Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko negoziazioek aurrera egiteko izan ditzaketen zailtasunen artean ez da gerrillarien ekintza armatuarena egongo, ez bi hilabetean. «Beharrezko ulermen giroa sendotzeko» gaurtik datorren urtarrilaren 20ra bitartean, «FARC-EPko idazkaritzak gerrillarien unitate guztiei agindu die indar publikoen kontrakoeraso operazio militar eta sabotaje ekintza oro eteteko». Luciano Marin Arango Ivan Marquez gerrillarien negoziazio taldeko buruak eman zuen atzo erabakiaren berri, Habanako Biltzar Jauregiaren aurrean. Han hasi dituzte Kolonbiako Gobernuarekin negoziazioak. Bogotak, berriz, gerrillarien kontra su-etenik ez dela izango jakinarazi zuen, eta ez du adierazpenik egin iritziz aldatu duela esateko.
Dena den, abiatu da prozesua. FARCek su-etena iragarri ondoren, Habanako jauregiko atea itxi, eta hizketan hasi dira bi aldeak.Hamar bat egunez gatazkaren oinarrian den puntuaz eztabaidatuko dute bi aldeetako bost kidek: lurraren jabetzaz eta banaketaz.Sei hilabetean bi aldeek zehaztutako agendaren bost puntuko lehena da lurrarena, eta negoziatzen hasi aurretik bi aldeek argi utzi dute oso helburu ezberdinak lortzera eseriko direla.
Gobernuak eskaera zehatzak eta luze gabe egingarri direnak jarriko ditu mahai gainean. Nekazaritza erreforma bideratzeko lege aldaketa —idatzia dago— eta gerrillariak gizarteratzeko politikariburuz hitz egin nahi du, baina ez besterik. Juan Manuel Santos presidenteak berak argi utzi du eredu ekonomikoa ez dela eztabaidagaia.
Gerrillariek ere nekazaritza erreforma jarriko dute mahai gainean, baina aldaketa askoz sakonagoak eskatzera joango da, banaketa sozial justuagoa eragingo duen ekonomia egitura aldaketa, azken batean. Lurrarena baitagerrillarientzat Kolonbiako gatazkaren iturri nagusia —haren banaketa injustuak eragin zuen FARCen sorrera 1963an—.
Historikoki gaur arte latifundisten esku izan dira lurrak Kolonbian, eremu izugarriak eta aberatsak, milioika hektarea, zati gutxitan banatuta. Hamabost milioi dira berriz, nekazariak. Lur txiki eta ertainen jabeak bartzuk, baina gehienak, hamar milioi inguru, baldintza txarretan bizirik irauten duten lur-jabe horien langileak dira. Hain zuzen, FARCen proposamenak nekazaritza guneetan du babes gehien; hiri nagusietan Santosen proposamenak askoz babes handiagoa du, eta hazkunde ekonomikoa hark egiten dituen proposamenekin lotzen dute.
Jabegoaren demokratizazioa
FARCen nekazaritzaren erreforma, berriz, lurraren jabegoa demokratizatzeko plana da. Nola eman hamar milioi nekazariri lurrak, haiek lantzeko heziketa eta osasuna, eta merkaturako bidea. Bizimodu politikoan eta publikoan parte hartzea sustatzea inoren aginduri eta zapalkuntzari erantzun behar izan gabe.
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak negoziazioak hasiko zituztela iragarri zutenean, Oslon, gerrillariek gogorarazi zuten konstituzioaren erreforma eskatuko dutela, ezberdintasunean oinarritutako egitura ekonomikoak eta politikoak aldatzeko, baina gobernuaren taldearen izenean Humberto de la Calle presidenteorde izandakoaren erantzuna argia izan zen: negoziazioetan ez da politika ekonomiko neoliberala edota sistema bipartidista auzitan jarriko. Hitzartutako agendan aurreikusi dago dagoeneko nekazaritza politika eta gerrillarien desmobilizazioa. «Gerrillak harago heldu nahi badu hauteskundeak irabazi beharko ditu».
Azken hamarkadan, Kolonbian militarren eta paramilitarren borroka inoizko gogorrena izan da gerrillarien kontra, eta orain gobernuak uste du, gerrilla ez dagoela-eta bere garairik indartsuenean, une egokia dela baldintza gutxi eskainiz irtenbidea emateko auziari. Gerrillariak Kolonbiako mendietatik atera, eta nekazaritza gune batzuk eskainita, lur-jabeei min handirik eman ez, eta multinazionalek arriskurik gabe meatzeak eta mineralak ustiako garai egokia dela uste du gobernuak, aukera ekonomiko paregabea.
Kolonbian ez dago oraindik mineralen gaineko kontrol handirik; dauden lege apurrak zehazgabeak dira, eta 2001etik aurkitu dituzten mirenalek areagotu egin dute gatazka, atzerriko enpresen helburuak gehitu baitzaizkie barruko interesei. Hain da mineralen auzia basatia, mineralen azken lege proiektua atzera bota zuen Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak berak, iaz, legea idatzi aurretik lur horietako indigenak ez zituztelako aintzat hartu ere egin. Gaur egun, lur-jabeen nahiz meatzeen ustiatzaileen kontrako aldarriak dira zanpatuenetakoak Kolonbian. Ekintzaileon kontrako jazarpenak eta hilketak salaketa asko izaten ditu.
Baina garai historikoa izan daiteke enpresari handientzat, hildako zuzenak eragin gabe, irabaziak eskuratzeko. El Espectador Grupo Santo Domingo enpresariena den hedabidean horrelaxe azaldu dute. Enpresariak prest leudeke gerrillarientzat eta nekazarientzat lurrak eta proiektuak diruz laguntzeko. Lur gutxi batzuk eta proiektu xumeak, eremu estrategikoetatik urruti betiere; petrolioa, ikatz, gainerako mirenal, eta barnegiturak dauden lekuetatik kanpo. El Espectador-en arabera, Juan Manuel Santos presidentea enpresariekin eta Kolonbiako botere ekonomikoaren ordezkariekin hizketan aritu da FARCekin negoziazioak hasi aurretik, eta haiek bat egin dute esaterakoan garaipena bakea dela.
Lur-jabe handien jarrera, berriz, betikoa izaten ari da, nekazarien eta indigenen elkarteek salatu dutenez; narkoparamilitarrek ekintzaileak isilarazten jarraitzen dute ekintza selektiboen bidez, eta militarrena ere beste kontu bat da, El Espectador-ek berak azaltzen duenez: «Negoziazioetatik kanpo geratzen badira estatu kolpe bat emateko arriskua dago». Kolonbiakomilitarrrentzat gerra negozio izugarria da. Botere handia daukate, eta estatuaren aurrekontuaren zati handia haien esku dago, AEBek eta narkotrafikoak egiten dieten ekarpenaz gain. Indar Armatuen berregituraketa ez dute hitz egin.
Kolonbia. Bake elkarrizketak Habanan
FARCek su-etena eman du Habanan, negoziazioak hasi dituzten egunean
Gerrillariak agendako bost gaietako lehena eta nagusia hasi dira eztabaidatzen Kolonbiako Gobernuarekin: lurrarenaAlde bakarreko borroka etenaldiak bi hilabete iraungo du: urtarrilaren 20ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu