Eztanda sozialetik hogei urtera

Hogei urte bete dira Argentinan inoiz ikusi gabeko krisi sozial eta ekonomikoa piztu zela. Langile eta herritarrek kaleak bete zituzten, eta euren burua antolatu zuten erresistentzia itzali ez zedin. Krisia ez da desagertu oraindik, baina egun haietako indarrak bizirik jarraitzen du.

Polizia bat manifestari batekin borrokan, 2001eko abenduaren 20an, Buenos Airesen. MARCELO ARIAS / EFE.
Buenos Aires
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Aaurretik sekula izan gabeko krisi sozial eta ekonomiko baten erdian, Fernando De la Rua presidenteak setio egoera ezarri zuen, dekretuz, 2001eko abenduaren 19an. Jendea konforme ez, eta lapiko hotsak aditzen hasi ziren halako batean; are, neurri hari desafio eginez, kalera irteten hasi ziren herritarrak, herrialde osoko gobernu eraikin nagusietara bidean. Matxinada haren ondorioz, handik bi egunera, De la Ruak dimisioa eman behar izan zuen, eta helikopteroan atera behar izan zuten Etxe Arrosatik.

Ikusi gehiago: Carla Thomson, argazkilaria: «Gauzak usteltzen direnean, ez zaude bakarrik»

Egun haietan, polizia indarrek 39 lagun hil zituzten. Hurrengo hamar egunetan, lau presidentek hartu eta utzi behar izan zuten kargua, krisi sozial eta instituzional hura eten ezinik. Denak kanpora leloaren abaroan piztu zen masen matxinada hura.

Askotariko erresistentziak

80ko hamarkadaren amaieratik aurrera, finkatu egin ziren 1976ko diktadura militarrean ezarritako politika neoliberalak. Doitze estrukturalerako programen bidez, beste neurri batzuen artean, enpresa publikoak pribatizatu zituzten , malgutasuna ezarri zuten lan arloan, eta fikziozko parekotasun bat ere bai diru nazionalaren eta AEBetako dolarraren artean —hala, artifizialki baliorik gabe utzi zuten pesoa, jada ez baitzeukan erreserbarik Banku Zentralean—. Kolpe bortitz hark porrokatu egin zuen finantza sistema. YPF petrolio enpresa pribatizatu zutenean, herriak eta herriak lanik gabe geratu ziren oso-osorik: halaxe gertatu zen, adibidez, Neuquen probintziako Cutral Co herrian. Han, 1994an, batzar batean, erabaki zuten errepide nazional bat oztopatuko zutela, eta piketea erabiltzen hasi ziren langile klasearen tresna gisa. Inguru hartako bizilagunen babesari esker, segurtasun indarrek ez zuten lortu protestariak handik bidaltzea. Jendeak gurpil zaharrak eman zizkien, erre zitzaten, bai eta jakiak ere, «herri eltzeetarako», horien bidez elikatzen baitziren familiak.

Egunak pasatu ahala, petrolio hornidura eteten hasi zen. Hala, protestariek zenbait kontzesio lortu zituzten, eta huraxe izan zen haien garaipena: berriz ere argindarra eta ura jarri zizkieten kaltetuei, laguntzak eman zizkieten langabeei, eta ospitaleak eta halakoak egiteko konpromisoa ere hartu zuten. Pueblada horiek beste probintzia batzuetara ere zabaldu ziren: Saltan ere, YPFko langileek antolatu zituzten ekintzak, eta Santiago del Esteron, estatuaren 10.000 langile baino gehiago kaleratutako herri batean, matxinatu egin ziren eta, horren ondorioz, gobernadoreak dimisioa eman behar izan zuen 1993an.

Merkatuak zabaltzearekin eta barne produkzioa babesik gabe geratzearekin bat, fabrikak modu masiboan ixten hasi ziren; eta, leku askotan, langileen okupazio, berreskuratze eta autogestio prozesua ere hasi zen orduan. «1999an, jakin genuen itxi egin behar zutela Zanon fabrika, nire senarraren lantokia. Beste emakume batzuekin batera, Emakumeen Batzordea sortzea erabaki genuen, eta geure burua antolatzen hasi ginen janaria prestatzeko, goseak ez zezan greba hautsi», gogoratu da Gloria Godoy, bi hamarkadaz langileen autogestioaren bidez funtzionatzen daraman zeramika lantegi horretaz mintzatzean.

2001ean, gobernua are gehiago zorpetu zen Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF), eta, handik gutxira, funts horrek dirua emateari utzi zion, gero eta gutxiago fidatzen baitzen sistema aski sendoa ote zen; orduan, kapital ihesak hasi ziren. 2001eko abenduaren hasieran, Domingo Cavallo Ekonomia ministro izandakoak corralito delakoa sinatu zuen, eta horrek zepo bat jarri zien bankuetako aurrezkiei: mugak jarri zizkion banku gordailuetatik dirua ateratzeari, eta debekua, berriz, beste herrialde batzuetara transferentziak egiteari. Handik urtebetera, pesifikazio izendatutakoaren bitartez, bankuan dolarrak zituztenak behartu egin zituzten dolar haiek herrialdeko dibisa nazional debaluatuarekin aldatzera.

Elkartasuna

2001eko abenduaren 18an, arpilatzeak hasi ziren bazter guztietan: bizilagunek bizirik irauteko produktuak lapurtzen zituzten batez ere. 2002an, langabezia errekorrera iritsi zen Buenos Airesen: %49,7. Orduan, funtsezkoak izan ziren hala herritarren elkartasuna nola proiektu neoliberal hartatik bizirik irteteko erantzun antolatuak aurkitzeko izan zuten sormena. «Bor-bor zegoen dena. Gogoan dut fardelak izugarri garesti zeudela garai hartan; ba, auzokide bat etorri zitzaigun, eta esan zigun lagundu egin nahi zigula, eta erosiak zituen hiru fardeletatik bi eman zizkigun. Presoek berek ere, fabrikaren atzealdeko kartzelan zeudenek, beren jan errazioak eman zizkiguten. Jendea ez zen ibiltzen zuhurkerian: komunitateak sekula ez gintuen bakarrik utzi», kontatu du Godoyk.

Hirietan, hutsik geratutako lursailak okupatu zituzten bizilagunek, eta auzo asanbladak sortu ere bai, antolakuntza etengabeko espazio gisa, informazioa helarazteko, eztabaidatzeko eta proiektu berriak sortzeko. Han eratu ziren trukerako sareak, hedabide alternatiboak, eta, aurrerago, baita haurtzaindegiak, herri heziketaren bidez autogestionatutako batxilergoak eta gaur egun oraindik ere modu alternatiboan garatzen ari diren beste esperientzia batzuk.

Hogei urte pasatu dira, eta, nahiz eta pobrezia eta langabezia egiturazkoak diren oraindik, esperientziak sendotu egin dira, eta esnaldi masibo haren iruditeriak berdin pizten ditu amesgaiztoak eta esperantza. Godoyk honela azaldu du: «Bestelako indar bat dugu, bestelako gaitasun bat pentsatzeko eta gauzak ikusteko. Berrikuntza teknologikorako kredituren bat eskatua dugu, baina ez digute halakorik ematen, eredu txarra baikara gobernuaren eta enpresarien ustez: erakusten dugu fabrika bat ixten badute langileen kudeaketaren bidez berrabiarazi behar dela. Badakigu antolatuz eta borrokak senidetuz den-dena lortu daitekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.