Iragarritakoa bete du klima aldaketaren inguruko Parisko goi bilerako osoko bilkurak, eta atzo eguerdira arteko mugaren aitzinetik hitzartu zuten akordio baterako zirriborroa. 196 herrialdetako ordezkariek eztabaidatuko duten 48 orrialdetako agiri bat da, baina bihar hastekoa den eztabaidaren abiapuntua izateko sortu da bakarrik. «Ez dago deus erabakita, eta ez dago deus baztertuta», laburbildu du Laurence Tubiana Frantziaren ordezkariak.
COP21 bilkura osatzen duten herrialdeek lau urte egin dituzte negoziatzen, zirriborroa sinatu arte. Zirriborroak, baina, erabakigarriak diren auziak konpondu gabe utzi ditu, eta bihartik ortziralera arteko negoziazioetan egin nahi dute behin betiko akordioa, klima aldaketaren aurka irizpide globalak ezarriko lituzkeen protokoloa. «Testu honek akordio bat egiteko borondatea erakusten du. Ez gaude bidearen bukaeran. Auzi politiko garrantzitsuak oraindik konpontzeko daude», adierazi du anfitrioien ordezkari Tubianak. Bihartik aitzinera, herrialde guztietako ministroek bidaiatuko dute Parisera.
Dirua, eztabaidagai bat
Desadostasun sakonenetako bat da garatutako herrialdeen eta garabidean direnen definizioa, bakoitzaren arabera erantzukizun gehiago edo gutxiago banatzen baita. Erantzukizun gehiagok konpromiso gehiago erran nahi du. 1992ko NBE Nazio Batuen Erakundearen hitzarmenaren arabera ezartzen da definizioa, baina herrialde aberatsenek aldatu egin nahi dute, argudiatuta hainbat herrialde jada ez daudela garatzeko bidean eta, beraz, konpromiso handiagoak hartu beharko lituzketela. Konpromiso horiek lirateke gas emariei murrizketa gehiago ezartzeko betebeharra eta diru laguntza gutxiago jaso eta gehiago ematekoa. «Parisko emaitzak [1992ko] hitzarmena bete beharko luke, haren printzipioak eta aginduak bete, eta ez berridatzi edo berriz interpretatu haren erabakiak», azaldu du Hegoafrikako ordezkari Nozipho Mxakato-Disekok kazetarien aitzinean. Ez du soilik Hegoafrikaren iritzia eman, 130 herrialderen izenean solas egin baitu.
Bilkuraren erronka erraldoietako bat da munduko ekonomiak erregai fosilekiko duen dependentzia nola gutxitu, horiek sortutako gasak baitira klima aldaketaren eragile den berotegi efektua sortzen dutenak. Herrialde pobreenak kexu dira Lurraren tenperatura berotu duten gas horien sortzaileak industria iraultza burutu duten herrialdeak direla, eta energia berriztagarrien teknologia garestiegia dela pobreenentzat. Zirriborroaren arabera, 2020tik ehunka mila milioi euroko finantzaketa eman beharko zaie garabidean diren herrialdeei trantsizio teknologikoa egin dezaten, baina finantzaketa horren kopuruak eta moduak desadostasun handiak sortzen ditu.
Kyoto ordezkatzeko xedea
Gaur egun indarrean dagoen akordio globala Kyotoko Protokoloa da (1997). Soilik munduko herrialde industrializatuenek sinatu zuten, eta AEBek ez zuten berretsi, beraz, ezta aplikatu ere. Kopenhageko bilkurak (2009) akordio global eta zabalago bat egitea zuen helburu, baina adostasunik gabe bukatu zen, eta 2011n hasi ziren Kyotokoa ordezkatuko zuen bertze hitzarmen bat negoziatzen. AEBak eta Txina dira kutsatzaile handienak, eta helburutzat paratu dute mende honetan Lurraren batez bertzeko tenperatura ez igotzea bi gradu industria iraultzaren aitzineko garaiarekiko. Garabidean diren herrialdeek, ordea, gehienez 1,5 onartu nahi dute.
Eztabaida hasteko akordioa
Klima aldaketaren aurkako bilkuran datorren asteko negoziazioetarako zirriborroa egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu