Itxuraz paradoxikoa ematen duen zerbait gerta daiteke etzi Alemanian: SPDtik ezkerrera dauden alderdiak 2021ean baino zatituago joatea, baina hala ere emaitza hobeak lortzea. Beste kontu bat da boto gehigarri horiek aulkietan isla izango ote duten, %5en langatik gertu geratuko baitira Die Linke (Ezkerra) eta BSW Bundnis Sarah Wagenknecht.
Duela gutxi arte kinka txarrean zegoen Die Linke: buruzagi andana galdu zuen 2024an BSW sortu zenean, eta oso emaitza kaskarra lortu zuen Europako Parlamenturako hauteskundeetan —horretan ere BSWren mesedetan—. Baina kanpainak on egin die nabarmen, eta, inkestei erreparatuz gero, gora egin du haien aldeko boto asmoak: %3 zen abenduan, eta %7rainokoa ere eman diote azken inkestetan.
Inkesten bultzadarekin batera, militanteak ere iritsi dira Die Linkera. Kideen galera, eten ez ezik, handitu egin dute: 20.000 lortu dituzte azken asteetan, eta 81.000 dituzte, inoizko gehien. Batez besteko adina 28 urtekoa denez, argi dago gazteak erakarri ahal izan dituztela. Haien azken mitinean, Berlingo Kosmos aretoan, Karl Marx hiribidean, gazteak izan dira ikusleetako asko eta asko.
Ikusi gehiago

Azken orduko olatuak ezustean hartu du Die Linke. %5en langa gainditzea zaila zela ikusita, alderdiak Bodo Ramelow, Grigor Gysi eta Dietmar Bartsch buruzagi beteranoengan jarri zuen itxaropena, eta uste zuen horiei esker lortuko zuela Bundestagen jarraitzea.
Izan ere, Alemaniako hauteskunde sistema bikoitza da: herrialdea 299 barrutitan banatuta dago, eta bakoitzean boto gehien lortzen duenak aulki bat lortzen du, baina beste boto bat ere badago, alderdiko zerrendari dagokiona, eta horretan gutxienez %5 gainditu behar da aulkien banaketan sartzeko. Baina arau horrek salbuespen bat du: gutxienez hiru barrutitan irabazten duena aulkien banaketan sartzen da. 2021ean horrela lortu zuen Die Linkek Bundestagen sartzea botoen %4,9 lortuta, eta hasieran uste zen aurten ere hori izango zela bidea.
BSWk, ordea, ez du barruti bakar batean faborito den inor, eta horrek zaildu egiten du haren bidea. Hedabideen tratu txarrari egotzi izan dio errua Sarah Wagenknecht liderrak, nahiz eta bera sarri agertu izan den mota guztietako saio politikoetan.

Berez, haien programari erreparatuta, zaila dirudi sinistea bi taldeek erro bera dutela. Ezkerraren lelo nagusiak azaltzen dira Die Linkeren programan: gastu soziala, etxebizitza eskasia, kontzientzia ekologista, feminismoa, migratzaileak babestea...Europako Parlamentuan Ezkerra taldearen barruan dago, EH Bildurekin, Frantzia Intsumisoarekin, Sumarrekin eta Podemosekin batera.
Zuhaitz beretik etorri arren, beste zur bateko ezpala bilakatu da BSW. Gastu sozial handiagoa eskatzen du, baina beste gai batzuetan bat egiten du kontserbadoreen jarrerarekin: ez du denbora askorik galdu nahi generoaren arloan, ezta ingurumenean ere, Wagenkechtek esan izan baitu gai horiek ez zeudela langile klase tradizionalaren kezken artean.
«Garai bateko alderdi sozialdemokrataren antz handiagoa daukate, 1960ko eta 1970eko SPDren antza», azaldu du Andreas Schafer Humboldt unibertsitateko zientzia politikoetako irakasleak. Formula egokia izan daiteke hori batez ere ekialdeko alemanian eta AfDra jotzeko tentaldia izan dezaketenen artean.

Aldi berean, haien ihesak mesede egin dio Die Linkeri. «Orain gauzak garbiago ditu. Lehen iritzi kontrajarriak zituzten immigrazioan, aniztasunean...», azaldu du Schaferrek.
Wagenknecht 2015ean hasi zen Die Linketik urruntzen. Urte hartan, ezkerreko alderdiak ontzat hartu zuen Siriako gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuei atea irekitzea, baina Wagenknecht ez zegoen ados. Ukrainako gerra hastean, beste arrakala bat zabaldu zen: Die Linke Ukrainaren alde jarri zen, NATO eta armamentismioa kritikatzeari utzi gabe, baina Wagenknechtek «ildo bakezaleari» jarraitu dio, edo Errusia zuritzekoari, kritikoen iritzian.
Sutsuki arbuiatu du Ukrainari armak bidaltzea, eta eskatu du gerra negoziazioen bitartez geratzeko. Horretan ados dago Die Linke, baina ñabardura handi batekin: «Bakea bidezkoa bada soilik izango da bakea. Errusiako tropek Ukraina utzi behar dute, eta, bake prozesuaren amaieran, segurtasun berme fidagarriak izan behar dira Ukrainarentzat».