Presidentetzarako bozak Brasilen

Ezkerreko olatua, harrotuta

Aurrenekoz, Latinoamerikako bost potentzia ekonomiko nagusiek ezkerreko gobernuak izango dituzte aldi berean, Lulak Brasilgo bozak irabazi ostean

Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea eta Luiz Inacio da Silva Lula, martxoan, Mexiko Hirian. EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Latinoamerikan azkenaldian eratutako ezkerreko olatua are gehiago harrotu du Luiz Inacio da Silva Lulak Brasilgo presidentetzarako hauteskundeak hirugarrenez irabazi ostean. PT Langileen Alderdiko buruak jarraipena eman dio ezkerraren garaipen zikloari, eta, gainera, ezkerrak norabidea sendotu du, baita mugarri bat ezarri ere. Izan ere, aurrenekoz, Latinoamerikako bost potentzia nagusiek —Brasilek, Mexikok, Argentinak, Txilek eta Kolonbiak— ezkerreko gobernuak izango dituzte aldi berean.

Hain zuzen, Lulak hauteskundeak irabazi bezain pronto zoriondu zuten Latinoamerikako beste lau potentzia ekonomiko nagusietako presidenteek. Gustavo Petro Kolonbiakoak «Gora Lula» idatzi zuen sare sozialetan, eta bide beretik egin zuten Andres Manuel Lopez Obrador Mexikokoak, Alberto Fernandez Argentinakoak —atzo zen Lularekin batzartzekoa— eta Gabriel Boric Txilekoak. Horiei gehitu zitzaizkien segidan Latinoamerikako beste herrialdeetako lider aurrerakoiak.

Ezkerreko haizea itzuli da Brasilera, eta, okerrik ezean, Lula izango da bloke aurrerakoiko presidenteen artean zaharrena. PTko liderrak distira eman dio 2003tik 2010era bitartean estatuburu zela nazioartean lortutako aitortzari, eta, orain, hitzeman du Brasil onbidera itzularaziko duela, Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak agintean lau urte eman ondoren. The Economist egunkariak Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiaren (2017-2021) «ikasle kutuntzat» jo zuen Bolsonaro.

Brasilgo presidentetzarako hauteskundeek garrantzi handiko dimentsio geopolitikoa izan dute Latinoamerika osoan. Polarizazio giro betean, Bolsonaroren eta Lularen arteko demak ez ezik, emaitzak ere, praktikan, eragin handia izango du herrialdeen arteko orekari eusteko orduan. Sindikalista ohiak ultrakontserbadorea garaitu du, hain justu, Latinoamerikan gobernu aurrerakoiak sendotzeko garai erabakigarrian. Aurten Boricek eta Petrok irabazi ondoren, PTko buruzagia boterera itzultzeak ezkerreko blokea indartuko du, eta lidergoen mapa berriz taxutu.

2018ko abendutik, Lopez Obradorrek izan du AEBekin solastatzeko eginkizuna, biztanleria eta pisu ekonomikoa gorabehera. Mexikoko presidentea bere agintaldiaren azken txanpan sartzear da, eta Lula hartu zuen martxoan, bien arteko harremana sendotzeko. «Berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokak batzen gaitu», nabarmendu zuen Mexikoko estatuburuak.

Bada, Brasilgo ezker aurrerakoiaren garaipenaren berri izan ondoren, aurretik egindako adierazpena gehiago haizatu zuen. «Lulak irabazi du Brasilgo herri bedeinkatuan. Berdintasuna eta gizatasuna egongo dira», idatzi zuen Twitterren.

Petrok ere sare sozialak erabili zituen PTko burua zoriontzeko: «Gora Lula!». Boric Txilekoa ere labur mintzatu zen: «Lula. Poza». Argentinako presidenteak adierazi zuen Latinoamerikan «itxaropenaren eta etorkizunaren garaia» hasi dela. Era berean, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak esan zuen espero duela Lularen bitartez Brasilekin «adiskidetasun loturak sendotzea» eta aldebiko agendan «aurrera egitea». Kubako estatuburu Miguel Diaz-Canelek «garaipen handitzat» jo zuen Lulak lortutakoa, eta nabarmendu «justizia soziala» itzuliko dela Brasilera. Bloke horretatik kanpo, Lula berehala zoriondu zuten AEBek, Txinak, Errusiak, Europako Batasunak, Portugalek, Espainiak eta Frantziak.

Aliantzaren agintea

Lula buru duen koalizioak Bolsonaro menderatu du; baina, hori gutxi ez, eta inoiz ikusi gabeko Latinoamerikako ezkerreko aliantza baten agintea ere bereganatu du. Fronte aurrerakoiak lehen lerroan jarri du ingurumen agenda; zehazki, energia berriztagarriei lehentasuna emango dion eredu ekonomikoa du ardatz.

«Brasil jasangarri bat eraikiko dugu», esan zuen Lulak, eta ziurtatu herrialdeak atzerri politika «subirano eta aktiboari» helduko diola, «elkarrizketa demokratikoa sustatuz eta herrien autodeterminazioa errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.