Pedro Vallin. Kazetaria

«Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»

Espainiako botere judizialak joera erreakzionarioa hartu duela uste du Pedro Vallinek, eta hori ez dela kasualitatea. Azaldu du Espainiako Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten badu demokrazia «etsaitzat» eta «mehatxutzat» har dezakeela.

EMILIA GUTIERREZ / LV.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelonan editatzen dute La Vanguardia egunkaria, baina Madrildik egiten du lan Pedro Vallin kazetariak (Colunga, Espainia, 1971) kazeta horrentzat. Egun, Espainiako Diputatuen Kongresuko eta Senatuko informazioa lantzen du batez ere. C3PO en la corte del rey Felipe liburuan (2021), ordea, argi erakusten du bere lanaren bidez Espainiako Estatuaren tripak ezagutu dituela, Kongresuko lehoien orroetatik Espainiako Auzitegi Goreneko eta Konstituzionaleko epaileen togak zimurtzeraino. Vallinen ustez, Espainia hobekien definitzen duena Kontrarreforma da. Boterea duen egitura, berriz, estatua.

Ikusi gehiago:KONTRAPISUAK DUEN PISUA

Zer da estatua?

Errealitate instituzional eta administratibo bat da. Nazionalismo espainolak esaten du Espainiak nazio moduan 500 urte dituela. Estatu moduan existitu da 500 urtez, eta burokrazia eta egitura handiak garatu behar izan ditu, besteak beste Amerikaren inbasioa administratu behar izan duelako.

Eta sakoneko estatua?

Estatuak demokraziarekin zerikusirik ez duen berezko inertzia historiko bat dauka, oso indartsua: sakoneko estatua. Hori azaldu nahi izan zien behin EAJko diputatu batek Convergenciako [Democratica de Catalunya] diputatuei. Esan zien Zuzenbide Estatu Sozial eta Demokratikoan [Espainiako Konstituzioko 1. artikulua] estatua dela izena, eta gainerakoak adjektiboak direla. Esan nahi zuen estatua dela 500 urte dituena, eta gainerakoa gaur egun hartzen duen forma dela. Bere burua defendatzeko orduan, esentziala dena defendatuko du: estatua. Inertzia bat da, funtzionamendu burokratiko eta administratibo bat. Inertzia horrek azaltzen du zergatik zenbait erakundek erreakzionatu duten Kataluniako prozesu independentistaren aurrean, askotan unean uneko gobernuak hartutako erabaki politikoak aintzat hartu gabe.

Sakoneko estatua eta estatuaren estoldak gauza bera al dira?

Estatuaren estoldak estatu horren zati metastasikoa dira. Tumorea. Legearen azpian eta legetik at gertatzen dena da: disidente politikoaren kontrako gerra zikin bat. Demokrazia gehienek dute sakoneko estatu bat, hein batean edo bestean. Espainian, oso sustraituta dago, nire ustez, ETAren aurkako borrokarengatik.

Liburuan azaltzen duzu herritarren borondatearen eta sakoneko estatuaren arteko lehia direla Kongresuaren eta CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arteko tentsioak.

Sakoneko estatua aparatu administratibo baten inertzia da; ez da hierarkia bat, ez dago inor aginduak ematen. Bere kasa funtzionatzen duen organismo bat da, erlauntz baten antzekoa.

Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten duenean, herritarren borondatearen aurka jardun dezake, herritarren borondatea etsaitzat joz; hau da, demokrazia etsaitzat jo dezake. Kataluniako prozesu independentistak eragin zuen estatuak bere burua zalantzan jarria ikustea, estatuaren barruko erakunde batek, Generalitateak, alde bakarreko independentzia bultzatu zuelako. Kasu horretan, estatuak kontsideratu zuen herritarren borondatea —kasu honetan Generalitatearen barruan— mehatxu bat zela bere iraupenerako.

Herritarren borondatea, ondorioz, ez da estatuaren bitarteko legitimo bat, baizik eta estatuarentzako mehatxu bat. EAJren esaldiari berriro helduta: adjektiboak izenari mehatxu egiten badio, izenak bere burua defendatuko du.

