Bost urtez oposizioan egon ostean, ezkerreko Fronte Zabalak presidentetzarako hauteskundeak irabazi ditu Uruguain. Atzo bozkatu zuten herrialdean presidentea hautatzeko, bigarren itzulian, eta botoen %98,65 zenbatuta, Yamandu Orsi izan da garaile; horrela, Uruguaiko presidente izango da 2025etik 2030era, ondo bidean. Herrialdeko Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, 90.000 boto baino gehiagoren aldearekin gailendu zaio Orsi gaur egun gobernuan dagoen Alderdi Nazionaleko hautagai Alvaro Delgadori. 1985ean diktadura militarra amaitu zenetik, Uruguaiko ezkerreko hirugarren presidentea izango da Orsi.
Bozen bigarren itzulia izan zen atzokoa, urriaren 27an egindako hauteskundeetan ezein hautagaik ez baitzuen lortu gehiengorik; eta, oraingoan, botoa emateko eskubidea duten 2,7 milioi herritarretik, 1.179.454k eman diote botoa hautagai ezkertiarrari; hau da, botoa eman dutenen %49,5ek —Uruguain legez botoa ematera beharturik dauden arren, hautetsontzietara deiturik zeudenen %89,4k eman dute botoa—. Delgadok, berriz, botoen %46,9 eskuratu ditu, eta Orsi zoriondu du. Emaitzak jakinarazi ostean egindako adierazpenetan esan du bozak galdu izan arren ez direla «garaituak» izan: «Gauza bat da hauteskundeak galtzea, eta beste bat, garaitua izatea. Ez gaude lur jota».
Bi hautagaien arteko aldea txikia izanik, aurkari politikoaren iritziak kontuan izango dituela esan du presidente hautatuak. Garaipena aldarrikatzeko asmoz gaur goizaldean egin duen adierazpenean Uruguairentzako «emaitzarik onenak lortzeko elkarrizketa nazionala» sustatuko duela jakinarazi du Orsik: «Gure planteamenduetatik abiarazita baina besteek esaten digutena kontuan hartuz gobernatuko dut». Ezustekorik izan ezean, martxoaren 1ean izendatuko dute presidente.
Presidentetzako lehian garaipena lortzeaz gain, Senatuan —30 ordezkari— gehiengoa izango du Fronte Zabalak. Ordezkarien Ganberan —99 ordezkari—, ostera, ezein alderdik ez du gehiengorik izango.
Pepe Mujicaren ildokoa da Orsi, eta haren lekukoa hartu du herrialdeko ezkerraren gidaritzan. Fronte Zabala agintean izan zen 2005etik 2020ra, Mujica eta Tabare Vazquezekin, eta, orain, gobernura itzuliko da justizia sozialean, garapen iraunkorrean eta batasun nazionalean oinarrituriko programa batekin. 6 urtetik beherakoen %20 inguru pobrezian bizi dira Uruguain, eta pobrezia horri aurre egiteko kanpainako aldarriak errepikatu ditu goizaldean Orsik: «Hazkuntza nazionalaren presidentea izango naiz eta gizarte integratuago bat eraikiko dut».
Canelonestik presidentetzara
Ikasketaz Historia irakaslea da Orsi, baina azken bederatzi urteak Canelones sorterriko departamentuko intendentea izan da; hau da, probintziako gobernadore baten baliokidea den kargu bat. Are gehiago, 2025era arte zen karguan egotekoa; aurten, baina, kargua utzi eta presidentetzarako aurkeztea erabaki zuen.
1967an jaio zen presidente hautatua, eta, aurreneko urteetan landa eremuan bizi izan zen arren —bere aita nekazaria zen—, bost urterekin hirira joan zen bizitzera. Familia txiro batean hazitakoa da, eta gaztea zela diktadura militarrean (1973-1985) murgildurik egon zen Uruguai, eta Orsi ezkerreko mugimendu politikoetan mugitzen hasi zen. 1989an Pepe Mujicak sortutako MPP Parte Hartze Popularreko Mugimenduan izena eman zuen.
Parte hartze politiko horren inguruan mintzatu zen atzo, botoa eman zuenean: «Militantea izango naiz bizitza osoan, eta beti hartuko dut parte politikan».
Zorion mezuak
Kolonbiako presidente Gustavo Petrok Orsi zoriondu du, eta haren garaipenak «Latinoamerikako herriaren aldatzeko gogoa» islatzen duela adierazi du. Antzera mintzatu da Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva, Lula. X sare sozialean argitaratu duen mezu batean esan duenez, «Latinoamerika osoaren garaipen bat» izan da Orsirena. «Garapen justuaren eta jasangarriaren, bakearen eta eskualdeen integrazioaren alde arituko gara elkarlanean», gaineratu du Lulak.
Zorion mezuak ez dira soilik ezkerrak gobernatzen duen herrialdeetakoak. Javier Milei eskuin muturreko presidentea duen Argentinako Gobernuak «elkarrekin lan egiteko konpromisoa» eskaini dio Orsiri. Gobernuaren izenean zabaldu dute mezua, Javier Milei presidenteak ez baitu mezu propiorik zabaldu.