Faborito zenaren erortzea

François Fillon Frantziako lehen ministro ohiaren aurkako epaiketa abiatuko dute bihar, lanpostu faltsuen auzian. Baliteke hamar urteko kartzela zigorra eta milioi bat euroko isun ekonomikoa jasotzea

François Fillon iragan abenduan, Parisen, helikoptero istripu batean Malin hildako hamahiru soldaduren omenaldira iristen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Frantzian zerrenda luze bat osatu dute, eta ez da bereziki harro egoteko modukoa: ustelkeria kasuak ugaritu egin dira, batez ere espektro ideologikoaren eskuinaldean, eta aurten politikarien aurkako epaiketen urtea izango da. Izen entzutetsuen artean, epaileen aurretik pasatzen lehena François Fillon eskuindarra izango da, 2007tik 2012ra lehen ministro izandakoa, eta 2017ko presidentetzarako hauteskundeetan faborito nagusia zena. Asanblea Nazionaleko diputatu zenean, bere emaztearentzat eta bi seme-alabentzat diru publikoarekin lanpostu faltsuak sortzea leporatu diote; Penelope Fillon bikotea eta Marc Joulaud gobernuburu ohiaren Asanbleako ordezkoa ere eseriko dira akusatuen aulkian.

Auzia Le Canard Enchaîné astekariak egin zuen publiko, 2017ko urtarrilaren 25ean, presidentetzarako bozetarako hiru hilabete eta erdi falta zirela. Garai hartan, Fillon faborito nagusia zen; inkesta guztiak alde zituen, eta lehiari eusteko erabakia hartu zuen, jakin arren akusazio horiek bere kanpainari kalte egingo ziotela. Hala gertatu zen: asteek aurrera egin ahala, hautagai eskuindarrak behera egin zuen inkestetan, batez ere justiziak haren aurkako ikerketa abiatu zuenean, eta, azkenean, hauteskundeetako lehen itzulian boto gehien jaso zituzten hautagaietan hirugarrena izan zen.

Eskuinarentzat ere handia izan zen zaplaztekoa, V. Errepublikan lehenengoz bere hautagai bat ez zelako presidentetzarako bozen bigarren itzulira pasatu; Fillonek botoen %20 jaso zituen, gerora presidente bilakatuko zen Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen atzetik.

«Ez da egokia izan, etikaren ikuspuntutik aztertuta, baina legezkoa da», argudiatu zuen garai hartan Errepublikanoak (LR) alderdiaren presidentegaiak lehia politikoan jarraitzeko.

Ia hiru urte pasatu dira hauteskunde horietatik, eta, epe horretan, Fillon itzalean egon da; ekitaldi publiko gutxitan parte hartu du, eta behin bakarrik hitz egin du publikoaren aurrean. Iragan hilaren 30ean izan zen: France2 katean, «egia» aurkezteko eta bere emaztea defendatzeko eseri zen kazetarien aurrean: «Penelope nire lehen kolaboratzailea izan da, eta garrantzitsuena. Hasiera-hasieratik egin dugu lan elkarrekin, diputatu askok bezala».

Egun hartako agerraldia ezohikoa izan zen, eta, gobernuburu ohiak adierazi zuenez, errugabea dela erakutsiko duten hainbat froga aurkeztuko dituzte bihartik aurrerako epaiketan: «Hamabi kolaboratzaile, prefetura hainbat kide eta nire emaztearen eguneroko lana frogatzen duten hainbat dokumentu».

1998 eta 2013 artean «diru publikoa desbideratzea», eta «konplizitatea eta ondasun sozialen abusua» leporatzen diote Filloni, beste hainbat karguren artean—hamar urteko espetxealdia eta milioi bat euroko isun ekonomikoa jaso litzake—; denera, bere emazteak 500.000 euro jaso zituen diputatu-laguntzaile lana egiteagatik. Le Canard Enchaîné-ren arabera, kopurua 813.440 eurokoa izan zen, eta, egun, milioi batean finkatu dute.

Lanpostu horren inguruan dago zalantza, egiazki lan egin ote zuen; hori erabaki beharko dute epaileek martxoaren 11ra arte iraungo duen epaiketan. Horri begira, urteotan zeresan handia eman du Fillonen emazteak 2007an The Sunday Telegraph egunkariari adierazi zionak: «Egiazki, ez naiz inoiz izan haren laguntzailea edo halako ezer».

Horrez gain, 2012ko maiatzaren eta 2013ko abenduaren artean Revue des Deux Mondes-en literatur kontseilari gisa kontratatu zuten, eta hilero 6.750 euro jaso zituen; hilabetekari horren jabea Marc Ladreit de Lacharriere enpresaria zen, Fillonen hurbilekoa eta 2010ean Ohorezko Legioa jaso zuena. 2018ko azaroan zortzi hilabeteko espetxealdira zigortu zuten, eta 375.000 euroko isun ekonomikora; epaileei adierazi zien Fillonen emazteak ez zuela lanik egin 2013ko urtarriletik abendura.

Sarkozy, urriaren 5etik

Frantzian, epaiketen urtea izango da aurten. Fillonez gain, Nicola Sarkozy presidente ohia ere epaituko dute, eta hitzordu horrek ere zeresan handia emango du, hura bilakatuko baita ustelkeriagatik epaituko duten V. Errepublikako lehen presidentea —influentzia trafikoa ere egotzi diote—.

Akusazioaren arabera, Sarkozyk zin egin zion Kasazio Auzitegiko epaile bati ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lortu zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion; ahozko prozesu hori urriaren 5etik 22ra egingo dute.

Horrez gain, Frantziako presidente ohiak Bygmalion afera entzutetsuari ere egin beharko dio aurre: 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan finantzaketa irregularra izatea leporatu diote.

Hortaz, epaiketan argituko dute Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak (UMP) eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu ote zituzten, 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.