Egiptoko agintaldirik luzeeneko estatuburua izan da Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia (Kafr el-Meselha, Egipto, 1928), Muhamed Ali Pasha XIX. mendeko agintari otomandarraz geroztik. 30 urtez (1981-2011) egon zen agintean, eta askok faraoi batekin alderatu dute horregatik. Indarraren erabilera bortitzarekin eutsi dio botereari, harik eta, 2011ko otsailean, Kairoko Tahrir plazan lehertu ziren protesta jendetsuek kargua uztera behartu zuten arte. Mubarak 91 urte zituela zendu zen atzo, Kairoko ospitale batean. Ebakuntza ebat gin berri zioten, eta asteak zeramatzan ospitaleratuta, hesteetako arazo batengatik. Udaberri Arabiarreko protestek agintetik kendu zuten arren, sakon sartuta utzi zituen erregimen militarraren erroak, eta sistemak indarrean jarraitzen du, Abdel Fatah al-Sisi mariskalaren gidaritzapean.
Mubarakek areagotu egin zuen Anwar al-Sadat aurreko presidentearengandik jaso zuen errepresio aparatua, eta kritikoen jazarpenak hiru hamarkadako agintaldia ahalbidetu zion. Oposizioko kideek gobernuaren espioitza, jazarpena eta atxilotzeak salatu zituzten. Mubarakek errepresio gogorrarekin zapaldu zituen Egiptoko talde islamistak, eta, «terrorismoaren» arriskua aitzakia hartuta, AEBen laguntza izan zuen horretarako. 2011. urtera arte, 1.500 milioi dolar baino gehiagoko laguntzak jaso zituen urtero Etxe Zuritik. Zatirik handiena segurtasunerako eta baliabide militarretarako laguntzak ziren. Ez da harritzekoa. AEBek Ekialde Hurbilean zuten aliaturik garrantzitsuena izan zen Egipto Mubaraken garaian.
Agintaldiak aurrera egin ahala, talde islamistek handitu egin zuten herritarren artean zuten babesa, eta Mubarakek Anaia Musulmanei askatasun maila mugatua aitortzea erabaki zuen. Anaia Musulmanek herritarren artean hedatzea lortu zuten, eskaintzen zituzten gizarte laguntzek eta zerbitzuek eman zieten ospeari esker. Sare hori erabakigarria izango zen 2012an, Mubaraken ondorengo lehen hauteskundeetan nagusitzeko.
Askatasun aitortza mugatu horretatik harago, oposizioko taldeen errepresioa irmoa izan zen, tartean oposizioko mugimendu sekularren kontrakoa.
Oposizioa indargabetuta, ordena mantentzea zuen helburu Mubarakek, eta haren jarraitzaileek horixe goratzen dute: presidente ohiaren agintaldian egonkortasuna bermatuta zegoela. Mubaraken gidaritzapean Egipton turismoaren sektorea asko hazi zela ere nabarmentzen dute. 2010ean izan zuen Egiptok turista bisitari gehien; Mubarak boteretik kendu aurreko urtean.
Egiptoko ekonomiaren liberalizazioa eta pribatizazioa bultzatu zituen. Agintaldiaren azken urteetan, datu makroekonomiko baikorrak aurkeztu zituen: barne produktu gordina %5 eta %6 artean hazi zen, moneta trukea egonkorra zen, eta fidantza aldagaiak osasuntsuak ziren. Datu makroekonomikoen azpitik, baina, arazo ekonomiko kronikoak azaleratzen ziren: inflazioa, langabezia, ustelkeria eta gizarte sektore zabaletan hedatutako pobrezia.
Nazio heroia, AEBen aliatu
Niloren deltako landa eremuan jaio zen Mubarak, herri txiki batean, egoera ekonomiko oneko familia batean. Ikasketak Egiptoko Akademia Militarrean osatu zituen, eta aireko indarrera batu zen 1949an. Hurrengo urtean pilotu titulua lortu zuen. Armadan ardura mailaz igotzen joan zen, eta 1972an Egiptoko aire indarreko buru izendatu zuten.
Mubarak heroi nazional bihurtu zen hurrengo urtean, 1973ko Urriko Gerran. Gatazka hartan, Egiptoko aire indarrak Israel garaitu zuen Sinai penintsulan. 1975ean, Al-Sadatek presidenteorde izendatu zuen.
Hain justu, 1973ko gerran lortutako garaipena oroitzeko desfilean, Al-Sadat hil egin zuten, atentatu batean. Militar islamisten talde bat desfileko kamioietako batetik jaitsi zen, eta granadak jaurti zizkion orduko presidenteari. Tiroka ere egin zioten eraso. Mubarak Al-Sadaten ondoan zegoen desfilea ikusten. Al-Sadat hil egin zuten, eta Mubarakek, zaurituta, bizirik ihes egitea lortu zuen.
Erasotzaile islamistek Al-Sadat zigortu nahi zuten, bake akordio bat sinatu zuelako Israelekin—1978ko Camp Davideko ituna— eta herrialde arabiarrek auzi horretan izan zuten batasuna hautsi zuelako. Mubarak astebete geroago izendatu zuten presidente, eta, Al-Sadaten ildoari jarraituz, Israelekiko gatazka saihestea izan zuen lehentasunen artean.
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak atsekabea agertu zuen atzo Mubaraken heriotzarengatik. «Bere herria bakera eta segurtasunera bideratu zuen liderra izan da».
Bake politikaren bidez, Mubaraken gobernuak egonkortasuna bermatu zuen Suezko kanalean. Garrantzi handiko kontua zen AEBen interes geopolitikoentzat; Mubarak izan zen AEBen aliatu nagusia Ekialde Hurbilean.
2011ko iraultza, amaitzeke
Egoera ekonomiko latzaren ondorioz, protestak areagotu egin ziren 2006. urtetik aurrera. Mubaraken agintaldian, ia bikoiztu egin zen Egiptoko biztanleria, eta datu horrek ere badu bere garrantzia. Gizartean gero eta pisu handiagoa zuten gazteen etsipena areagotzen ari zen, beren bizitza garatzeko aukerarik ez zutelako ikusten.
2011ko urtarrilaren 25ean, Udaberri Arabiarra esan zitzaion protesta oldearen barruan, milaka manifestarik kaleak hartu zituzten Kairon, Ogia, askatasuna eta gizarte justizia lelopean. Mubarakek zenbait erreforma hitzeman zituen protestak baretzeko, baina ez zuen halakorik lortu. Poliziaren oldarraldi bortitzek ere ez zituzten manifestariak geldiarazi, eta Mubarakek presidente kargua utzi zuen otsailaren 11n, militarren esku utzi ere.
2011ko apirilean atxilotu zuten, eta bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten 2012an, ehunka manifestariren hilketagatik. Ez zuen halako zigorrik bete. Dei auzitegi batek epaiketa berriro egiteko agindu zuen. Ustelkeriagatik zigortu zuten 2014an, hiru urteko kartzelaldira, funts publikoetatik 17,6 milioi dolar desbideratzea egotzita. Mubarak 2017ko martxoan gelditu zen aske.
Udaberri Arabiarreko protesta oldeak Mubarak kargutik erauztea lortu bazuen ere, ez zuen kanporatu militarren boterean oinarritutako erregimena. Herritarren mobilizazioak hauteskundeak behartu zituen Egipton, eta Anaia Musulmanak taldeko Mohamed Morsik irabazi zituen bozak 2012an. Ez zuen askorik iraun. Abdel Fatah al-Sisi buruzagi militarrak kendu zuen boteretik, estatu kolpe baten bidez. Al-Sisi inteligentzia militarreko buru izan zen Mubaraken agintepean.
Mubaraken osteko giro politiko eta sozial nahasiaren ostean, herritar askok begi onez ikusi zuten aginte gogor batek ordena bermatzea. Al-Sisi 2014an izendatu zuten presidente. Ordutik, talde kritikoekiko jazarpena nabarmen areagotu dela salatu dute oposizioko ekintzaile ugarik. Hainbat GKEk ohartarazi dute Al-Sisik txiki utzi dituela Mubaraken atxilotze datuak.
Hosni Mubarak
Faraoi militarraren ondarea
Oposizioaren kontrako indarkeriak 30 urteko agintaldia ahalbidetu zion Egipton. Boterea utzi zuen 2011ko protestek behartuta. Hala ere, sistemaren oinarriak sendotuta utzi ditu, eta erregimenak indarrean dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu