Ezustekorik ezean, eskuin muturrak irabaziko ditu Austriako hauteskunde orokorrak

FPO eskuin muturreko alderdiak botoen %27 bereganatuko ditu, zenbait inkestaren arabera. Eta egungo kantzilerraren OVP eskuineko alderdiak botoen %25 eskuratuko ditu.

Herbert Kickl FPOko buruzagia alderdiko ekitaldi batean, otsailean, Ried im Innkreisen (Austria). CHRISTIAN BRUNA / EFE
Herbert Kickl FPOko buruzagia alderdiko ekitaldi batean, otsailean, Ried im Innkreisen (Austria). CHRISTIAN BRUNA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 27a
13:55
Entzun

Inkesta gehienen arabera, FPO eskuin muturreko alderdiak irabaziko ditu etzi Austriako hauteskunde orokorrak, botoen %27 bereganatuta. Horiek horrela, eskuin muturra Austriako Gobernura itzul liteke; are gehiago, 1945ean Austriako bigarren errepublika aldarrikatu zutenetik, baliteke herrialdeak eskuin muturreko alderdi bateko kantzilerra izatea lehen aldiz.

Eskuin muturreko alderdiaren ostean, egungo kantziler Karl Nehammerren —2021etik dago karguan— OVP eskuineko alderdia geratuko litzateke bigarren, botoen %25 ingururekin. Gero, SPO alderdi sozialdemokratak botoen %21 lortuko lituzke; NEOS liberalak ,%9,8, eta Berdeek, %8,4; hori aurreikusten dute, behintzat, inkestek. Gaur egun, Berdeak daude gobernuan, OVPrekin osatutako koalizio batean.

Hala ere, ezustekoa gerta liteke. Azken egunetan garrantzi berezia hartu du klima larrialdiak Austriako eztabaida politikoan. Izan ere, herrialdean azken asteetan egon diren uholdeen ondorioz, bost hildako izan dira, eta 1.000 milioi euro baino gehiagoko kalteak zenbatu dituzte. Suhiltzaile, larrialdietarako langile, boluntario, polizia eta militarren artean,  70.000 lagun inguru mobilizatu ditu gobernuak, kaltetutako eremuetan lagundu dezaten, eta, horrez gainera, laguntza ekonomikoak ere jarri ditu martxan. Aldiz, FPOk adierazi du klima larrialdirik ez dagoela. Iritzi kontrajarri horiek direla eta, zenbait inkestatan diote balitekeela herritarrek azken momentuan botoa aldatu eta OVPren alde egitea.

Baina horrek ez du esan nahi eskuin muturra gobernutik at geratuko denik. Izan ere, Europako beste herrialde batzuetan gertatu ez bezala —Alemanian, kasurako—, Austriako alderdiek ez dute baztertu eskuin muturrarekin akordioren bat egitea eta koalizioko gobernu bat osatzea. Are gehiago, OVPk eta FPOk koalizio gobernua osatu zuten 2017an. Hori, baina, bertan behera geratu zen Ibizagate ustelkeria auziagatik, 2019an. FPOko orduko buruzagi Heinz-Christian Strache —garai hartako kantzilerordea— babesaren truke kontratu publikoak eskaintzen azaldu zen sareetan zabaldutako bideo batean.

«Betirako neutraltasuna»

Klima larrialdia, hala ere, ez da izan eztabaida politikoan zeresana eman duen gai bakarra. Austria historikoki herrialde neutrala izan da: Europako Batasunean dago, baina ez da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea. Are gehiago, 1955ean SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari zin egin zion «betirako neutraltasuna» mantenduko zuela Mendebaldearen eta haren —egun, Errusiaren— arteko gatazkan. Ukrainako gerra dela medio, neutraltasun hori mantendu nahi ez izatea leporatu dio Austriako kantzilerrari FPOko buruzagi Herbert Kicklek.

Izan ere, gaur egun herrialdeak erosten duen gasaren %83 Errusiatik dator, eta Neharmmerrek adierazi izan du ehuneko hori murriztu nahi duela. Adierazpen horiek gaitzetsi ditu FPOk. Eurofobotzat eta errusiazaletzat dute alderdia hainbat politologok, eta herrialdeko zenbait hedabidek adierazi dute Viktor Orban Hungariako lehen ministroak ezarri duen antzeko sistema bat nahi dutela.

Ekonomiak ere eragina izan dezake hauteskundeen emaitzetan. Nolabaiteko egonkortasunaren alde egiten duela lan esan du hainbatetan kantzilerrak; herrialdeko BPG barne produktu gordinak, ordea, behera egiten jarraitzen du. Iaz %0,8 jaitsi zen, eta 2024rako aurreikuspenak ez dira askoz hobeak, %0,7 jaistea aurreikusten baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.