Ezkerreko alderdiek eskua luzatu diote Costari akordio bat egiteko

Portugalgo Alderdi Sozialistak 106 diputatu eskuratu ditu parlamentuan, eta prest agertu da 2015eko ituna «berritzeko edo zabaltzeko». Agintariak gaur hartuko du gobernua osatzeko ardura

Ezkerreko alderdiek eskua luzatu diote Costari akordio bat egiteko.
ander perez zala
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun

Portugalgo Alderdi Sozialistak (PS) ez du eskuratu gehiengo osoa, eta datozen egunotan mahai gainean egongo den galdera da norengana joko duen parlamentuan gehiengoa bermatzeko, duela lau urte baino indartuago baitago gaur egun. Azken legealdian gobernuaren sostengu izan diren Ezkerreko Blokea (BE) eta Alderdi Komunista (PCP) gobernabidea bermatzeko itun bat egitearen alde agertu ziren atzo, eta PSk ere baieztatu zuen asmoa duela hori «berritzeko edo zabaltzeko».

Antonio Costa jarduneko lehen ministroaren helburua zen gehiengo osoa lortzea herenegun egindako hauteskundeetan; hogei diputatu gehiago lortu arren, beharrezko 116 ordezkarietatik gertu geratu da, eta 230etik 106 izango ditu, behin-behineko emaitzen arabera —atzerriko botoen lau diputatuak izendatzeko daude—. Testuinguru horretan, Costak atzoko ordu txikietan jakinarazi zuen geringonça (tramankulua) deituriko akordio berritzearen alde egingo duela, eta norabide bera baieztatu zuen atzo eguerdian Augusto Santos Silva jarduneko Atzerriko Negozioen ministroak: «PS prest dago geringonça berritzeko edo beste alderdi politiko batzuetara zabaltzeko. Herritarrek mezu argia eman dute: egungo formula politikoarekin jarraitzea nahi dute».



2015ean bezala, datorren legealdian ere PSren (106), BEren (19) eta PCP-PEV koalizioaren (12) diputatuen baturak gehiengo osoa gainditzeko balioko lioke Costari, baina igandeko emaitzek ekuazio gehiago sortu dituzte gobernabideari begira: soilik BErekin akordioa egitea; soilik PCP-PEV koalizioarekin ados jartzea; edo, BErekin eta PCP-PEVekin ados jartzeaz gain, ordezkaritza lortu duten gainontzeko ezkerreko alderdiekin ere negoziatzea egonkortasun politikoa.

Hortaz, ahalik eta aukera eta babes handiena bereganatzeko zeregin horretan, jarduneko lehen ministroak negoziazioak abia litzake Pertsonak-Animaliak-Natura (PAN) alderdiarekin (4 diputatu ditu) eta Livrerekin ere (1), botoak behar dituenean horiengana jotzeko.

Negoziazioetan indar handiagoa izango du Costak, eta horretaz baliatuko da bere interesei hobekien datozkien akordioak egiteko. Geringonça berriz egiteaz gain, BEren buruzagi Catarina Martinsek atzo proposatu zuen «urtero berrikusiko» litzatekeen itun bat egitea, inbertsio publikoak handitzeko; PCPk zailago jarri zuen 2015eko ituna bigarrenez egitea, «helburu zehatzak» betetzearekin lotu baitzuen hori Jeronimo de Sousa komunisten buruzagiak.

Xede horiek lirateke, besteak beste, gutxiengo soldata 600 eurotik 850era igotzea, eta troikak —Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osaturikoa— sustaturiko lan erreforma amaitzea.

Hori bai, azken orduko aldaketarik ezean, Costak ez du koalizio gobernurik osatu nahiko: «Hobe da laguntasun on bat ezkontza txar batekin ez zapuztea», adierazi zuen iragan abuztuan, hauteskunde kanpaina hasi aurretik.

Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidentea gaur batzartuko da ordezkaritza eskuratu duten alderdi politikoekin, eta orduan emango dio Costari gobernua osatzeko ardura. Jarduneko lehen ministroak herritarren babesa positibotzat jo duen arren, datorren legealdirako kontuan hartu beharko du abstentzioa %45 izan dela —inoizko handiena parlamenturako bozetan—.

Eskuin muturra, lehenengoz

Herenegungo hauteskundeek 2015ekoen joeran sakondu dute: ezkerreko alderdiak gehiengoa dira ganberan. Horren erakusle da PSk eskuineko alderdi guztiak batuta baino diputatu gehiago eskuratu dituela.

Eskuineko alderdi nagusiak, Alderdi Sozial Demokratak (PSD), hamabi diputatu galdu ditu, eta 1983tik izandako emaitzarik txarrena izan zuen herenegun gauean, 77 ordezkari lortuta. Rui Rio buruzagiak, halere, ohartarazi zuen espero baino emaitza hobeak izan zirela: «Ez dugu bete helburua, baina ez da izan askok aurreikusi ziguten porrota: ez da izan porrot handirik. Pauso bat eman dugu konfiantza berriz konkistatzeko».

Aldiz, Zentro Demokratiko Sozialeko Alderdi demokristaua (CDS-PP) da barne krisian sartu dena. Assunçao Cristas buruzagiak dimisioa eman zuen igande gauean —18 ordezkaritik 5era jaitsi dira—, eta ezohiko kongresu bat egingo du egoera bideratzeko.

Aldi berean, eskuin muturra lehenengoz sartu da parlamentuan, Chega alderdiak diputatu bakarra lortu baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.