Michel Barnier Frantziako lehen ministroaren aurkako ezkerraren zentsura mozio bat onartu zuten atzo Frantziako Asanblean. Han izan zen Peio Dufau EH Baiko diputatua. Egoeraren analisia egin du.
Zentsura mozioaren alde bozkatu zenuen atzo Parisen. Nola pasatu zen?
Giro nahiko berezia izan zen. Historikoa da, bai, baina tristea ere bada horrela izatea. Egia erran, nahiago genuen irekidura erakusten zuen eta ezkerrarekin kontatzen zuen gobernamendu batekin segitu. Ezkerra lehen indarra baita Asanblea Nazionalean; baina ez da egin. Hori salatu genuen hastapenetik. Macronek Barnier izendatu zuelarik eskuin muturraren babes isilarekin, arriskua hor sortu zen, argiki. Eta, beraz, gertatu behar zena gertatu da. Gurekin ez da elkarrizketarik izan. Proposamenak egin ditugu, eta denak baztertu dituzte. Alta, eskuin muturrari opariak eginez ere, eskuin muturrak bota du gobernamendua, eta hark du aldatu botoa. Gu hastapenetik kontra ginen, ez baitzen elkarrizketarik. Beraz, historikoa, berezia, eta gainera ez dugu gogo onez egin.
Zein da egoera momentu honetan?
Neurtzen dugu kezka badela jendartean, egoera larria dela argiki, baina arduraz hartzen dugu; eta, orain, ezkerretik eraikitzeko prest gaude, legez lege, proiektuz proiektu. Nik maiz Ipar Euskal Herriko eredua aipatzen dut. Hemen etxebizitzaren gaia denen artean eramaten dugu. Ez ditugu denek neurri berak eskatzen, baina amankomunean eramaten ditugun neurriak planteatzen dira, eta kontsentsu bat sortu da horren inguruan. Laborantza munduaren inguruan ere bai, laborantza lurren babesean ere bai. Gehiengo azkar bat bada horren inguruan, eta euskararen inguruan ere bai. Orduan, elkarlanean lortzen badugu hemen, Parisen ere fede onez ari bagara denak, pentsatzen dut eraikitzeko aukerak badirela.
Fronte Popularra osatzeko ados jarri ziren ezkerreko alderdi ezberdinak. Geroztik, gorabehera bat baino gehiago ikusi dira. Desadostasunak ageri dira, besteak beste, Alderdi Sozialistaren eta Frantzia Intsumisoaren artean.
Hauteskundeak izan zirelarik, Fronte Herritar horri batzuek astebete ematen zioten. Hor badira sei hilabete pasatu direnak, eta zentsura mozio bat bozkatu dugu denen artean, aho batez. Eta helburu berarekin: ezkerreko lehen ministro bat izendatzea. Badira ikuspuntu desberdin batzuk geroari begira, baina ez da lehen ministroari begira, baizik eta proiektu ezberdinak direla. Guk dugun ildoa da gizartearen eguneroko bizia hobetzea. Eta horren inguruan bada zer egin, bada zer eraiki, eta joko politikoaz gain, zinez jendarteak eta ezkerreko jendeak, baita besteek ere, eskuindarrek ere, behar dute etorkizun bat hobeagoa gaur dutena baino. Orduan, hori dugu helburu. Nik horretan lan egiten dut. Eta hemen Ipar Euskal Herrian aipatu diren gaiak, etxebizitza, laborantza mundua eta laborantza lurrak, euskararenak, horiek dira landu ditugun gaiak Parisen ere. Bide beretik segituko dut nik lan egiten.
Baina zehazki, zuk zer konfigurazio hobesten edo lehenesten duzu? Ezkerreko gobernu bat lortzea eta beharbada macronistekin hautsi-mautsi batzuk egitea, Macronen dimisioa bultzatzea...?
Ezkerreko gobernamendu bat eraiki behar da, irekia, eta proiektuz proiektu, legez lege, gehiengo osoak atzematen dituena. Gaur egun, egoera hauskorra da, ikusten da: finantza publikoak egoera txarrean dira; horretan baditugu neurriak. Batzuek sekulako diru zama metatu dute azken urte horietan, enpresek, baita pertsona batzuek ere, eta horiei esker eraiki behar dugu beste modelo sozial bat. Zerbitzu publiko azkarrak behar dira: beharrezkoa da. Beraz, hortik aterako da aterabidea. Macron kenduko balitz, berdin Marine Le Pen sartuko litzateke. Nik ez dut lehentasunik ikusten horretan. Lehen lehentasuna da jendartearen egoera hobetzea, gaur eta bihar.