'Fanfone' tifoiak 24 lagun hil eta hondamendia eragin du Filipinetan

Etxeak eta linea elektrikoak suntsitu ditu ekaitzak. Gutxienez hamabi lagun desagertuta daude

Capiz probintzian tifoiak eragindako uholdeak, atzo. OCD-VI HANDOUT / EFE.
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Asteartetik ari dira Filipinetan Fanfone tifoiaren ondorioak sufritzen. Azken datuen arabera, 24 pertsona hil ditu, eta gutxienez beste hamabi desagertuta daude. Haizete eta euri indartsuek suntsitu egin dituzte etxeak eta argindarraren linea elektrikoak; orduko 195 kilometroko haize boladak eragin ditu ekaitzak. Asteazkenean, kalte handiak eragin zituen ekialdeko eta erdiguneko irletan, eta bereziki gogor jo zituen Iloilo, Capiz eta Aklan eskualdeak.

Lurra ukitu eta irletatik igarotzean, indarra galdu du tifoiak, eta atzo Txinako itsasorantz egin zuen, orduko 15 kilometroko abiaduran. Halere, hilabete asko beharko dituzte ordu batzuetan egindako kalteak konpontzeko. Eskualde batzuk argindarrik eta urik gabe geratu dira. Richard Gordon Filipinetako Gurutze Gorriko zuzendariak aitortu du agian asteak beharko dituztela horiek oneratzeko. Eremu batzuetan, lurra mugitu egin da, eta uholdeak ere izan dira.

Fanfone-ren arriskuen ondorioz, gutxienez 58.000 lagunek etxetik alde egin behar izan dute, eta horietatik ia 39.000 aldi baterako aterpeetan babestu dira, Hondamendiak Murrizteko eta Kudeatzeko Kontseilu Nazionalak jakinarazi duenez. Beste 15.800 lagun portuetan harrapatuta geratu dira, ferry zerbitzuak bertan behera utzi dituztelako. Halaber, ezin izan dituzte egin herrialde barruko 115 hegaldi. Gordonek ohartarazi du jende askok jatekoa behar duela.

Urtero hogei tifoi

Ozeano Pazifikoan sortzen diren ekaitz tropikalak dira tifoiak, eta Filipinetan ohikoa dute halakoen kalteak jasatea. Urtero izaten dituzte hamabost-hogei tifoi, euriteen denboraldian —maiatzetik abendura arte—. Lurra ukitu zuen azken tifoirik indartsuena Haiyan izan zen, 2013ko azaroan sortu zena. Orduko hura izan zen Filipinetan jende gehien hil zuen ekaitza. Kalkulatu zuten gutxienez 6.300 pertsona hil zirela, eta mila desagertu. 14 miloi pertsonak jasan zituzten kalteak. Orduko 235 kilometroko haize boladak izan ziren, eta, ondorioz, kostaldea hondatu zuen tsunamibat sortu zen. Osasunaren Mundu Erakundeak maila goreneko hondamenditzat jo zuen. Sei urte geroago, Fanfone tifoiak Haiyan-en ibilbide antzekoa egin du, eta berriro eragin ditu kalte handienak eskualde berberetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.