«Errepublikaren aurkako fronte bat» eratzea leporatu dio Macronek oposizioari

«Eskuin muturrak eta ezker muturrak» Barnierren gobernua erorarazteko koalizio bat eratu izana gaitzetsi du presidenteak. Halaber, esan du «datozen egunetan» jakinaraziko duela nor izango den lehen ministro berria.

Macron, gaur telebista bidez egindako adierazpenean. TERESA SUAREZ / EFE
Macron, gaur telebista bidez egindako adierazpenean. TERESA SUAREZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Mikel Garcia Martikorena
2024ko abenduaren 5a
20:45
Entzun

Beste lehen ministro bat izendatu beharrean da Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Atzo, Asanblea Nazionalak Michel Barnier lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa onartu zuen, eta hura kargutik kendu. NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioak eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak bozkatu zuten gobernuburua kargugabetzearen alde. Macronek izendatzen duen lehen ministro berria bi bloke horietakoren batengana hurbiltzen ez bada, beste zentsura mozio bat izateko zorian egongo da —NFP eta RNren botoak batuta, Asanbleako gehiengo osoa dute —. Goizean, batzartu da Barnier Macronekin, eta bere dimisioa aurkeztu dio; jardunean arituko da gobernu berria osatu bitartean.

Testuinguru katramilatsu horretan egin du agerraldia Macronek, gauean telebista bidez igorritako adierazpen batean. Bertan, Barnierren gobernua erorarazteko «eskuin muturrak eta ezker muturrak errepublikaren aurkako fronte bat» eratu dutela azpimarratu du. NFPren parte diren alderdiei «anabasa» eragiten duen koalizio bat sortu izana leporatu die presidenteak, eta Frantziako herritarrek Asanblea Nazionalerako bozetan hartutako erabakiak «aldaketa politiko bat» eskatzen duela ondorioztatu du. Horregatik, eta «Konstituzioak Asanblearako hauteskundeetara berriz deitzea galarazten duenez», Asanbleako kideei eskatu die «beren lana» egin dezaten; hau da, negozia dezaten gobernu bideragarri bat lortzeko.

Gaur duela hiru hilabete izendatu zuen lehen ministroaren gobernua boterean ez mantentzean zenbait «erantzukizun» izan dituela onartu duen arren, nabarmendu du ez dituela bere gain hartuko «besteen ardurak». Gauzak horrela, presidentetza ez duela utziko jakinarazi du: «Ez dut kargua utziko. Bost urterako hautatu ninduzuen, eta epe hori guztiz beteko dut». Atzo RNko buruzagi Marine Le Penek eta NFPren parte den Frantzia Intsumisoko zenbait kidek adierazi zutenez, Macronek kargua utzi beharko luke. Adierazpen horiei lotuta, Macronen iritziz, orain arte oposizioa osatu duten bi talde horien helburua bakarra da: «Presidentetzarako hauteskundeetan pentsatzen dute soilik; horiek aurreratzen saiatzen ari dira».

Egunak aurrera egin ahala, Frantziako zein nazioarteko hedabideek hamaika hipotesi kaleratu dituzte gobernuburuak eman behar zuen mezuaren inguruan. Gehien hau zabaldu da: Macronek lehen ministro berria izendatzeko erabiliko zuela agerraldia. Izan ere, atzo herrialdeko hedabideek argitaratu zutenez, ministro ohi batek —ez zuten zehaztu nork— esan zuen «hurrengo 24 orduetan» jakinaraziko zuela presidenteak lehen ministro berriaren izena. Hipotesi hori, ordea, Macronek hitz egin baino minutu batzuk lehenago hasi da desegiten: AFP Agence France-Press Frantziako berri agentziak aukera hori ezeztatzen zuen informazioa argitaratu du. Macronek hitzaldian baieztatu du lehen ministro berri bat izendatuko duela «datozen egunetan».

Le Monde Frantziako egunkariak kaleratu berri duenez, estatuburuak bi izen ditu mahai gainean, PS Frantziako Alderdi Sozialistako kideak biak: Boris Vallaud eta Patrick Kanner. Haiekin biltzekoa da bihar.

