Ezkerreko Alderdiak, Linkspartei-k haize berria ekarri du Alemaniako eszena politiko zurrunera. Gerhard Schroeder kantzilerrak hauteskundeak aurreratuko zituela iragartzean, inork aurreikusi ahal izango ez zuen dinamismo bat sortu zen. Baziren ia bi urte ezkerreko fundazio batek bere burua ezagutzera eman zuela, baina ez zen espero bi alderdik alderdi bakarra osatzea hain denbora gutxian. Orain bada alderdi hori; SPDren ezkerreko indarra.
Aliantzaren buruzagitza bikote arraro batek osatzen du, Alemaniako bi hizlari karismatikoenetakoek: SPDko idazkari nagusi ohi Oskar Lafontainek eta PDSko buruzagi ohi Gregor Gisyk. Haien zuzendaritzapean, ziurtzat jotzen da Ezkerreko Alderdiak botoen %5 baino gehiago eskuratuko dituela Legebiltzarrerako bozetan eta hainbat diputatu izango dituela. Ekialdean sostengu handia dauka. PDS Sozialismo Demokratikoaren Alderdiak Ekialdeko Alemaniako alderdi komunistaren ondorengoek osatua eta WASG Lan eta Justizia Sozialerako Hauteskunde Alternatibak SPD utzi zuten ezkerreko militante sozial demokratak biltzen ditu sortu dute Ezkerreko Alderdia. Alderdi berriak babes handia jaso du herritarrengandik, bere oinarri politikoengatik: aberastasunen banaketa, Gobernuaren esku-hartze handiagoa eta herritar guztien egoera hobetzea, kapitalistena izan ezik. Schroederren erreforma ekonomikoek haserrea eragin zuten SPDko ezkerreko kideengan, sindikalistengan eta mugimendu sozialetan. Sindikatuen eta SPDren arteko harreman mugatuak izoztu egin ziren. Hala sortu zen WASG.
Gehiengoa jokoan
WASGen ustez, Schroederren politika tradizio sozial demokrataren kontra doa. PDSren sostengatzaileak kapitalismoaren aurka dauden ekialdeko alemaniarrak dira. Mecklenburg-Mendebaldeko Pomeranian eta Berlinen SPDrekin batera gobernatzeak izaera pragmatikoa eman dio PDSri, ordea.
PDSk eta Hauteskunde Alternatibak ezingo zuten herrialde osoko botoen %5 lortu bakarrik aurkeztuz gero. «Ez zukeen zentzurik izango PDSk eta WASGek, bakoitzak botoen %4,9 lortzea eta biak Legebiltzarretik kanpo geratzeak», azaldu zuen Lafontainek. Horregatik osatu zuten aliantza. Beste alde batetik, politika neoliberalak eragiten duen gero eta haserre handiagoaren ondorioa da. Alemaniaren berreraikuntza neoliberalaren aurkako protesta antolatuak murritzak izan dira, nahiz eta herritar asko eta asko diren horren aurka daudenak. Ordezkaritza krisi bat dago herrialdean: zenbait giro sozialetan jendea ez da ordezkatuta sentitzen. Ezinegon hori abstentzioaren bidez islatu izan da azken urteetan. Orain, badirudi herritar horiek sentitzen dutela ezkerreko alderdiaren alde bozkatuta adieraz dezaketela beren jarrera. Ezkerreko Alderdiak duen babesa agintean dagoen koalizioaren ahuleziak eragiten du. Horren lehenengo biktima SPD da. Kide kopuruaren galerak zilegitasun krisia eragin dio. Horrek agintetik kenduko du Schroeder eta aliantza gorri-berdearen amaiera ekarriko. CDU-CSUk eta FDPk horri behar bezainbesteko etekina aterako dioten ez dago hain argi. Merkelek eta Westerwellek irabazteko aukera guztiak dituzten arren, askok diote gobernu gorri-berdeak baino lehenago egingo dutela porrot. Baina gerta daiteke Merkel eta Westerwelle botoemaileen haserrearen bigarren biktikak izatea ere. Ezkerreko Alderdiak arrakasta handia badu, eskuinak gehiengo osoa lortzea eragotz dezake. Orduan, Koalizio Handia osatu beharko dute.
ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK
Ezkerraren itzulera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu