Filipinak

'Fanfone' tifoiak 24 pertsona hil ditu Filipinetan

Tifoiak orduko 190 kilometroko haize boladak eragin ditu, eta etxeak eta linea elektrikoak suntsitu. Gutxienez hamabi lagun desagertuta daude.

Capiz probintzian tifoiak eragindako uholdeak, gaur. EFE
2019ko abenduaren 26a
21:19
Entzun

Asteartetik ari dira Filipinetan Fanfone tifoiaren ondorioak sufritzen. Azken datuen arabera, 24 pertsona hil ditu, eta gutxienez beste hamabi desagertuta daude. Haizete eta euri indartsuek suntsitu egin dituzte etxeak eta argindarraren linea elektrikoak; orduko 190 kilometroko haize boladak eragin ditu ekaitzak. Atzo kalte handiak eragin zituen ekialdeko eta erdiguneko irletan, eta bereziki gogor jo zituen Iloilo, Capiz eta Aklan probintziak.

Lurra ukitu eta irletatik igarotzean, indarra galdu du tifoiak, eta gaur Txinako itsasorantz egin du, orduko 15 kilometroko abiaduran. Halere, ordu batzuetan egindako kalteak konpontzeko hilabete asko beharko dituzte. Probintzia batzuk argindarrik gabe geratu dira, baita urik gabe ere. Richard Gordon Filipinetako Gurutze Gorriko zuzendariak aitortu du horiek oneratzeko asteak beharko dituztela agian. Eremu batzuetan lurra mugitu egin da; uholdeak ere eragin ditu.

Fanfone-ren arriskuen ondorioz, gutxienez 58.000 lagunek etxetik alde egin behar izan dute, eta beste 15.000  portuetan harrapatuta geratu dira etxera bidean, ferry zerbitzuak bertan behera utzi dituztelako. Gordonek ohartarazi du jende askok jatekoa behar duela.

Beste tifoi bat

Ozeano Pazifikoan sortzen diren ekaitz tropikalak dira tifoiak, eta Filipinetan behin baino gehiagotan jasan dituzte halakoen kalteak. Lurra ukitu zuen azken tifoirik indartsuena Haiyan izan zen, 2013ko azaroan sortu zena. Orduko hura izan zen Filipinetan jende gehien hil zuen ekaitza. Kalkulatu zuten gutxienez 6.000 pertsona hil zirela, eta Osasunaren Mundu Erakundeak maila goreneko hondamenditzat jo zuen. Sei urte beranduago, Fanfone tifoiak berriro eragin ditu kalte handienak eskualde berberetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.