Politikaren judizializazioa, beraz, berezkoa du estatuak, edo koiunturala da?

Koiunturala da zerikusia duelako Kataluniako prozesu independentistarekin, M-15arekin, eta Mendebaldeko demokraziek bizi duten identitate eta legitimitate krisi orokor batekin. Egoera hori ez dago Espainian soilik, baina berezko zenbait elementu ditu.

Azken 25-30 urteotan, herrialde honetako [Espainiako] sektore kontserbadoreak justiziako magistratura gorenak kooptatzen aritu dira, eta, aldi berean, karrera judizialaren diseinuak berak erraztu egiten ditu endogamia, oligarkiak eta dinastiak.

Prozesu hori 1990eko hamarkadaren amaieran hasi zen, eta kooptazio handia izan da probintzia auzitegietan, autonomia erkidegoetako justizia auzitegi nagusietan, eta, noski, Auzitegi Nazionalean, Auzitegi Gorenean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian eta Auzitegi Konstituzio- nalean. Beraz, joera kontserbadorea eta erreakzionarioa errotu da magistratura gorenetan luzaroan.

Horregatik, Kataluniako prozesuak sortutako krisi politikoa iritsi zenean, [Espainiako] gobernua eta Mariano Rajoy [gobernuko presidente ohia] aldendu egin ziren krisi politikotik, eta erreakzio judiziala xaxatu zuten. Rajoyk esan zuen: «Hau arazo penal bat da, ez politikoa. Beraz, estatuko segurtasun indarrek eta justiziak arduratu behar dute horretaz». Justiziak alor politikoak inbaditu zituen, eta horrek badu joera naturaletik: estatuak bere burua babesteko duen joeratik.

Ez zuen inork erantzukizun politikorik izan?

Bai, arazo politikoa konpontzen sartu ez zirenek. Hori egiteko, Auzitegi Konstituzionala erreformatu zuten, eta lehenago ez zituen eskumen batzuk eman zizkioten. Orain, Kataluniako prozesua martxan ez dagoela, ikusten dugu eskumen horiek guztiz ohiz kanpokoak direla, horien bidez epaileek muturra sartzen dutelako izaera politikoa duten alorretan. Alderdi politikoek landu behar dituzte gai horiek; auzitegiei ez dagokie esatea abortuarekin loturiko legeek progresistagoak edo kontserbadoreagoak izan behar duten. Unean uneko gehiengoaren araberakoa izango da hori. Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan.

Hori nabaritu dute Espainiako CGPJn eta Auzitegi Konstituzionalean?

Estatuko erakunde gorenetan jende kontserbadorea eta erreakzionarioa gailenduz joan den prozesu horren ondorio nagusietako bat da hainbat justizia aretotan eskatzen zituzten bikaintasun profilen maila asko jaitsi dela. Garrantzitsuagoa izan da epaile batek alderdi bati edo ideologia bati dion leialtasuna, haren curriculuma baino. Progresista zein kontserbadorea izan, gaitasun handiko epaile bat ez da hain otzana izango alderdien interesekin.

XXI. mendea hasi zenetik, Konstituzionalean eseri diren magistratu batzuk ez dira egokiak izan ezta probintzia auzitegi batean esertzeko ere. Horrek jurisprudentzia okerra eragiten du, eta irregulartasun nabaria haien erabakietan. Gainbeheraren azken fase honetan, zenbait gertakari lotsagarri ikusi ditugu; esaterako, Konstituzionaleko bi magistratu ikusi ditugu haien aurkako errekusazioak bozkatzen. Kalitate galera nabari bat erakusten du horrek. Auziaren funtsa da beti ulertu izan dela gauza ez oso konstituzionalak egin zitezkeela konstituziotik at.

Zein helbururekin?

Estatua mantentzeko. Nire ustez, Auzitegi Konstituzionalak konstituziotik at hartu zuen lehen erabakia PSOEk eta PPk adostutako Alderdi Politikoen Legea onartzea izan zen. Lege ad hoc bat zen: zenbait antolakunde politikoren ilegalizazioa lortu nahi zuen, ez egiten zutenagatik, zerbait ez esateagatik baizik. Gero, Katalunian [Espainiako Konstituzioaren] 155. artikulua erabili zuten konstituzioan adierazitakoaren kontrakoa eginez. Ez da azaltzen parlamentu autonomiko bat desegiteko aukera, arrazoi batengatik: legea egin zutenek ez zutelako nahi izan aukera hori egon zedin. Omisioa ez da baimen bat: ukapen bat da. Dena den, 155. artikulua erabiltzean Kataluniako Parlamentua desegin zuten, eta hauteskundeetara deitu.

Zer egin zuen Konstituzionalak?

Urte eta erdi geroago, sententzia bat ezarri zuen adieraziz artikulu hori erabiltzeko modua konstituzionala izan zela, eta beste zentzu bat eman zion 155.aren erabilerari. Segurtasun juridikotik kanpo hainbeste denbora jardutera behartuta zaudenean, aberrantea da ekoizten duzun jurisprudentzia.

Konstituzionalak gaur egun betetzen al ditu konstituzioak ematen dizkion funtzioak?

Kataluniako prozesua dela-eta legea aldatu zuen Mariano Rajoyk, eta, geroztik, bere neurria gainditu duen auzitegi bat da Konstituzionala. Izan ere, auzitegi hori berez ez da botere judizialaren egituraren parte. Auzitegi Gorena da hierarkia judizialeko instantziarik gorena, eta Konstituzionalak beste eremu batean jarduten du, berme auzitegi bat delako. Ondorioz, soilik jardun dezake konstituzioak aitortutako eskubideak bortxatzen direnean.

Hala ere, Rajoyk egindako erreformak beste eskumen batzuk eman zizkion, eta sententziak egiteko gaitasuna du orain. Horrek desnaturalizatu egin zuen Konstituzionalaren berezko muina. Horrek ez du esan nahi Konstituzionalak egiten duen guztia gaizki dagoenik, baina beste gauza bat da duela egun batzuk egin zuena, [Diputatuen Kongresuko] osoko bilkura bertan behera utzi zuenekoa. Erokeria bat da.

Gainera, Espainian debekatuta dago konstituzionaltasunaren inguruko aldez aurreko epaiketa, hau da, Konstituzionalak ezin du jardun a priori. Ezin du lege bat bertan behera utzi hura Estatuko Buletin Ofizialean argitaratuta egon arte. Horregatik, Konstituzionalaren beraren barne funtzionamenduari eragiten zion legearen eztabaida bertan behera utzi izana benetan izan zen aberrantea.

Alderdi politikoek aukeratzen dituzte organo judizialetako kideak. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Parlamentuari dagokio erabakitzea nortzuk izango diren organo horietako kideak. Ezin da parlamentua mututu. Uste dut oso gaizki ulertzen dela zer den botere judizialaren independentzia. Herrialde garatu guztietan, independentzia judizialak esan nahi du epaileak autonomia duela sententziak emateko. Hau da, epailea babesten du sententziak egiteko garaian. Independentzia judizialak ez du esan nahi epaileek organismo autoerregulatu bat osatu behar dutenik, subiranotasunaren adierazpenetatik at. Ez du hori esan nahi, ez hemen, ez inon. Epaileek eta magistratuek ere herriaren subiranotasunaren adierazpen bat izan behar dute demokrazia batean.

Norbaitek zalantzan jartzen al du botere legegilea independentea ote den botere betearazlearekiko? Ez. Hala ere, nork aukeratzen du betearazlea? Eta gobernuaren lege proiektuak non onartzen dira? Diputatuen Kongresuan eta Senatuan. Ez du inork pentsatzen hori boterearen inbasio bat denik, ezta botere banaketa falta ere. Botere judizialarekin gauza bera gertatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.