Zalaparta erabatekoa izan zen: Turingia estatuan, ezkerraren koalizio gobernua eragozteko, Batasun Kristau-Demokratak (CDU) Alderdi Demokratiko Askearen (FDP) hautagaiaren alde egin zuen. Bien baturak ez zuen gehiengorik ziurtatzen, baina ezustea Alemaniarentzako Alternatibak (AfD) eman zuen, liberalen hautagaiaren alde eginda. Eskuin muturra bakartzen eta harekin lan egiteari uko egiten aitzindari bilakatu zen herrialdean, Thomas Kemmerich FDPren hautagaiak karguari baiezkoa emateak erabat astindu zuen politika. Die Linkeko diputatu batek laburbildu zuen herritar askoren sentipena: agintari berriari loreak eskuetan eman beharrean, lurrera bota zizkion.
Gertakari horrek barne krisi bat sortzeko osagai guztiak zituen, eta hala gertatu zen. Ezohiko unea izan zen Alemanian, eta ezohikoa izan zen Angela Merkelek auzian esku hartu behar izatea ere; Annegret Kramp-Karrembauer CDUren presidente aukeratu zutenetik, Merkel kantziler izatera mugatu zen, haren ondorengoa politikoki prest egon zedin datorren urteko boz federaletarako. Kramp-Karrembauerrek, ordea, ez du jakin alderdiaren kontrola bereganatzen presidente karguan igaro duen urtebetean. Turingian gertaturikoa da horren erakusle: CDUren estatu horretako buruzagitzak erronka bota zion, ez zuelako arazorik ikusten eskuin muturrarekin batera botoa ematearekin. Merkelen presioa erabakigarria izan zen, Kemmerichek dimisioa eman baitzuen.
Zuzendaritza zentralaren eta Turingiakoaren arteko talka ez da horretara mugatu: datorren asteko asteazkenean, Turingiako Parlamentuak berriz egingo du inbestidura bozketa, eta Die Linkeren, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) eta ekologisten koalizioak CDUren babesa jasoko du agintera itzultzeko. Merkelen alderdiak iragan asteburuan behartu zuen akordioa, eta Turingiako zuzendaritzak haserre hartu zuen agindua. Hori bai, koalizioak urtebete iraungo du agintean, datorren urtean berriz egingo baitituzte bozak.
Egoera konplexua
Eskuin muturraren botoek eragindako krisiak ere aurretik eraman du CDUren Turingiako presidentea. Mike Mohringek iragan igandean jakinarazi zuen dimisioa emango duela: «Ni aurkeztu nintzen Turingiako ezkerreko hirutariko gobernuarekin amaitzeko. [Martxoko inbestidurarako] Akordioa ez dator bat kanpainan esandakoarekin». Dimisio horrek frogatzen du egoera konplexua izan dela alderdiarentzat, azken kongresuan erabaki baitzuen ez zutela lan egingo ez AfDrekin ezta Die Linkerekin ere. Bada, martxoaren 4rako bi alderdi horiekin batera bozkatuko dute bina inbestiduratan.
Zalaparta horri guztiari gehitu behar zaio iragan asteburuko Hanburgoko bozetan CDUk botoen %11,2 jaso zituela, eta 20 diputatutik 15era jaitsi zen; inoizko emaitzarik txarrenak izan ziren. Estatu horretan ere ezkerra izan zen garaile: SDPk jaso zuen boto gehien —%39,2—, eta haren atzetik, ekologistek —%24.2—.
Ezkerraren garaipenak, CDUren krisiaren eragile
Merkelen alderdiari identitate krisia piztu zaio Die Linke, ekologistak eta SPD nagusi diren landerretako bozen ostean. Turingian inbestidura saioa dute martxoaren 4an, eta demokristauek indar horiek babestuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu