Udal eta foru hauteskundeek PPren gain utzi dute, besteak beste, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Gasteizko alkatea aukeratzeko ardura, eskura baitu balantza alde batera edo bestera mugitzea. Bi boz horietan EH Bildurenak izan dira zerrenda bozkatuenak, baina popularrek euren babesarekin erraztu dezakete, hurrenez hurren, EAJk eta PSE-EEk gobernatzea. Ikusteko dago, baina, zer-nolako eragina izango duen Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen iragarpenak negoziazioetan. Nola onartu PPren botoak, Voxekin Espainiako erkidego eta udalerri ugaritako gobernuak osatzen ari bada?
Ricardo Feliu NUPeko soziologoaren hitzetan, «apustu arriskutsu bat» egin du Sanchezek, baina baditu hordagoa irabazi dezakeela adierazten duten gakoak: Espainiako instituzio ugari galdu arren, PSOEk ez du hainbesteko gainbeherarik izan boto kopuruan, eta, Feliuren hitzetan, sozialistek interpretatu dezakete PPk goia jo duela. Egoera horretan, NUPeko soziologoak uste du Sanchezek bi helburu izan ditzakeela. Batetik, haren gidaritza zalantzan jarri duten baroien mugimenduei aurrea hartzea: «Estatu mailan, ETAri erreferentzia egitea presio elementu bat da. Baina ez horrenbeste PPren diskurtsotik egitean, baizik eta baroi sozialisten partetik. Benetako arazoa PSOE barruan dute». Bestetik, PSOEk ezkerrean duen espektro politikoan arrantza egitea. Izan ere, hamar egun besterik ez dute Podemosek eta Sumarrek akordio bat egiteko.
Analisi horrekin bat egin du Destuko Unibertsitateko Politika Zientzietako doktore Maria Silvestrek ere: «Hori izan daiteke Sanchezen asmoetako bat: bipartidismora itzultzea». Horrez gain, azaldu du bozak aurreratu izanak kanpainaren erdigunean kokatuko dituela PPren eta Voxen arteko akordioak ere, ezkerreko hautesleen parte hartzea sustatu dezaketenak.
Asier Etxenike soziologoaren hitzetan, baina, bada beste argudio bat ere. Abendura bitarte, «PSOEren ahuldadea» izan zitekeen eztabaida politikoaren foku nagusia, eta horri aurrea hartzeko erantzun bat izan da: «Senatuan ere aldaketak gertatuko dira, eta gehiengoa aldatuko. Legeak onartzea aukera bat izan zitekeen euren irudia hobetzeko, baina aukera hori blokeatuta geratuko da hurrengo hilabeteetan».
Arrazoiak arrazoi, erabakiak zuzenean eragingo dio Hego Euskal Herriko politikari. Silvestreren ustez, emaitzak «xehetasunez» aztertzeko eta «itun politika sosegatu bat» egiteko aukera zaildu die alderdiei: «Euren profila indartu beharko dute; gainontzekoetatik urrundu».
Egoerak EAJri eragingo dio nabarmenago; bai, behintzat, Gipuzkoa eta Gasteiz EH Bilduk hartzea eragotzi nahi badu. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk badute biak bereganatzeko aukera; betiere, PPren babesa jasotzen badute. Popularrak horretarako prest agertu dira. «PPren alde bozkatu dutenek Bildu bakartzea nahi dute», adierazi zuen atzo Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidente Carlos Iturgaizek, eta gehitu prest daudela «trukean ezer eskatu gabe» egiteko hori. Kontua da, baina, EAJk zer jarrera erakutsiko duen egoera horretan.
Gipuzkoan, Silvestreren ustez, EAJk errazago du erantzuna: «Argudioa da nire hautagaiaren alde egiten dudala, eta zenbakiek ematen dutela». Gasteizen, baina, jeltzaleek PSE-EEren hautagaia alkate izendatzeko egin beharko lukete gauza bera: «Egoera zailagoa iruditzen zait. Freno bat ikusi da EAJren hegemonian, eta ongi pentsatu behar du zer pauso eman eta horiek nola argudiatu». Halako arazorik ez du ikusten PSE-EEren kasuan: «Alderdi sozialistaren hautesleen artean ulertzen da EH Bildu boterera iristeko aukera mugatzea edo boikotatzea».
Etxenikeren hitzetan, berriz, PPren babesak «tripartito moduko bat» eratuko luke, nahiz eta «ofizialki» halakorik ez esan. Eta hori gertatuko balitz, EAJk «egonkortasunaren diskurtsoa» baliatu lezakeela uste du: «Madrilen gobernatzen duenak gobernatzen duela, EAErentzat gauzak lortzeko gaitasuna duela; beste batzuek ez dutena». Halere, Etxenike bera ez dago ziur hautesleek nola erantzungo dioten halako jarrera bati. «Zailtasun hori du EAJk», adierazi du; batez ere, Gipuzkoan.
PSN, «deseroso»
Nafarroan, egoera bestelakoa da. Silvestrek uste du Sanchezen erabakiak egoera «deserosoan» utzi duela PSN bera. Izan ere, Iruñeko Udalean eta Nafarroako Parlamentuan funtsezkoa da EH Bildu. Horiek horrela, Feliuk uste du posible dela Iruñeko alkatetza UPNk bereganatzea, nahiz eta politikoki egoera «oso txarrean» gobernatu beharko lukeen, gutxiengoan.
Nafarroako Parlamentuan, berriz, duela lau urtekoa errepikatzea litzateke normalena, NUPeko soziologoaren ustez. Ekainaren 16an osatu beharko dute mahaia, eta hor ikusiko da, besteak beste, ea Geroa Baik presidentetzari eutsiko ote dion edo EH Bilduk indar gehiago izango duen. Hortik aurrera, duela lau urteko akordioa berritzeko prestasuna dagoela uste du Feliuk. Ikusi beharko da, baina, EH Bilduk zer rol izango duen, kanpaina betean.
Halere, Feliuk epe ertainerako beste hipotesi bat jarri du mahai gainean, atzo «ia ezinezkotzat» jo zitekeena: «Ferrazek PSNk hartu ditzakeen erabakietan eragitea, UPNrengana gerturatuz». Horretarako, ezinbestekotzat jo du UPNk PPrekin izan ditzakeen harremanak malgutzea: «Galdera da ea PP eta UPN batera joango diren Espainiako bozetara».
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorioak
Ezusteko deiaren eragin posiblea
Sanchezek Espainiako Gorteetarako bozak aurreratu izanak eragina izan dezake igandeko emaitzen kudeaketan. Ricardo Feliuk, Maria Silvestrek eta Asier Etxenikek egoera aztertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu