FARCeko disidentzia talde baten barne gerra iragarri dute

Bloque Amazonas kritiko agertu da EMCko beste gerrillen jarrerarekin eta estrategiekin. Lau lagun hil dituzte liskar horien harira.

Ivan Mordisco Bloque Amazonaseko gerrillaria, artxiboko irudi batean. ERNESTO GUZMAN / EFE
Ivan Mordisco Bloque Amazonasko gerrillaria, artxiboko irudi batean. ERNESTO GUZMAN / EFE
ander perez zala
2024ko abuztuaren 22a
12:30
Entzun

Erabat piztu da FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak zenaren disidentzia talde handi bateko barne gatazka: Bloque Amazonas gerrillak EMC Estatu Nagusi Zentrala osatzen duten beste talde armatuen kontrako gerra iragarri du, horien artean izandako desadostasunen eta erasoen ondorioz. Komunikatu baten bitartez, gerrillak agerian utzi du EMCko barne zatiketak sakonak direla, eta bere burua defendatzeko modura deskribatu du erabaki hori hartu izana.

Bloque Amazonasek esan du azken asteotan EMCko taldeen arteko indarkeria handitu egin dela, eta bere kontrako bi eraso egin dituztela; horietan lau lagun hil dituzte, oharrean azaldu duenez. Horregatik, gerrillak uste du dagoeneko ez dela posible neutraltasuna mantentzea, eta dei egin die bere «unitateei eremuak berriz hartzeko» pausoak ematen ari den «indar ororen kontra borrokatzeko».

Hilketez gain, Bloque Amazonas kritiko agertu da EMC beste talde armatu batzuekin egiten ari den aliantzekin; besteak beste, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin —hori ere bakea negoziatzen ari da gobernuarekin—, paramilitarrekin, armadarekin eta «identitate politikorik ez duten narkotrafikatzaile bandekin». Gerrillak uste du estrategia hori okerra dela, eta ez duela zerikusirik «Kolonbia libre eta subirano bat» lortzeko helburuarekin: «Aliantza hori nabarmen ikusi da gure eremuetan. Indartu egin da FARC EP gerrilla indarraren kontrako aliantza, zeina sendotu egin den herri alternatiba iraultzaile modura».

Egoera horren errudunak Kolonbiako Gobernua eta Ameriketako Estatu Batuak ere badirela argudiatu du Bloque Amazonasek, Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen erabateko bakearen politika «paramilitarismoa eta eskuin mutur faxista indartzeko» erabili dutela esan baitu.

Bakerako ordezkaritzaren zilegitasuna

Horrek guztiak lotura du, gainera, gobernuarekin izaten ari diren bake elkarrizketekin, talde armatuak adierazi duenez, uste baitu EMCko kide batzuen iritziak isilarazi dituztela, negoziazio horietan ez dezaten parte hartu; eta horrek berekin ekarri du, Bloque Amazonasek esan duenez, ordezkaritzaren zilegitasuna zalantzan egotea, soilik EMCren parte baten iritzia ordezkatzen duelako.

Besteak beste, Bloque Amazonasek Alexander Diaz Mendoza Calarca Cordoba buru duen sektoreari egin dio erreferentzia gaur kaleraturiko komunikatuaren bitartez. Calarca Cordobak berak joan den ekainean onartu zuen disidenteen artean desadostasunak daudela, eta batez ere Ivan Mordiscoren —Nestor Gregorio Vera Fernandez du berezko izena— kontra aritu zen; hain justu, Mordisco da Bloque Amazonasen buruetako bat, eta bake elkarrizketetatik irten da —su etena iragan uztailean amaitu zen, gainera—.

«Nahi genuen traizio horrek ez sortzea konfrontazio armatu bat, gerrillariei, milizianoei edo biztanleria zibilari eragingo bailioke; espero genuen zatiketak sortzen ari diren gerrillariak FARC EPra itzuliko zirela, baina komandanteek gerra nahiago izan dute», adierazi du Bloque Amazonasek talde disidenteen arteko harremanaz.

EMC barneko egoerak agerian utzi du Kolonbiako bake prozesuak zer erronka eta zailtasun dituen, eta disidentzia talde horretako sektoreak elkarren kontra ari direla kontrola eta influentzia bereganatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.