Lehen ministro berri horri helburu nagusi bat ezarri dio estatuburuak: «Asanblearen oniritzia jaso dezaketen aurrekontu batzuk egitea». Ildo horretatik, presidenteak jakinarazi du Frantziako Parlamentuan «aurrekontuentzako lege berezi bat» aurkeztuko duela «abendu erdialderako». Lego berezi horrek aurtengo aurrekontuak 2025era luzatzeko aukera emango du: «Behin-behineko lege horrek zerbitzu publikoek eta herrialdeak bere horretan jarraitzea ahalbidetuko du».

Ezkerra zatitu

Gobernu berriak bizirik irauteko aukera bat izan liteke Barnierren aurka egin zuten bi blokeak zatitzea. Eta hori babestu du gaur Sebastien Lecornu Defentsa ministroak, RTL irrati katean. Lecornu LREM Errepublika Martxan alderdikoa da, hau da, Macronen alderdi berekoa; eta Frantziako hedabideek lehen ministro izateko hautagai nagusitzat daukate. Defentsa ministroak, ordea, gezurtatu egin du: «Ni ez naiz ezertarako hautagai». Lecornuk ziurtatu du beraien eginkizuna dela PS «posizioz aldaraztea», eta horiek macronistengana gerturatzea.

NFPk du aulki gehien Asanblea Nazionalean (182), eta horien artean 66 dira PSko diputatuak. 66 horiek ezkerreko blokea utziz gero, NFPk eta RNk gehiengo osoa galduko lukete. Hori horrela, Lecornuk esan du «ahal duten guztia» egin dutela sozialistak Frantzia Intsumisoarengandik urruntzeko. NFP koalizioaren barnean ordezkari gehien dituen alderdia da Frantzia Intsumisoa (71), baita Macronen aurkako jarrerarik gogorrena duena ere.

Erabakia azkar hartzeko eskatu dio Yaut Brau-Privet Asanblea Nazionaleko presidente eta Macronen alderdikideak estatuburuari. Harekin batzartu da gaur goizean, eta France Inter irrati katean esan du alderdi guztiekin hitz egiteko gai den lehen ministro bat behar duela Frantziak.

Mathilde Panot Frantzia Intsumisoko talde parlamentarioko presidentea ere mintzatu da gaur. LCI telebista katean ziurtatu du bere alderdiak ez duela babestuko NFPkoa ez den lehen ministrorik. Eta azpimarratu du Bernard Cazeneuve ez dela NFPkoa. Frantziako hedabideek Cazeneauve aipatzen dute lehen ministro kargua hartzeko hautagaien artean. 2016ko abendutik, 2017ko maiatzera lehen ministro izan zen. Orduan, PSko kidea zen, baina 2022an alderdi hori utzi zuen.

Panotek uste du presidenteak bere inguruko lehen ministro bat hautatzen badu «lehenago edo geroago» kargugabetu egingo dutela. Horregatik, NFP gobernatzeko prest dagoela jakinarazi du; eta, aldi berean, Macronen dimisioa eskatu du: «Frantziak ezin ditu beste hiru urte igaro hiru hilabetean behin lehen ministroa aldatuz». Panotentzat, irtenbide bakarra presidentetzarako hauteskundeak aurreratzea da.

Sozialistak, hitz egiteko prest

Sozialistek, berriz, elkarrizketarako deia egin diote estatuburuari. Oliver Faure PSko idazkari nagusiak, eta PSko talde parlamentarioko eta senatarien taldeko buruek sinatutako gutunean, Macroni eskatu diote batzartu dadila gaur ezkerreko koalizioko alderdietako buruzagiekin.

Ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egindako bozen ostean, alderdiek ez zuten egin gehiengo osoa osatzeko adinako akordiorik. Hori horrela, irailean, Macronek LR Errepublikanoak alderdi kontserbadoreko Barnier izendatu zuen gobernuburu. Orain, Barnier lehen ministro kargutik kendu ostean, LRk ez du hurrengo gobernuaren aurka egingo. Hori jakinarazi du LRko talde parlamentarioko presidente Laurent Wauquiezek gaur, France 2 telebista katean. Hartan parte hartuko ez balute ere, Wauquiezek ziurtatu du ez dutela gobernua osatzea «blokeatuko», ez dutela «[RNko buru] Marine Le Penek egin zuena» egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.