inguruk osatu izan dute, eta Bogota inguruko Meta eta Cundinamarca eskualdeetan jardun zuen.

FARCen adar disidenterik handiena den Estatu Nagusi Zentralak joan den astean iragarri zuen bake negoziazioak hasiko dituela Kolonbiako Gobernuarekin maiatzaren 16an. Beste negoziazio mahai bat du abian dagoeneko Kolonbiako presidente Gustavo Petroren gobernuak, ELNrekin.

Hain justu, Estatu Nagusi Zentraleko buru Nestor Gregorio Verak deia egin zion ere bi talde armatuen arteko gatazka amaitzeko: «Gure arteko borrokek elite boteretsuei soilik egiten diete mesede, eta aberastu egiten ditu arma salmentatik bizi direnak». Adierazi zuen bi taldeak «gerturatzen» saiatuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.